Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Lurraldetik geroari so

Aniztasuna ehuntzeko bidean, ez dago osagai eraginkorragorik (hizkuntzak ez du inor bere uste edo bizimodua aldatzera behartzen) eta era berean gotorragorik (erabiliaz ehuntzen du komunitatea).

Eusko Ikaskuntzak amaitu ditu bere XVIII. Kongresuko lanak eta ondorioak ezagutzera eman ditu. Ez da nolanahikoa izan Kongresuari jarritako erronka, baina are garrantzitsuagoa izan da Euskal Herriko lurraldearen eta lurraldeen Liburu Zuria idazteko deia egin izana.

Liburu Zuria esan ohi dena gai jakin baten inguruko gidalerroak biltzen dituen liburua da.  Eusko Ikaskuntzaren inguruan Kongresu honetara bildutako komunitatea euskal populuari herri egitasmo bat eskaintzen ari zaiola ulertu behar da. Bagenuen horren beharra, izan ere, mende bat joan zaigu herri honen desprogramazio ariketa nagusiak hasi zirenetik, Gerla Handia (1914) eta Espainiako Gerra (1936).

Eusko Ikaskuntzak, ordea, apaltasun ariketa garrantzitsu bat egin duelakoan nago, Liburu Zuria idazteko metodologia esperimentatu, lehen lerroak idatzi eta hurrengo urteetan kapituluz kapitulu idazten jarraitzeko konpromisoa hartu. Liburu Zuriak oinarri batzuk jarri baditu ere, lan handia dago oinarri horiek arloz arlo zertara ekarri behar genituzkeen hausnartzen.

Ariketa horrek, ezinbestean, askotarikoa beharko du, eta elkar onartzen ikastea ere ez da lan makala. Izan ere, ez dira gutxi edozein gairen inguruan nor bere jarrera hartzera deitzen duten bereizgarriak, hala nola, genero identitatea, klase soziala, lurraldea, eremu profesionala, diziplina akademikoa, filiazio soziopolitikoa eta abar. Askotarikoa da Euskal Herria, zorionez, baina batzen gaituenak eramango gaitu herri egitasmo bat gorpuztera, eta horrek gure herriaren agendari dagokion adostasuna hainbat arlotara hedatzea eskatzen du. Ikusteko dago hurrengo urteetan, nork bereari uko egin gabe, gure herriaren geroari kohesioa emango dion oinarrizko errelatu bat osatzeko gai garen.

Esan bezala, beraz, Euskal Herriko lurraldearen eta lurraldeen Liburu Zuriak idazten hasi gara, baina auzolanean oraindik asko gizendu beharko du. Herri honentzat lurralde egitasmo iraunkor bat bermatzera iristeko bide luzea dugu. Besteak beste, erabakitzeko gaitasuna bermatzeko beharrezkoak diren tresnen inguruko hausnarketa egitea dagokigu, hala nola, hezkuntzan, digitalizazioan, lurralde arteko lankidetzan, komunikabide sisteman, elikadura iraunkortasunean, lurralde orekan, lan harremanetan, despatriarkalizazioan, deskarbonizazioan… Soka luzea dugu aurretik plaza komuna adosten. Parada ezin hobea herri honen geroan bere aletxoa jarri nahi duenarentzat.

Aurrera begira jarrita gauden honetan, Jean Rene Etxegaray Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakariak ezin hobeto esana ekarri behar da… «elkarrekin pentsatzen dugunean, elkar ulertzen hasten gara». Hor jokatuko da, inon jokatzekotan, herri honen geroarentzat oinarrizko agenda bat izatea ala ez izatea. Ez da faltako gutxitxo irizten dionik, ezta gehiegizko irizten dionik ere. Baina agenda horren baitan izango gara «gu» ala ez gara izango.

