Olaia Aldaz

Lotsaizunaren harresiakOTSAIZUNAREN HARRESIAK

Azaroaren 9an Berlingo harresia bota zuteneko 25. urteurrena beteko da. Artean haur koxkorra nintzen, baina gogoan ditut berlindarrak, borrak eskuetan, harresia xahutzen, eta milaka lagun harresiaren gainean gau eta egun, banaketa zentzugabeko haren amaiera sinetsi ezinik.

Berlingo harresia XX. mendeko horma ikonikoena bihurtu zen, eta haren eraisketak garai baten amaiera iragarri zuen. Baina askok uste izan zutenaren aurka, gertaera hark ez zuen harresien gainbehera ekarri, are gehiago, azken urteotan eraikuntza hauen berpizkunde bat bizi dugu.

Gizakiak mendetan zehar eraiki ditu hesiak. K.A. 8.000 eta 6.000 urte bitartean Ekialde Hurbilean, gaur egungo Zisjordanian, buztina eta adobezko lehen hesiak erabiltzen hasi ziren, babeserako elementu arkitektoniko gisa. Eraikuntza hauen helburua eremu seguru bat sortzea zen eta “barrukoa”, “kanpoko” etsaiaren erasoetatik babestea. Hasiera batean hiriak inguratuz eraikitzen baziren ere, laster eremu oso bat babesteko hesiak agertu ziren. Honen adibide garbia dira historiako bi harresi ezagunetakoak: Adrianoren harresia, Adriano enperadore erromatarrak egungo Britainia Handian 122-132 urte bitartean eraikitzea agindu zuena, harresiaz hegoaldeko probintzia erromatarra Iparraldeko Pikto tribuen erasoetatik babesteko, eta Txinako Harresi Handia, txinatar inperioak Mongolia eta Mantxuriako barbaroen erasoetatik babesteko eraikia K.A. III. mendean. Erdi Aroan harresi eta hiri gotortuen erabilera areagotu zen, ziurrenik garaiko ezegonkortasunari aurre egiteko. Iruñean Erdi Aroko eraikuntza hauen bertsio propioa izatea aldarrika dezakegu, Nafarroa konkistatua izan ondoren, Gaztelako aginteak nafar hiritarrak harresi horiek eraikitzera behartu zituelarik. Iruñea gotortu, Nafarroa nafarrengandik babesteko.

Historikoki harresiak izan dira hiri edo herrialde bat babesteko modu bakarra. Baina aurrerakuntza tekniko eta teknologikoak, eta industria militarraren garapenak, zaharkituta utzi zuten defentsa sistema hau, eta erabat inoiz desagertu ez ziren harren, haien eraginkortasuna ahulduta geratu zen.

XX. mendeak eraikuntza hauen erabileran iraultza bat ekarri zuen: lehen aldiz harresiak beraien defentsa funtzioa alde batera utzi eta giza talde bat banatzeko eta espazio bat mugatzeko erabiltzen hasiko dira. “Lotsaizunaren harresiak” deitu izan dira eraikuntza hauek, Berlingo harresiaz geroztik ezagun egin den kontzeptua. Adibideak ugariak dira: iparraldeko Irlandan auzo katolikoak eta auzo protestanteak banatzeko “bake harresiak”, Mexikoko mugan EEBBek immigrazioa geldiarazteko alanbre lerroa, Zisjordanian Israelek eraikitako harresi erraldoia, Ipar Korea Hego Koreatik banatzekoa, Afrikako biztanleak Europa zapaltzea eragozteko hesia Ceuta eta Melillan… eta abar eta abar.

Harresiak, eraikuntza fisikoa izateaz gain, barrera mentalak ere badira, banaketa bat sinbolizatzen duen lerroa. Bereizketa bat inposatzen dute marraz alde batera eta bestera. Eta jendearen igarotze librea oztopatzen dute. Eta hori da hain zuzen egungo hormek jarraitzen duten logika, ghettoak sortu eta biztanleria banatzea.

Kasu honetan ere, Nafarroan gure eredu propioa izatea aldarrika dezakegu, harresi irudikaria, harri legalez eraikia. Euskararen legeaz ari naiz hain zuzen. Lehen bateratua zegoen eremua zatikatzera datorren legea, eta nafar eremua ghettifikatzea helburu duena: lerroaren alde batera “euskaldunak” (eremu txikiena aitzitik), lerroaren bestaldera “euskaldunak” eta ez “euskaldunak” nahastuko diren eremua, eta azkenik, bigarren lerroaren ondoren, “erdaldunak”. Azken haizeek lege hau aldatzeko zirrikitu bat zabaldu dute; hiritar alemanek Berlingo harresia borrez hautsi zuten bezala, izango al gara nafar hiritarrak Nafarroako harresia birrintzeko gai? Azken ohar bat harresien defendatzaileei: historiak erakutsi du orokorrean hesiek ez dituztela arazoak konpontzen eta nekez oztopatzen dutela jendearen mugikortasuna. Helburua zaildu besterik ez dute egiten, baina debeku elementu gisa ez dira batere eraginkorrak suertatzen.

Buscar