Labanak, etorkinak, segurtasuna eta arrazakeria
Herri lasai batean bizi naiz. Zorteduna sentitzen naiz horregatik. Euskal herriko herri gehientsuenetan bezala, lasai bizitzeko motiboak ditugu. Hainbatetan kotxea irekita utzi eta bizpahiru egunetara berdin aurkitzea; nire etxeko ateari giltzarekin bigarren buelta ez eman beharra. Esango nuke ez diodala bigarren buelta hori ematen segurtasun sentsazioaren konstatazio huts gisa. Atea irekita jaitsi izan naiz organikoaren kuboa jaistera etxeko txapinetan gauez. Alabak parrandara ateratzen direnean, herrian geratzen badira, lo sakonean aurkituko naute etxeratzean, lasai lo egin dezakedan sentsazioarekin. Alabek lasai eros ditzakete zapatak auzoko dendan edo letxuga frutategian dirurik gabe. Dendariek badakite gurasoak pasatuko garela hurrengo egunean ordaintzera. Txikitatik dituzte etxeko giltzak eta erabateko autonomia herrian zehar ibiltzeko. Eta auzokoak bere umearen berri galdetzen badizu esango diozu han edo beste nonbaiten ikusi duzula eta, beraz, haur bahiketa baten probabilitatea ia ez dago ama horren buruan.
Luxu bat da; bizitzari kalitatea ematen dio honelako toki batean bizitzeak. Aske, lasai, eroso. Ziur naiz sentsazio hori dugula nire herrian edo antzekoetan bizi garen herritar gehienok. Eta horretarako motibo objektiboak ditugu.
Izan ere, Ertzaintzak urtero egiten dituen estatistiken arabera (azkenak 2023koak dira), nire herria 1.000 biztanleko zigor arau-hauste kopuruen maila baxuenean dago, 20z azpitik kokatuz. Huskeria bat edozein ikuspuntutik begiratuta eta harro eta lasai egoteko datua, dudarik gabe.
Nire herrian udaltzainak ditugu. Gertutasuna eta laguntza eskaintzen duten horietakoak, fidagarriak eta oro har esango nuke profesional onak. Pertsona abegikorrak dira, tarteka jartzen dituzten isunak gorabehera, autoritatea modu egokian ezartzen dutenak herriak ordena bat eta segurtasuna izan ditzan. Ez dute gauez lanik egiten. Beharrik ere ez. Ertzaintzaren komisaria bat 10 minutura dugu.
Nire herrian, beste askotan bezala, etorkinen populazioa handituz joan da azken urteotan. Herri industrializatua izanik, egiturazko langabezia-tasa baino ez duena, etorkinak industriara baino ostalaritza eta zaintzara bideratu dira. Horretaz gain, Zehar- Errefuxiatuekin elkarteak kudeatutako zentro bat ireki zuen Eusko Jaurlaritzak 2018ko irailean. Errefuxiatuentzako lehen arreta zentro bat da, 20 herritartasun ezberdineko 100 pertsonatik gora jasotzen dituena. Irekiera ekitaldian herriko beste ehundaka kiderekin batera harrera beroa egin genien. Gaurdaino, sei urte pasatxo hauetan ez da modu ofizialean bederen arazorik egon. Are gehiago, haur batzuk herrian integratu dira, helduagoek herritarrekin harremanak egin dituzte eta batzuek aurrerago bizi proiektua hemen egiteko gogoa erakutsi dute, burokratek urrun eraman dituzten arren.
Esango nuke guztion artean komunitate bat eraiki dugula, elkarbizitza lasai eta harmoniatsu batean bizi kalitate altuko herria atxikiz.
Elkarbizitza lasai hori, lasaitasun eta segurtasun sentsazioaren gaineko kontsentsua, iragan abenduaren 31n hautsi dela esango nuke. Eta horren ondorioak ikusteko daude oraindik. Gizon beltz batek, Gabon zahar gauean labanarekin kalera atera, eta bost pertsona zauritu zituen. Horrek herrian zegoen giroa nahastu du. Ezker-eskuin bektoreetan, gazte eta zahar, aberats nahiz langile... diskurtso beldurgarriak gailendu dira. Ezkutuan, hor nonbait urteetan egosten joan diren teoriak eta iritziak nabarmen azaleratu dira.
Batzuk, pertsona delitugilearen gaineko fokuari lotutakoak, arrazakeriaz lotsagabetuak, etorkinen aurkako diskurtsoa... Etorkinak eta delinkuentzia ezkontzera bideratuak. Beltza izateagatik kartzelatuko ez zutela ziotenak ere baziren bizitzako bigarren hamarkada amaitu gabeak izanik ere, kasu honetan estatistikek kontrakoa dioten arren.
Besteak, segurtasunari lotutakoak. Polizia gehiago behar omen da, gauetan, kaleetan. Esan beharra dago Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak oso berandu iritsi zirela, beranduegi zaurituen egoera larriagoa izan balitz eta herritarrek tipoa geldiarazi-atxilotu ez balute. Baina gauza bat da poliziaren jarduera eragikortasunik gabea kritikatzea eta bestea, Europako polizia ratiorik handiena duen herrialdean polizia gehiago eskatzea.
Diskurtso hauetan medioek ez zuten lagundu, nola ez. Morboa, horikeria eta albisterik ezean herri bateko gertaera bati tamaina horretako dimentsioa ematea berriro ere arduragabekeria itzela izan zen. Testuinguru horretan gure herriko alkatearen hitz zentzudunak manipulatu ziren (biktimekiko gertutasuna erakusteaz gain, ezbeharrezko gertaera puntual bat izan zela esan zuen), arduraz jokatzea eta segurtasunaren gaiarekin ez hiperbentilatzea gaizki balego lez. Horren aurrean, EAJk atera zuen komunikatua osorik erreproduzitu zuten hainbat hedabidek, EH Bilduko alkatea egurtu ondoren.
Segurtasunarekin eta, modu sibilinoago batean, arrazakeriarekin jolastea arriskutsua iruditzen zait oso. Tentu handiz ibili beharko lirateke hedabideak eta hainbat alderdi gai honi behar besteko ardurarekin ez erantzutean, horren bilakaerak sor ditzakeen albo-kalteak ikusteke baitaude oraindik. Faxistak gero eta lotsagalduago dauden honetan gutxieneko kontsentsu demokratikoekin apurtzea ekar baitezake eta behin langa horiek pasata (eta azkarregi pasatzen ari dira), atzera bueltatzeak hamarkadak suposa baititzake.
Diskurtso horiekin lerrokatzen ez garenok, berriz, gure konfort zona politikoki egokietatik atera eta diskurtso errealistagoak egiteko betebehar politikoa dugula esango nuke. “Dato mata relato” tristeak ez du balio, jendearen pertzepzioak bestelakoak badira... eta, gainera, eta, egiari zor, ez badira errealitatetik guztiz at daudenak. Segurtasunaren eta immigrazioaren gaia konplexutasun osoan aztertu bai baina soluzioak mahai gainean jarri beharrean gaude, bake tentso honek ez dezan eztanda egin.