«Gu» izate horretan, lurraldetasunak Kongresu honetan izan duen protagonismoa deserosoa izan da denontzat. Izan ere, Euskal Herria aintzat hartuta jardun den mila lagunetik gorako komunitate horrek, nork berean dituen gabeziak agerian ikusi ditu. Bi izan dira, hau idazten duenaren iritziz, lurraldetasunari dagokionez gabezia nagusiak. Lehena, ez dugu gure herria osorik ezagutzen. Euskaltasunaren desprogramazio betean, abokatu, irakasle, zurgin, kudeatzaile, idazle, aktibista saiatuak gara, baina gehienok ez ditugu gure espezialitate horretan gure herriak dituen ñabardurak ezagutzen. Hitz egin dezakegu desberdintasun sozialez, edo euskal enpresen erronkez, esaterako, baina salbuespenak salbu, ez ditugu ezagutzen gure lurraldearen luze-zabalean problematika horrek dituen protagonistak eta ñabardurak. Hurrengo Kongresurako lortu behar genuke bere herria xehe-xehe ezagutzen duen ekintzaile eta profesional sare zabala izatea erabakiguneetan.

Bigarren, lurraldea ez da egitasmo politiko nagusi baten oinarria bakarrik, lurraldea eguneroko bizimoduaren mikrokosmos ugariz beteta dago, pertsonen eta komunitateen egunerokoa lurralde frakzio mugatu batean gertatzen da (eta dimentsio birtuala?) eta euskal herri-egitasmo zibil batek (hori besterik ez baita Eusko Ikaskuntzarena), berebiziko ahalegina egin behar du horretan, lurraldearen tokiko ñabardurak azaleratu eta identifikatzen, oraindik ikuspegi partzialegia baitugu. Izan ere, ez da gauza bera lanik gabe egotea Karrantzan edo Donostian, zerbitzu sozialek edo osasun zerbitzuek aintzat hartu behar dute Nafarroa Garaiko Pirinioetan zenbatekoak diren distantziak edo nolakoak diren komunitateak, euskal hirien inguruan gero eta zabalagoak diren eremu metropolitarrek ezin diote ez ikusiarena egin errenta, jatorri eta adin segregazioa eragiten duten faktoreei. Eta abar.

Ederki adierazi zuen bere blogean Fernando Fantovak zerbitzu sozialez ari zenean: «pertsona bakoitzak, talde bakoitzak, organizazio bakoitzak, eta instituzio bakoitzak, bere aurrean duen galdera da zein izan behar den bere ekarpena auzo edo herri bakoitzean dauden pertsonen, edo iristen ari direnen eguneroko bizimodua materialki bideragarri edo bideraezin egiteko. Muga funtzional, ekonomiko edo bestelakoak direla medio, lurraldetik askatzeko, lurraldez aldatzeko, gaitasun gutxien duen gehiengo sozial horren bizimodua batez ere».

Esandakoarekin batera, oso gogoan hartzekoak dira lurraldearen gainean bizi ditugun prozesu orokorrak. Liburu Zuriaren oinarrietan ederki jasota dagoen moduan, euskal lurraldea desorekatzen ari zaigu, landa eremuak ahulduz hirigune gero eta zabalagoak ditugu. Halaber, atomizazio administratiboak euskal lurraldeen artean lankidetzan eta osagarritasunez jarduteko zailtasunak ekartzen dizkigu. Bi prozesu horiek fenomeno kate luzea dakarte segidan.

Iruñeko saioan, aniztasuna eta kohesioa jorratzen, David Thunder Nafarroako Unibertsitateko irakasleak erronka ezin kitzikagarriagoa jarri zigun «Erkidego multikomunitario eta multikultural modernoek, kohesionatuak izatera iritsi nahi badute, erronka garrantzitsuei egin behar diete aurre, biztanle gehienentzat lurralde mailako narratiba legitimo eta erakargarria bilatu behar dute».

Narratiba komun horren bila, euskarak eta euskal kulturak erabateko eginkizuna dute, izan ere, aniztasuna ehuntzeko bidean, ez dago osagai eraginkorragorik (hizkuntzak ez du inor bere uste edo bizimodua aldatzera behartzen) eta era berean gotorragorik (erabiliaz ehuntzen du komunitatea).

Gure lurraldetasuna, bere integritatean zein bere xehetasunean, elipsi bidez adierazia izateari uzteko garaia da, eta bide horretan gure lurraldea proposamen eta proiektuen zelai bihurtu behar dugu. Lurraldea bizirik dagoela esango dugu baratzea, tailerra, ikasgela, laborategia izatera eramaten badugu. Hortxe XXI. mendeko erronka, lurraldea gure proiektu komunitarioen osagai esplizitu bihurtzea. Geroari so, osatuko al dugu Liburu Zuria?

Buscar