Floren Aoiz
www.elomendia.com

#libre herri librean izan nahi dugulako

Madrilen idatzi dut gaurko zutabetxoa. Ez nago oporretan, alta. Egunen batean, sasiturismo errepresiboari, hau da, epaiketetara, kartzeletera eta halokoetara egindako bidaiei izan bat jarriko dio norbaitek, eta hala izanen da ordutik aurrera. Oraingoz gertatu ez denez, esanen dut, sinpleki, espainiar epaileen mehatxupean nagoela Madrilen, hau idaztean.

Tropelan etorri gara oraingoan. 150 auziperatu eta kultur elkarte ordezkariak, lagunak, familiarrak, kazetariak, elkartasuna adierazteko etorritako ordezkari politikoak… Hau koadrila ederra, espainiar polizien aurrean bilduta, epaiketara sartzeko zain.

Maila batean, Españaren metafora da Auzitegi Nazionalaren eraikin berria. Lekutan dago. Gure artean lehia dago secarral eta paramo hitzen artean, izena jartzekotan. Baina metafora harago doa. Makroepaiketak egiteko altxatu zuten eraikinean makroepaiketara datorren jendea azkar sar dadin bideratzen ez baitakite. Sarrerako poliziak itota zeuden: «hainbeste jende batera etorrita ez dago modurik» zioten bitartean. Beste edonon, jende asko sartzea izanen litzateke makroepaiketak ospatzeko egindako eraikin berezia. Hemen, berriz…

Pasadizua baino gehiago da hau. Euskal herritarrak zigortzeko tresneria badabil, ederki dakigu. Egia esan, desegiten ari den estatu honetan dabilen bakarra da. Hau ez da txantxetako afera, baina asko esaten digu Españaz Euskal Herrian piztutakoa sua itzali nahian ibili den errepresioaren porrotak, eraikin honek ongi islatzen duena. Baten batek pentsa lezake funtzionatu duelako segitzen dutela errepresioa baliatzen. Horixe da garai hauetan, aste berean bi makroepaiketa abiatuz bidali nahi diguten mezua. Errepresioak funtzionatu ez duelako egiten dute, berriz. Españak Euskal Herria suntsitu izanez gero, nahi zuen moduan, ez legoke nor epaitu. Euskal matxinada dagoelako gaude matxinoak espainiar epaileen aurrean. Beraz, porrotaren monumentua da errepresioaren tenplua izan nahi duen eraikina. Estatu indartsuek ez dute makroepaiketarik egiten, ez dutelako behar.

Gainbehera doa España eta hozka egin nahi digu, Kataluniako herriai beldurrez begiratzen dion bitartean, datozen aldaketak galarazi nahian. Ikusten ari garenez, España, finean, herrien kartzela izaten ikasi ez duen herrien kartzela da. Lehenago, inperio izaten ez zekien inperioa izan zena, koloniak izaten ez zekien potentzia koloniala.

Makroepaiketak egiteko eraikinean makroepaiketarako sarrera antolatzen ez dakite, eta herrien aldarrikapenak galarazteko antolatutako espainiar estatuan ez dakite herrien aldarrikapenak galarazten. Horregatik hasi dira gu epaitzen.

Norbaitek etxeko egongelan nahiko gintuen, oreinen buruen antzera, zintzilikatuta, baina dagoeneko ikasia behar zuten espainiar agintariek ez dagoela euskal independentistak ehiztatzerik, bati burua moztu diotela uste duten bakoitzean, hamaika agertzen baitira nonahi.

Erasoa formalki gure kontra dator; helburua, berriz, Euskal Herria da. Erantzuna, beraz, etorkizunaren aldeko apostu komuna da, denori komeni baitzaigu herri librean libre izatea.

Buscar