Kattalin Miner
GAUR8

Maitasunaren errekonkistan

Nire agendak gogoratu zidanez, atzo izan zen San Valentin eguna, «maiteminduen eguna» esaten zaion hori. Gu, ordea, egun horren bezperetan Gasteizen izan ginen, maitasun erromantikoa delakoari buelta batzuk eman nahian edo.

Hainbat konturen inguruan aritu ginen egia esan, baina esango nuke han izan ginenetatik inork ez zuela atzo arrosa sortarik jaso edo bidali.

Nik ez dut San Valentin bereziki gorrotatzen, beste hainbat egunek edo erritualek (demagun ezkontza batek) sortzen didaten indiferentzia bera sortzen dit maiteminduen eguna delakoak. Ez hori bakarrik, bada zerbait egun horretan oso zorioneko sentiarazten nauena.

Uste dut komedia erromantikoak ikusteko arrazoi berbera dela egun honek zirrara sortzearen arrazoia. Izan ere, egun hau heteroarauaren manifestazio kutreenako bat bezala bizi dut. Kutrea dela esateak ez dio duen indarkeriazko boterea kentzen, baina kutrea da. Iruditzen zait politikoki erregimen heterokapitalista ospatzeko eta berau polita izan litekeela argudiatzeko eguna dela ditxosozko San Valentin hau. Opari bat, araua zintzo betetzen dutenentzat, opari bat maitale finei, monogamoei, heterosexualei.

Bestalde, maitasun erromantikoaren paradoxa eta moralejak ongi dioen bezala, egun hau bera zigor bilakatzen da jokoa jokatu nahi baina araua ongi betetzen ikasi ez dutenentzat; «bakarrik» daudenentzat. Itsusientzat, lodientzat, histeria puntua duten emakume horientzat, putentzat, lesbiana askorentzat, zaharrentzat, sasoia pasatu zaienentzat.

Egun honetan, heteropatriarkatuaren miseriak agerian geratzen dira, argi ikus dezakegu haren zigor-sari joko ankerra, eta nik egun horretan goia jotzen dut. Nik ere izan baitut egun honetan arrosa bat oparitu zidan neska-laguna, edota egun horretan utzi izana inoiz barkatuko ez didan mutil-lagun ohia (bai, ongi irakurri duzue).

Baina goia jotzen dut otsailaren 14an. Goia, jada joko horretan lekurik ez dudalako (nahi); goia, sari horiek munduko saririk kateatzaileenak, aspergarrienak eta normalenak eta hutsalenak iruditzen zaikidalako; goia, «bakardadearen» zigorrari ez diodalako beldurrik, nire familia hautatuak aspaldi uxatu zituelako mamuak.

Auzo lotsa eta nazkaren gainetik, beraz, nire bizitzak zentzu osoa hartzen du egun honetan, haien bizitza teatralizatu eta dramatiko-amorosoen gainetik.

Edozein kasutan, San Valentin eguna inspirazio iturri izaten da honi buelta batzuk ematen ari zarela. Izan ere, aurtengoan, telebistan egun hauetan maitasun erromantikoaren apologia biolentoa egiten dabiltzan honetan edo nire etxe alboko okindegian San Blasen alboan bihotz formako gaileta arrosak ikusi ditudanean, pentsatu dut maitasuna gauza handiegia dela kapitalismo heteropatriarkalari monopolioa uzteko. Maitasun erromantikoa ere gauza handia izan litekeela, birpentsatu eta berrasmatzen jakiten badugu. Horregatik uste dut ukapena baino, maitasun erromantikoaren errekonkista egin behar genukeela.

Hala, maitatu nahi ditut handiki nire lagunak, nire familia hautatuak eta odolezkoak, nire maitaleak eta maitatuak. Nahi ditut denak nahastu eta keinu handiak egin, estralurtarrak, eta ezkontzak asmatu, maitasun erritual berriak, taldekakoak, binakakoak, kolektiboak. Nahi ditut pastelak jan, bihotz formakoak bai, baina baita sabel formakoak, lepoalde itxurakoak, ile usainekoak ere. Nahi dut nire lagun onenarekin ezkondu, kalean, bastardoki. Nahi zaitut eraman mariskoa jatera, «ondo jantzita». Ez ditut igande arratsaldeetako erresakak amenazuz bizi nahi bikotekiderik ez badut, biok, hirurok edo laurok sofan etzatea nahi dut. Nahi ditut eztei bidaiak egin, batekin eta besteekin. Izan ere, argi daukat, maitasuna gauza handiegia dela haien eskuetan uzteko, eta haiek guk maitasuna gorrotatzea lortu aurretik, gurea egin eta asmatuko dugula. Handia, ona eta polita.

Buscar