Mediterranioko heriotzak, EB-Turkia hitzarmenaren letra txikia
Maite Ubiriak errefuxiatuek pairatzen duten egoeraren berri eman du. Batez ere Europa eta Turkiaren arteko akordioak eragiten dienaz hausnartu du. "Mugak ixteak ondorio zehatzak ditu Siriako gerrak sorturiko errefuxiatuengan, baina ez beraiengan soilik. Pasabide bat ixten denean, beste ibilbidea hobesten baitute Europara heldu nahi dutenek", azaldu du.
Iragan maiatzaren 18an Brusela eta Ankara adostasun batera iritsi ziren Siriako gerratik ihesean doazen herritarrei egotzitako "krisi larriari" irtenbide bat emateko.
Geroztik, Balkanetako korridorea igaro nahi zuten herritarrak errepide eta babes eremuetatik ateratze eta kanporatzeak martxan jarri ditu giza eskubideen sehaskatzat hartu ohi den Europak.
"Errefuxiatuen biltegia" bilakatzeko asmorik ez du, ordea, Turkiak, eta ziurtzat eman daiteke, deportaziorako makina berehala jarriko duela abian Erdoganen gobernuak. Barne egoera oraindik ere zailago bilakatu dezakeelako milaka errefuxiatu horien presentziak.
Adibide soila. Greziako irletatik mugituarazitako errefuxiatuak jasotzeko eremu erraldoia ezartzeko asmoa du Turkiako gobernuan Sivrice Hoyuktem hiritik gertu. 20.000 lagun biltzeko gaitasuna lukeen eremutik gertu aldiro turkiar armadaren jazarpena jazo duten alevi komunitate erlijioso-kulturaleko presentzia handia dago. Dagoeneko errefuxiatuen etorrera baliatuz eskualdean komunitate arteko gorrotoa eta gatazka pizteko arriskuaz oharrarazi dute aleviarrek.
Errefuxiatu eremu gehienak Siriako mugatik gertu daude eta berriak bertan kokatuko ditu Ankarak. Besteak beste, erran bezala, kanporaketak errazteko.
Gauzak horrela, begibistakoa da Siriako gobernuaren aurkako gerran esku-hartze nabarmena izan duen errejimen turkiarra -Estatu Islamiarreko horniketa erraztuz- ez dela anfitriorik fidegarriena.
Ez genuke ahantzi behar, gainera, "siriar errefuxiatu" kategoria generiko horren pean kurduarrak eta beste hainbat gutxiengotako milaka eta milaka herritar direla. Turkia ez da inondik inora harrera gune egokia errefuxiatuentzat. Ezta estatuen jarrera nagiaren aurrean, hola edo hala, iheslari horien egoeraren jarraipena egiteko ardura hartu duten estaturik gabeko erakundeentzat ere.
Idomeni bezalako eremuetan pertsona hauen guztien segurtasuna eta duintasuna ez bazegoen bermatuta, Bruselako dirutza baliatuta Turkiak eratuko dituen atxikitze zentroetan haien egoera ez da hobeagoa izango. Nork pentsa dezake urrutiko eremu hertsietan sarturik, kanpoko begiradatik at, iheslari hauen oinarrizko eskubideak errespetatuko dituztela Ankarako agintariek?
Akordioa erdiesteko Turkia herrialde segurutzat jo behar zuten europar agintariek eta horrela egin zuten. Aparteko kontzientzi kargurik sentitu gabe. Alta, azken hilabetetan, Siriako gerraren burrunben artean, bestelako bataila frontea astindu du Erdoganek.
Elkarrizketaren bidezko konponbideari bizkar emanez, Bruselak eskaini dion txeke zuria Kurdistango herriaren aurka gero eta bortitzago jarduteko baliatuko du Ankarak.
Azken hilabetetabn Kurdistango hirietan fronte berria zabaldu da. Neurri handi batean mendietatik hirietara mudantza egin du gerrak.
Gaur egun Amed (Diyarbakir, Kurdistango hiriburua), Cizre, Nusaybin, Silopi.. hirietan gertatzen dira borroka latzenak. YPG miliziak jazartzeko xede Turkiako Armadak sekulako sarraskiak burutu ditu azkenaldion hogei bat hirietan.
Zibilen heriotzak, alkateen atxiloketak, oinarrizko azpiegiturak eta patrominio kulturalaren suntsiketa. Izugarriak dira erasoaldi horien ondorioak. Izan ere, Gazako herritarrek pairatzen dute sitio egoerarekin gertatzen den bezala, desmasia horiek guztiek apenas zalapartarik dute eragin.
Horiek bezala, EB eta Turkia arteko hitzarmenaren letra txiki gisara, "zeharkako kalte" tzat nahiago izanez gero, hartu behar omen ditugu Mediterraneoan gertatu diren migranteen heriotzak.
Mugak ixteak ondorio zehatzak ditu Siriako gerrak sorturiko errefuxiatuengan, baina ez beraiengan soilik. Pasabide bat ixten denean, beste ibilbidea hobesten baitute Europara heldu nahi dutenek. Libiatik Italiako irletara, Marokotik Kanariar uharteerara edo Andaluziako kostara.
Ehunka migrante hil dira azken egunotan hilobi erraldoi bilakatu den Mediterraneoan. Magrebetik hasi eta Ekialde Hurbileraino suzko mihia estaltzeko lanetan jardun duen Europako Batasunak bestaldera begiratu du berriz.
Beraiek hartzen dituzten erakakiak eta hautu horiek dituzten ondorioen artean loturarik ez egiteko hamaika eta bat ahalegin eginen dituzte agintari europarrek. Irudi jasangaitzen zurrunbiloan harrapaturik dauden herritarrengan ideia nahasiak eta konexio arriskutsuak sorrarazi nahian – heldu berriek arriskuan jartzen dute gure ongi izatea ez, ordea, austeritate politikek - beti ere bulego dotoretan hartzen diren hautuak deslegitimatzeko kontestazio maila murrizte aldera.
Alta, gure ardura da letra txikiak dituzten kontratu guztiak zorrotz irakurtzea, humanitarismo gerrazalearen mozorroa hartzen duten hautuak biluztuz. Horietarik batzuk guztiz naturalak agertuko zaizkigu, beste batzuk ez hainbeste. Horretarako ezinbestekoa da eraikuntza kritikoa.
Hori egin ezean militarrak hautagai mega-progresistak ahal direla izan edo-ta NATO defendatzea eta giza-eskubideak aldarrikatzea bateragarria direla pentsatzera eramango gaituzte.
Euskal herritarrok amua ez dugula irentsi nahi adierazteko ordua da, era askotako plazak zein boto-ontziak bertatik bertarako konpromisoekin betez.
Errefuxiatuak ongi etorri !