Martxel Toledo Garmendia
ESAITeko kideak

Ez luke, ez du desagertu behar!

Urteko gastuei aurre egiteko diru arazoak dituela eta, Euskaltel Euskadi txirrindularitza talde profesionala desagertzeko zorian omen dago. Hori da behintzat egun hauetan hedabideetatik jakin duguna.

Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioak pairatzen ari garen honetan, gizarteko beste arlo guztiei bezala, kirol munduari ere gerrikoa estutzea eta bere biziraupena borrokatzea egokitu zaiola ematen du. Eta egoera larri honetan aurkitzen da Euskal Herriak profesional mailan txirrindularitzan egun duen talde ezagunena eta bereziena.

Herri honen nortasuna eta bere identitatea munduan zehar zabaltzeko, aukera ezberdinak daude eta zalantzarik gabe, horietako bat eta garrantzitsua esango nuke, kirolaren bitartez da. Eta euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzen ez dugun bitartean, txirrindularitza kasuan behintzat ez dago zalantzarik, hutsune hori, talde gisa Euskaltel Euskadik betetzen duela. Eta hori, Tourra Pirinioetara zein Alpeetara iristen denean antzematen da, euskal zaletuen presentzia handia izateaz gain, eredugarria ere badelako. Jean Voigt eta Ady Schleck horren lekuko dira, biak ala biak, publikoki hori adierazi dutelako, lehenak 2011urtean eta bigarrenak pasaden asteburuan.

Beraz, Euskaltel Euskadi taldeak ez luke, ez du desagertu behar, besteak beste, aipatu nortasuna eta identitateari lotuta, gure herri zahar honek nazioartean duen ikonoetako bat ere badelako. Eta zoritxarrez hain gutxi ditugunean, nazio ikuspegitik begiratuta behintzat, ez litzateke logikoa eta ulergarria dugun apur horietako bat desagertzen ustea.

Baina erantzukizun hori, ez dago taldearen esku soilik, herri honen nortasuna eta identitatearekin lotura duen heinean, guztiona izan beharko luke, euskal erakunde eta instituzioetatik hasita.

Erraza izango ez den arren, espero dut euskal agintariek jakingo dutela egoeraren larritasunari aurre egiten eta Euskatel-Euskadi taldea, niretzat Euskaltel-Euskal Herria zuzenago, besteak beste zazpi herrialdeko txirrindulariak dituelako, orain arte bezala, lehiaketetan ikustea. Horrek, hainbeste aldiz aipatu dudan nortasuna eta identitateaz gain, Tourean euskal zaletuen gozamenerako ere balioko lukeelako.

Ea ba denon artean, egoerari buelta emateko gai garen. Apaltasunean eta xumetasunean, orain arte bezala, gure babesa behintzat izango du.

Bide batez, mila esker Pirinioetan egon eta ESAITen antolatuta bizikleta martxan eta euskal festan parte hartu zenuten guztioi.

Buscar