Langtang: tragedia baten gestioa
Apirilaren 25etik maiatzaren 2ra bitartean Langtang bailaran (Nepal) bizitako gertaerak kontatu nahi ditugu. Bizitako ezbehar eta gertaeraren larritasuna ezin daiteke lerro gutxitan jaso, baina bertan gertatu zenaren berri eman nahi dugu.
2015eko apirilaren 25ean, Langtang bailarako trekking ezaguna egiten geunden. Trekking hau primerako ibilaldia da Langtang bailara ederra ezagutzeko, edonork egiteko modukoa. Inguruko zortzimilakoekin alderatuz mendi edo eskalada ezagutza berezirik eskatzen ez duenez, bertaratzen diren mendizaleek ez dute arrisku neurri berezirik hartu behar, blog batzuetan irakurri ahal izan den bezala. Esan beharra dago, Langtangeko trekkinga Nepaleko diru iturri garrantzitsuenetarikoa dela.
7.30ean Langtang herritik (3.430 m) abiatu ginen Kianjin Gumbara (3.830 m). 10.00ak aldera iritsi ginen eta herriko lodge (ostatu) batera joan ginen logela bat alokatzeko asmotan. Logelan motxila prestatzen hasi ginen lehenbailehen ibilbidean zehar dagoen Kyanjin Ri (4.773 m) mendira igotzeko. Baina 11.30 aldera gero eta handiagoa zen lurrikara handi bat sentitzen hasi ginen eta logelako sabaia eta paretak gure gainera erori ziren. Korrika batean eskaileretatik behera kanpora atera ginen, dardara baino lehen lodgeko sukaldean zeudenekin elkartuta.
Lurrikarak gutxi gorabehera minutu eta erdi iraun zuen. Dardara eten eta minutu erdi beranduago, mendietatik ziztu biziz eta indar handiz Kianjin Gumbara zetorren hodei txuri erraldoi bat ikusi genuen. Bere bidean iluntasuna bakarrik uzten zuen heinean, zetorkigun elur-, izotz- eta harri-jausi horren aurrean inongo babesik gabe, lodgearen aurrealdean geratu ginen. Minutu luze hartan lurrera bota eta mota askotariko materiala zeraman elur-jausi tankerako horrek zeharo txuri utzi gintuen.
Behin bukatuta, gure inguruan utzi zuen ikuspegi tamalgarriari erreparatu genion: lodge gehienak suntsituak, hildako asko hondakinen artean eta bizirik zeudenak, dena galdu zutelarik. Gure gauzak berreskuratu ondoren eta Kianjin Gumba trekkingeko herririk altuena zela kontuan hartuta, lurrikara bertan bakarrik sentitu zelako ustearekin Langtang herrira abiatu ginen laguntza eske. Sei pertsonako talde bat jaitsi ginen, zamaketari nepaldar bat eta ezer gabe geratu ziren bi kanadar tartean. Azken hauei gure arropak utzi genizkien. Baina, usteak erdia ustel. Langtangera iritsi ginenean egoeraren larritasunaz ohartu ginen. Kianjin Gumba baino okerrago zegoen. Lurrikararen ondorengo elur-jausiak herria erabat suntsitu zuen. Malda batetik erori zen elur-jausiaren uhin hedakorrak beste maldaren kontra egin, eta bidean topatu zuen guztia suntsitu zuen. Bertan aurkitzen ziren 250 pertsonetatik 20 bakarrik atera ziren bizirik. Egoera hori izanik, Shyaprubesira jaistea erabaki genuen, trekkingaren abiapuntura, baina berehala ohartu ginen ezinezkoa zela, elur-jausiak dena estali baitzuen.
Langtang gainaldeko muino batean erdi zutik geratu zen lodge bakarrean babestu ginen. Bertan 150 elkartu ginen, nepaldar eta mendebaldarrak. Egoera oso larria zen, hainbat zauritu larri zeuden handik ateratzeko premiarekin. Aurpegia desitxuratua zuen neska bat atera genuen. Ez geneukan ez urik ez janaririk. Gaua igarotzeko ahal izan genuen moduan prestatu ginen sabairik gabeko lodge hartan. Gau osoa euripean eman genuen eta lurrikararen erreplikak etengabeak ziren.
Apirilaren 26 goizean helikoptero militar bat agertu zen sei militarrekin. 15 pertsona eraman zituzten eta nahiz eta sendagaiak ekarri, ez zuten ez janaririk ez urik ekarri. Lau militar gurekin geratu ziren gaua pasatzen. Apirilaren 27an bertan geunden mendebaldarrek talde bat osatu genuen Lantangera jaisteko janari, ur eta arropa bila. Bueltako bidean, mendi artean ubide bat topatu genuen eta 25 litroko bidoi bat bete genuen. Egunean zehar 15 pertsona atera zituzten helikopteroz, horien artean neska alemaniar bat, zeinak bertan geundenen izenak zerrenda batean jaso eta ondoren internet bidez sare sozialetan argitaratu zituen. Horri esker, gure senideak gure berri izaten hasi ziren.
