Jon Argintxona Badiola, Ibon Meñika Orue-Etxebarria, Maitane Azurmendi, Aitor Amutio, Itxaso Amunategi, Sabin Ibazeta, Camino Saiz, Maitane Uriarte, Xabier Onandia eta Aitor Iruskieta
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Memoria eta politika Gernikan

Bizia eta askea den herri baten memoriak lan kolektibo anitz eta kritikoaren (zientifikoa ere) emaitza izan behar du, eta ezin da aginduz ezarri

Iazko urrian, Gernika-Lumoko Astran dagoen babeslekuan kontzentrazio esparruari buruzko Auschwitz-Birkenau poloniar museo estatalaren erakusketa txiki bezain hunkigarri bati hasiera eman zitzaion. Bertan Gernikako udal gobernuak babeslekua eskaini dio, Gernika-Lumon 2019ko urritik 2020ko ekainera arte zabalik egongo den baina gero estatu espainiarretik ibiliko den erakusketari. Erakusketaren antolatzaile eta arduraduna Tradizio eta Europako Kulturaren Aldeko Elkartearen (Asociación para la Tradición y Cultura europeas, APTCE) fundazioa da. Erakusketak oihartzun zabala eduki du.

Baina zelan garatu den ikusita, egitasmoak hausnarketarako (eta kezkarako) aukera ere ematen digu. Astra eraikinaren kasuan bezala, babeslekua zutik badago herri ekimenaren ondorioz izan da. Ez inongo erakunderen ekimenarengatik. Herritarrek hartu zuten, bertantxe, hondeatzeko makinei eta pikatxoiei aurre egiteko ardura, hura botatzeko aginduarekin agertu zirenean. Garaiko ordezkarien sentsibilitateari jarraituz gero, gaur babeslekua dagoen tokia eta ingurua, zementuzko edo asfaltozko espazio leuna izango zen. Herritarrak, herri eragile eta elkarteak, eraikin horren balioaz jabetuta, izan ziren babeslekua gordetzea merezi zuela erabaki zutenak. Harrezkero, babeslekua hainbat ekimen herrikoiren agertoki eta topalekua izan da. Hainbat elkartek bultzatutako hamaika saio egin dira, hunkipen eta zirrara sentsazio desberdinekin. Erreibindikaziorako eta transgresiorako ere balio izan dute bere hormek, eta apirilaren 26 bakoitzean, 1937ko eraso kriminalaren eta gaur egungo gerra kriminal guztiak salatzeko Gernikan jotzen diren sirenetako batek –Lobak elkartearen ekimenez hautsetatik aterata– bertatik oihukatzen digu urtero-urtero. Dena dela, aurten ekimen horiek guztiek eta egin zitezkeen beste batzuek ez dute bertan lekurik edukiko, udal gobernuak, aipatutako jarduera horietaz ohartu barik, antza, edo garrantzi handirik ematen ez dielako, Auschwitz kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa horri lehentasun osoa ematea erabaki eta datorren urteko ekaina arte bertan iraungo duelako. Herriko taldeei inolako informaziorik eman barik, haien egitasmoei buruzko inolako galderarik edo kontsultarik egin gabe, aldebakartasun osoz, zapalgailu batekin bezala, erabaki bat hartu eta gauzatu egin du. Argi utz dezagun. Ez diogu aipatutako erakusketa eta babeslekuko beste ekimenak bateragarriak ez direnik. Ez dugu esan nahi Gernikako Udalak Memoriarekin lotutako ekimenik, bizitza sozialaren beste edozein arlotan bezala garatu ezin duenik. Aitzitik, dioguna da bateragarritasun hori lortzeko, udalak ez duela egin ezta ahalegin txikiena ere.

Zein da erakunde politikoen funtzioa? Herria zuzendu eta gidatu? Herritarren ekimen esparrua murriztu eta hartu? Edo herritarrak lagundu, gizartearen eremu desberdinetan, haien ekimenetan eta proiektuetan, elkarren arteko lanean?

Eta memoriaren eraikuntza? Ez da memoria komunitate baten izaeraren oinarria? Baina komunitate baten memoriak ez du izaera objektiborik. Eraikuntza bat da; eraikin soziala. Zer gogoratu nahi dugun, zer garen eta batez ere zer izan nahi dugun gaiarekin lotuta dago. Eta horregatik, bizia eta askea den herri baten memoriak lan kolektibo anitz eta kritikoaren (zientifikoa ere) emaitza izan behar du, eta ezin da aginduz ezarri; edo, hierarkikoki ezarria denean, kasurik hoberenean ere, ezin da goi mailako asmo ilustratu baten emaitza izan. Aitzitik, giza komunitate baten alderdi desberdinek ahalegin horretan bat egiten dutenean, parte-hartze horren bitartez sortutako elkarren arteko topagunean gizarte hori aberasteko eta biziberritzeko baliabideak eratu direla esan daiteke.

Buscar