Maitasunak bete diezagun memoria
Beste udaberri bat gainean dugu. Kukuaren kantuak neguaren bukaera adierazi digu jada. Dena omen da desberdina udaberrian: umorea, hormonen jarioa, bizipoza… Aurten, haize berria inoiz baino indartsuago kolpatzen ari da gure herria. Bat-batean, arrapaladan… Loreak etengabe ari dira loratzen eta hori poztekoa da ekaitz aroa uzta aroa bihur dadin.
Diskurtso, analisi eta kritikak egiten oso abilak gara, abilegi. Gure inguruaren eta denaren epaile izatea gustukoegia dugu eta, azken finean, bizitzan dauden gauzarik ederrenak bizitzea ahaztu egiten zaizkigu! Adorea, maitasuna, erantzukizuna, elkartasuna…
Bakoitzak badugu gure legenda pertsonala egiteko Coelhok esaten zuen bezala, eta horri bide ematen badiogu gure bizitzaren garaipen garrantzitsuena irabazita dugu. Gure erabakiak asumitu behar ditugu, ez ahaztu lagunak!
Garai berrian murgilduta, Herrira mugimenduak ere haize fresko eta maitasunez beterikoa ekarri du gure karriketara. Sentimenduzko harresia, konponbiderako grina, eskubideen aldeko olatua… Poztekoa benetan Preso eta Iheslari Politikoen alde, hainbeste jende desberdin mobilizatzea.
Desberdinak baina berdinak azterketa egiterakoan, babes sozial honekin, gatazkaren sustraiak politikoak direla aldarrikatzen baita. Hau da, ukazioan bizi den herri bat badagoela, eta horren ondorio latza direla Preso eta Iheslari Politikoen existentzia. Beraz, dena esana dago lagunak. Gogorra bezain polita izango da bidea, baina ez al da hori Euskal Herriaren legenda pertsonala?
Gaurko hitzekin ez nator lezioa emateko asmotan. Testigantza xumea baina era berean eraginkorra izan nahi du nireak. Asko gara Euskal Herria maite dugunak, eta denok gara garrantzitsuak herri hau eraikitzek bidean.
Egia da urruntasunak egoerak partzialki baloratzera behartzen zaituela, momentua ez duzulako zuzenean bizitzen. Baina hala ere, egoera gogorrak bizitzeak are gogorrago egiten zaitu batzuetan, eta Espainiako atzaparretatik ihesi ibiltzea xamurra ez den arren, egoera zailen gainetik Euskal Herriko askapen borrokaren gizatasuna bizitzeko aukera izan dut.
Bitxikeria bezala, orain dela aste batzuk bizitakoa; igandea zen, eguerdiko hamabiak Lapurdiko kostaldean. Adarraren soinua txalapartarenarekin trukatzen hasi zen, begiradak tinko itsasoari begira, ikurrinaren koloreak haizeak gogor kolpatzen. Txaloekin batera eztarriak berotzen hasi ziren eta horrekin batera emozioak, sentimenduak, oroitzapenak… Bakoitzak bereak malko eta guzti. Omenaldi bat zen; atzerrian hildako euskal herriko seme baten azken agurra. Ihesian, deportaturik… 30 urte herritik kanpo eman eta gero heriotzak herrira ekarri zuena.
Etxerako bidean pentsakor eta sentikor etorri nintzen (beti bezala holakoetan) ez ondorioak ateratzeko ideiarekin, baizik eta bihotzak hala eskatuta, eta halako batean konbentzimenduz beteriko sentimendu batek gainezka egin zidan.
Negar egiten duenak arima bizirik duen seinale, amorerik eman ez duen seinale. Bihotza da gakoa pentsatu nueneta azken finean horrek egiten gaituela desberdin; sentitzeko gaitasuna, hau da, maitatzeko gaitasuna. Bizipenak oso pertsonalak direnez, zaila da besteek sentitzea zuk bizi izan duzuna, baina hori ez da helburua, ezta eginbeharrekoa ere. Hainbeste urte eta gero, eta horrenbeste belaunaldi amets beraren alde erori eta gero, jarraitu beharra dago gose aseezin horrekin. Hori baita irabazteko berme bakarra!! Burua bueltaka zebilen ikusten duzuenez, indartsu. Katamaloko CDa hartu eta betiko kantuarekin, barre eta negar isilak erori zitzaizkidan, baina denaren gainetik… Esperantza.
BELAUNIKOALDIA
Ez dugu besterik ikusi, ez dugu besterik entzun. Gureak ere belaunikoaldia izan behar zuen.
Zilbor-heste bat moztu ziguten, eta beste bat josi.
Josi zizkiguten hildakoak, nortasun agiri faltsuak,
ezkutalekuak, gutxietsien iraganak,
ulertzen ez gaituzten mapak,
lau hormetako zigorrak,
hizkuntza askotako hiletak.
Ginenak izateagatik, zoriona su-etenetan ospatzeko baimena baino ez ziguten eman.
Etorkizuna geu ginela esaten ziguten
haiek itxarongeletan zarratzen gintuzten,
baina guk oraina izan gura genuen,
eta ez etorkizuna,
konturatu baikinen atzeratu egiten zigutela etorkizuna
iraganarekin bat egiteraino.
Iladan, belauniko bizitzeari uko eginik, batzuek, ametsak pilatzen jarraitu gura dugu
heriotzari gainezka egin asmoz.
Maitasunak bete diezagun memoria, maitasunak… memoria.
Larunbata, ekainaren 9an, Azkainen dugu hitzordua!
Ez adiorik, laster arte!