Iñaki Altuna
GAUR8

‘Marca España’ri kiratsa dario

Estatu espainolak Euskal Herrian gero eta zilegitasun txikiagoa du. Arrazoiak ez dira falta. ‘Marca España’ren itzal negargarria dela edota Estatuak gurean duen jokabide hertsia eta itogarria dela, begien bistakoa da euskal herritarrek gero eta atxikimendu txikiagoa sentitzen dutela nazio ideia handiuste horrekin guztiarekin.

‘España’ proiektu horren garapena –edo garapen okerra, hobeto esan– oso faktore garrantzitsua izan daiteke Euskal Herrian azken urteotan hasitako bidean aurrera egiteko orduan. Egoera politiko berri bat eraiki nahi duten eragileek oso kontuan hartu behar dute gaur arte herrien kaiola baizik izan ez den estatu egitura horretan gertatzen ari den guzti-guztia.

Azkenaldian maiz entzuten ari garenez, egiturazko arazo larria du Estatu espainolak, eta ustelkeriaren moduko gaitzak berezkoak dituela dio batek baino gehiagok. Krisi ekonomikoaz eta politikoaz ez ezik, krisi etikoaz ere hitz egiten ari dira han eta hemen. Gainera, gertaera benetan zarpailek azalarazten dute krisi sakon horren usteldura-sunda. Inteligentzia zerbitzuen eskaeraz Juan Carlos erregeak Marokon pederasta baten askatasuna lortu izanari kiratsa dario. Independentista errepublikano batek ere ez luke halakorik asmatuko.

Hala eta guztiz ere, aurreko hilabeteetan monarkak egur dezente jaso eta gero, badirudi oraingo honetan hedabide nagusiek babestu nahi izan dutela. Ez da bera izan polemikaren erdigune nagusia, ezta gutxiagorik ere. Koroaren erakundea oso ukituta dagoelako-edo, arnas eman nahiko zioten.

Monarkiaren kontuetan, Iñaki Urdangarin suhi lotsagaldua jarriko dute prentsaren bazkarako. Borboien familiara iritsitako minbizitzat joko dute, borboiek kakazteko ezeren beharrik behar ez badute ere. Nahikoa dute etxekoekin. Urdangarinen txorta kontuak atera dituzte azkenaldian, eta bere bakardadea nabarmendu nahi dute. Erregearen familia zaindu beharra dago. Esan behar da, edonola ere, suhiak eta aitaginarrebak badutela elkarren antzik: negozioak eta amoranteak. Hori bai, Juan Carlos Lehenengoa beti Espainiari zerbitzu egiteagatik aritu izan da denetan.

Bien bitartean, ustelkeriaren kiratsak berriro gainezka noiz egingo zain gaude. Barcenasen diru-kontuak izan dira nagusi, eta azken astean, beste gertaera batzuk tarteko, eskandalua apaldu bada ere, edozein unetan egin dezake berriro eztanda. Mariano Rajoyren azalpenen (hitz hori erabil badaiteke) ondotik, beste arreta gai batzuk jarri nahi izan dituzte. Hala ulertu dute hedabide britainiarrek ere Gibraltarren gaineko burujabetasuna dela eta ez dela berriro hautsak harrotu izana.

Inguru hartan nazio afera piztu du Madrilek, baina sua beste leku batzuetan du. Xelebrea da, baina berriro ere egingo du, zeharka bada ere, topo Londresekin. Kataluniako indarrek kontsultaren prozesua Eskoziakoarekin batera garatu nahiko dutela aurreikus daiteke. Espainolak eta ingelesak erantzun arras ezberdina ematen ari dira. Bertako herritarrei hitza emanda, Londres sendoago agertzen ari da, Gibraltarren bezalaxe.

Euskal indarrek ere hautua egin behar dute egoerari erantzun egoki bat emateko; jakinda, gainera, estatu ereduaren krisia dela-eta Madrilen askok «berzentralizazioaren» musika jo nahi dutela. EAJk, esate baterako, aterako ote zituen jada ondorioak?

Euskal Herrian ‘España’ proiektuak ez du ezer erakargarririk eskaintzeko, eta Espainiako Konstituzioa defendatzen duten indarrek – PP/UPN eta PSE/PSN– inoiz baino herri babes txikiagoa izateak herritarrek horrenbeste jakin badakitela azaltzen du argiki.

Epaitegien bitarteko debekuak (bi aldiz herriko alkate izandako Pablo Gorostiaga Laudioko festetako pregoilaria ez izateko jarritakoa, urrutira joan gabe) eta mota guztietako mehatxuak (heriotza mehatxuak barne) eskaintzen ditu, gaur egun, Espainiak. Herri ukazioa eta amildegi ekonomikoa, besterik ez.

Buscar