Pepe Turrillas, Martxel Toledo
ESAITeko kideak

Leitza, Lekunberri, Araitz,... Milesker guztioi

ESAITen izenpean eta Udala eta Plazaola Partzuergo turistikoaren babesarekin, larunbatean Leitzan, EHME, 65 km. mendi lasterketa jokatu zen. Eta eguraldi aldetik suerte handirik ez bagenuen izan ere, azken hilabeteetako bilakaerari jarraituz oso petral portatu zelako, probak aurreikusitako helburu guztiak bete ditu, bai partehartze aldetik aurretik izena emandakoak bataz beste 550 izan zirelako, zein antolakuntza mailan, korrikalariak oso inpresio onarekin eta gustura gelditu zirelako. Beraz, bi hitzetan esateko, EHME 2013 edizioa oso arrakastatsua izan da.

ESAIT, 1996ko udaran sortutako herri eragile sozial bat izanik, urte hauetan euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko hainbat ekimen antolatzearekin batera, selekzioaren eguna, mendi martxak, iratiko zikloturista itzulia besteak beste, Euskal Herriko txapelketak babestu eta bultzatu izan ditu. Batik bat, Federazio arloan egun dagoen egituraketak, antolaketa eta barne araudiak, nazio izaera dituzten kirol txapelketa ofizialik onartzen ez dituelako. Eta gabezi hori oinarri hartuta, badira urte batzuk, Euskal Herriko izaera duten txapelketak babestu eta bultzatzen ditugula.

Euskal Herria, zazpi herrialdek osatutako nazio bat dela desitxuratzeko aukera asko egon daitezke eta zoritxarrez, kirolak ere tresna gisa zeregin horretan bere zerikusia dauka, bere papera jokatzen du, aipatu egituraketa hori dela eta, egunerokotasunean gurean oso logikotzat ematen baita EAEko kirol federazioek antolatutako txapelketa ofizialetan Iparraldeko edo Nafarroako kirolariei parte hartzen ez uztea. Edota, parte hartuz gero, bulego araudia aplikatuz, bere izerdiarekin lortutakoa, ezerezean gelditzea, aipatu federazio horien araudietan, nortasun gisa , euskal kirolaria, soilik, Araba, Bizkaia edota Gipuzkoako federazioen kirol lizentzia dutenenak kontsideratzen dituztelako. Beraz, Euskadiko Federazioen araudietan oinarrituta, konklusio gisa atera daitekeena zera da, Nafarroa Garaia edota Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherako kirolariak ez direla euskal herritarrak. Eta hori, gezurra izateaz gain, euskal herritarrentzat iraingarria ere bada. Eta berdin edo antzeko zerbait gertatzen da, Nafarroako Federazioek antolatutako txapelketa ofizialetan, beste herrialdetako euskal kirolariek ezin dutelako bertan parte hartu. Esan gabe doa, Iparraldean oraindik egoera okerrago batean aurkitzen garela, euskal izaera duen kirol federaziorik ez delako existitzen. Beraz, ondorioa garbia da, Euskal Herria aintzat hartuta, ofizialki eta federazioen eskutik ez dira gure herrian txapelketarik antolatzen.

Beraz, aipatu guztia kontuan hartuta eta zazpi herrialdeko nazio ikuspegitik abiatuta, saiakera horretan, inoiz baino argiago ikusten dugu euskal izaera duten lehiaketak babestea edota antolatzea, besteak beste, aipatu urraketa horiek ahal den neurrian ekiditzeko. Horregatik, hasieratik EHME, bere izenak dioen modura, guztiontzat izugarrizko erronka bihurtu da, lehiaketa hutsetik haratago joanda, kirola bidelagun hartuta euskal nortasuna indartzeko jaio berria den aukera izateaz gain, edukiaz osatutako benetako erronka delako.

Hasieran aipatu bezala, larunbatean Leitzan antolatutako EHME oso arrakastatsua izan bazen, batik bat, Leitza, Lekunberri, Araitz eta inguruko herritako 250 bat herritarrei esker izan zen, egun hauetan buru belarri antolakuntzan zeharo inplikatuta ‘bolondresek’, izugarrizko lana egin dutelako. Horregatik, guztiei, ESAITek publikoki zoriontzeaz gain bere esker ona adierazi nahi die, auzolanean arituz demostratu dutelako, EHME, erronka handia izan arren, aipatu herritarrek determinazioa eta gaitasuna dutela horrelako ekimenak eta handiagoak ere aurrera ateratzeko. Espero dugu, aurtengoan ikusi eta jasotako laguntzaren arabera , datorrenean ere, guztiontzat EHME proiektua helburu izaten jarraituko duela eta aurrean dugun erronkari, berriro ere elkarlanean aurten bezain txukun eta bikain erantzungo diogula.

Beraz, mila esker guztioi eta animo! EHMEren 2. ediziorako gutxiago falta da eta.

Buscar