Abokatua
Manada erradikal biolentoa Hondarribiko kaleetan

Elkarbizitza arazoa, EAJko jaun-andreak, ez da Hondarribian gertatzen denaren kausa, batzuek tradizioaren heldulekuan gotortuz emakumeen aurkako indarkeriaeta bazterkeria erabiltzearen ondorio baizik. Nork hezten ditu Kale Nagusian orduak eta orduak gorrotoaren harira plastiko beltzak jarri eta Jaizkibel konpainiako herrikideak mespretxatu, txistukatu eta iraintzen jarduten duten neskatila gazteak?

09/09/2018

Hileko bigarren iganderako zita prestatzeko jaiki naiz, bezperan, larunbatez. Azken bi urte eta erdian egin ohi dudan lez, goiz jaiki eta azken asteetako berriak buruan bueltaka gaia aukeratzeari ekiten diot. Ez da erraza gaiaren aukeraketa, aitor dut. Interes orokorrekoa izan behar da eta, gainera, idatzita dagoen eta entzunda dagoen guztiari, dela kazetari, politikari edo iritzi-emaileri, beste ikuspuntu bat ematea da erronka, gaia erakargarria izatea eta beste erpin batetik lantzea, alegia. Eta gainera, «zerbait esan» behar da eta, gainera, zerbait hori iritzi pertsonal bat izan behar da, modu librean emana, dogmetatik urrun. Beti ezaugarritze hori duen zerbait esaten saiatzen naiz eta hori ere ez zait erraza egiten. Bigarren aitorpena: inoiz ez naiz guztiz gustura geratzen emaitzarekin. Ez dakit mundu guztiari pasatzen zaion, baina niri bai. Beti falta da zerbait, edo beti idatziko nuke esaldi hura beste modu batera… Gogoeta hauekin esnatu naiz gaur.

Esan bezala, gosaria jarri eta ordenagailua piztu dut, egunkariak eta sare sozialak errepasatu eta argi izan dut gaurkoan gaia: uneotan Hondarribian gertatzen ari dena eremu geografikoari dagokionez oso gai lokala izan arren, interes orokorrekoa da edo izan beharko luke. Hirugarren aitorpena: gaur haserretik, amorrutik eta inpotentziatik idazten dut. Hunkituta eta triste ere bai.

Laugarren eta azken aitorpena: ez, ez naiz Hondarribikoa eta ez dut festa horrekiko atxikipen berezirik. Baina gaiaz hitz egiteko legitimitatea zalantzan jartzen didanari esan nahi diot Oñatikoa naizela, tradizioaren pisuaz asko dakien herria. Hemen ere baditugu gure tradizioak eta hauek denboran aldatzen joan dira. Corpus Christiko prozesioan aurten emakumeak izan dira dantzari. Tradizioak ez du galerarik izan, eta festak ez du glamour zipitzik galdu. Festa ez da desitxuratu eta hemengo neska dantzariek ez dute irain bakar bat jaso. Festa lasaia eta polita izan da, eta izkinetan ikusle egon garenok txaloz jaso ditugu dantzari guzti-guztiak, katolikoenetik hasi eta erradikaleraino, 90 urteko agure zein 14 urteko neskatoek.

Irungo eta Hondarribiko alardeez pentsatzen dudanean, hiltzeko minbizia edo bihotzekoa hobe den galdetzen den modu erretoriko berean, urtero galdetzen diot neure buruari zer den hobea, ze gatazkak eboluzionatu duen hobeto, zein den jasangarriagoa eta luzera konpontzen zailagoa. Batean, Irungo diskriminazio diplomatikoa, non alarde bakoitzak bere bidea egiten duen modu tolerante batean eta legezko alardeari ezin ikusia egiten zaion: «Paseatu dezatela, total…». Erabateko ikusezintasuna. Zibilizatuagoa da, bizitzeko ez hain bortitza, horrek duen alde onarekin baina baita bake sozialak ekartzen duen ezer egin beharrik ezaren arriskuarekin.

Bestean, Hondarribia. Bi hamarkada beranduago gatazkak bere gordinean jarraitzen duen herria, aurten ikusten ari garenagatik betiko plastiko beltz, txistu eta itsuskerien kale okupazioaz gain, tentsioaren mailan goragoko koska bat hartzera ere ausartu dena, festa espektakulu negargarri bihurtuz. Hala, irailak 8ro Hondarribiko kaleak manada erradikal biolento batek okupatzen ditu eta egun honetan ikusten duguna oso gogorra da.

Bietan ala bietan afera bera: emakumeek jaietan parte hartzeko eskubidea, tradizioak eguneratu behar badira ere. Oinarrizko eskubideen zapalkuntza eta emakumeenganako diskriminazioa. Urte luze hauetan bortxakeria, mespretxua eta ezinikusia. Elkarbizitza arazo bat ikusten dute batzuek hor, frankismoan bezala. Hartaz hitz egiten ere, irakurketa zuritzailea, Casadoren Concordia lege proposamenarekin antz arriskutsua duena:  batzuk eta besteak ez dira ondo eramaten, ez dute berdin pentsatzen eta.