Arratsaldean, Nepalgo helikoptero bat iritsi zen, eta ekarritako sendagaiak eta lau militarrak eraman zituen, beste zauriturik eraman gabe. Bakarrik geratu ginen. Baldintza horietan, inongo kanpo laguntzarik gabe. Apirilaren 28an Israelgo helikoptero bat agertu zen erreskateko pertsona batekin bertako egoera jasotzeko: 3.500 metrora janari eta arropa gutxirekin geunden 80 mendebaldar eta 15 nepaldar. Gurekin igaro zuen gau euritsu hura handik ateratzeko kudeaketa aurrera eramateko ahaleginak egiten. Apirilaren 29an, lurrikara izan eta bosgarren egunean, helikoptero militarra, 20 pertsonako taldeetan, erreskatearekin hasi zen Langtang-Ghodatabela-Dhunche (1.900m) bidea eginez. Ia Langtang bailara osoko biztanleak atera zituzten, bertan geratu nahi izan zutenak izan ezik.
Dhuncheko base militarrera eraman gintuzten. Gure harridurarako ez zegoen inolako hornidurarik. Danimarkako, Norvegiako eta Suediako enbaxadek beren herritarren etxeratzea kudeatu zuten. Berehala Nepaleko kontsuletxe espainiarrarekin harremanetan jarri ginen, gure datuak, gure egoeraren berri eta bertan geunden espainiarren kopurua emanez. Ondoren, gure senideekin hitz egin genuen. Gaua lurrean jarritako plastiko batzuen gainean igaro genuen.
Apirilaren 30ean kontsuletxera deitu genuen bitan. Gure harridurarako gure datuak eta kokapena eskatu zizkiguten berriro ere. Egun horretan, Frantzia eta Belgikako enbaxadek beraien herritarrak Katmandura eraman zituzten. Lurrikararen erreplikak izan ziren berriro eta Dhunche eta Katmandu arteko errepideen egoera eskasa zela eta, Katmandura iristea ezinezkoa zen helikopteroz ez bazen. Dhunchetik oinez ateratzea oso arriskutsua zen. Neska bat Katmandura iristeko ahaleginean bidean hil zenaren berri izan genuen. Kontsuletxean gure egoeraren larritasunaz ohartarazten saiatzen ginen bitartean, gure senitartekoekin harremanetan egon ginen. Senitartekoek enbaxadarekin harremanetan jardun zuten gu handik ateratzeko, baina ez zuten inolako irtenbiderik lortu. Aldi berean, gure euskal federazioko mendi aseguru-etxearekin kudeaketak egiten hasi ziren.
Maiatzaren 1ean, immobilismo horren aurrean eta gure egoera larria zenez, senitartekoek kudeatuta Katmandura iristeko lehenengo herrira, Trisulira, eramango gintuen helikoptero bat izango genuela jakinarazi ziguten. Goizeko 10.30ean helikopteroak hartu gintuen eta ordu erdian Trisulira iritsi ginen. Bertan, ez zegoen inolako garraiobiderik Katmandura iristeko. Gure zorionerako Katmandura zihoan israeldar talde batek beraien autobus pribatuan bidaiatzeko aukera eskaini zigun. Maiatzaren 2an Gasteizera iritsi ginen.
Lurrikarak utzitako 7.000tik gora hildakoak, milaka zaurituak eta desplazatuak dira albistea eta horrela gogoratu nahi dugu. Nepalen gertatutakoaren tragedia hemen ere, gure artean dugu, beste dimentsio batean eta hain mediatikoa ez izan arren, beraien senitartekoak gehiago ikusiko ez dituzten familietan. Familia horientzat aro gogor bat irekiko da, baita etxera itzuli garenontzat ere. Bizi eta sentitu dugun babesik eza, inpotentzia, instituzioen aldetiko ordezkari eta informaziorik eza ere presente egongo da gure dolua bizitzean. Honekin, gertatukoaren berri eman eta gertaeren kudeaketaren inguruan gogoeta sakon eta konstruktibo batera bultzatu nahi dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gure egoeraren berri eman duten hedabide guztiei eta bereziki gure familia, lagun, Arabako Euskal Federazio eta gure etxeratzea ahalbidetu duen pertsona orori. Eskertu eta omendu nahi ditugu ere Nepalgo lurrikararen ondorioz kaltetutako espainiar familiek sortutako plataforma eta “Langtang missing/found people” taldea, egindako kudeaketagatik. Giza sare hauek oso eraginkorrak izateaz gain, euskarri handikoak izan dira kaltetutako familia eta lagun askorentzat. Gure besarkada beroena, batez ere, oraindik desagertuta dauden zazpi espainiarren senitartekoei. Aldi berean, Langtang bailaran 5 egunez gurekin batera bizirauten egon direnak gogoratu nahi ditugu, non ziurta dezakegun elkartasunak suntsipena garaitu duela. Elkartasun horrek jaso gabeko babesaren lekua bete du.