Benetan uste du EAJk horrela bentilatu daitekeela hogeitaka urtetan Irunen eta Hondarribian emakumeek eta alarde parekidearen aldekoek pairatu duten eta pairatzen ari diren jazarpena? Elkarbizitza arazoa, EAJko jaun-andreak, ez da Hondarribian gertatzen denaren kausa, batzuek tradizioaren heldulekuan gotortuz emakumeen aurkako indarkeria eta bazterkeria erabiltzearen ondorio baizik. Non dago gizarte zibilizatu eta baketsua, nork hezten ditu Kale Nagusian orduak eta orduak gorrotoaren harira plastiko beltzak jarri eta Jaizkibel konpainiako herrikideak mespretxatu, txistukatu eta iraintzen jarduten duten neskatila gazteak? Ze balore dituzte haien atzean gotortzen diren ama harroek? Eta eskopeta soinean jarrita bizkar ematen dieten «betikoek»?  Zenbat urte gehiago itxaron behar dugu haiek zentzatu, kontzientzia hartu eta egun duten jarduera bortitz eta maiz penalki zigorgarria alboratu dezaten? Baina are okerrago, zenbat urte legezkontrakotasun honekiko tolerantzia? Zenbat urte, guztiok ordezkatzen gaituzten instituzioen esku hartze serioa ikus dezagun? Aldundiak plastikoak ez jartzeko eskari erregua eta Jaurlaritzak Emakunde eta Arartekoa bezalako organismo autonomoetako ordezkariak bidaltzea al da esku hartzeaz dugun kontzeptua?

Hala da: Dena ez da plastikoa bezain beltza. Badira aurrerapausoak eta afera bide onean doala erakusten duten zantzuak. Zentzu komuna irabazten ari dela erakusten duten adierazleak badira. Egia da gero eta jende gehiago ikusten dela Jaizkibel konpainian, horietako asko oso gazteak, belaunaldien biziberritze itxaropentsuaren argazki potentea osatuz; egia ere desfileari babesa ematen gero eta jende gehiago dagoela eta pentsatu nahi dut Hondarribitik kanpora inork gutxik defenda dezakeela jendarte parekide baten borrokan tradizioaren izenean salbuespenak egin daitezkeenik. EAJ txepelkeriatik epelkeriara ari da pasatzen pixkanaka eta aurten delegazio bat bidaltzea otu zaie; euren orain arteko jarrera inork gutxik ulertzen duela onartzen ari direla dirudi. Edota bigarren hipotesi gisa, alderdi barruko iritzi kontrajarrien oreka bilatzeko arazoak izaten ari dira eta horregatik bi alardeetara bidali da ordezkaritza.  

Baina pauso txiki bat izanik, ez da inondik nahikoa, ekidistantzia ez da nahikoa, ekidistantziak ez du justizia inoiz egiten eta kasu honetan are gutxiago. EAJk, eta PSEk urte luze hauetan jarrera arduratsu bat hartu izan balute, ez geundeke honela. Haiek izan dira manada erradikal biolentoaren konplize eta hauspo. Aurten bertan, Eusko Jaurlaritzako sailburu Cristina Uriarteren alaba alarde ez legezkoko konpainia batean kantinera dela ospatzeko, argazkia atera du alarde ilegalaren apologia eginez; hau, herrialde serio batean dimisiorako arrazoi nahikoa litzateke; eta herrialde hori are serioagoa balitz, Urkulluk berak edo Parlamentuaren eskariz berau kargugabetzeko mekanismoak egongo lirateke. Zer nolako oxigenoa eman die Eusko Jaurlaritzak betiko alardearen aldekoei Cristinari Uriarterekin argazki hori egitea baimenduz?

Gauza bera, urte hauetan guztietan alkate jardun duten EAJ eta PSEko pertsonei dagokienez. Harrerarik ez, udaletxeko ateak itxita… eta egun berdin jarraitzen dugu. Irun eta Hondarribiko alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011-2015 urteetan izan ezik, erabat «out» egon dena… Non daude Euskadiko Justizia Auzitegiak sententziaz legezkotasuna eman dion Alardearen babesa egiteko? Boto kalkulu miserablean? Eta azkenik, non dago Ertzaintza gizon, emakume hauen integritatea eta desfilatzeko eskubidea bermatzeko? Aspaldiko leloak dioen lez, errepresioa ez da bidea baina inpunitatea are gutxiago.

Artículos
Josu Iraeta
26/09/2018
Eva Lopez de Arroyabe
26/09/2018
Cartas
Gontzal Fontaneda | Gasteiz
26/09/2018
José Luis Úriz Iglesias | Villava-Atarrabia
26/09/2018
Jonpa Albisu | Donostia
25/09/2018
Ibon Usandizaga Elicegui | Bilbo
25/09/2018
Últimos posts
Martin Garitano
25/09/2018
Ander Edo
24/09/2018
Ander Edo
24/09/2018
Martin Garitano
24/09/2018