Memoria ez da delitua
Egun hartatik aurrera bizitza aldatu da, gure bizitzak aldatu dira. Astebururo mugikorrari adi egoten naiz ea Puerto de Santa Mariako espetxetik bere deia jasotzen dudan, jakin arren dei hori ez dudala inoiz jasoko. Askotan zurekin amesten dut «Antxo», bizitakoak gogoan eta, esnatzerakoan, amets horiek birgogoratu nahian egoten naiz gosaltzen dudan bitartean.
Gauero Euskal Herriari nago kantan, entzungo nauzuela ziurrean, zeruan gauero ikusten ditudan izarrak izango direlakoan, gure loturak.
«Antxo»-ren hitzak dira hauek, duela urte batzuk Iruñeko punk rock talde batentzako egindakoak.
Gure lotura bai, haurtzarotik hasten da lagun, zenbat min, negar, barre, amets eta trastada. Haurtzaroko jolasetan ezagutu ginen, ikastolako patioan hezi gintuzten, fosoetako harresietan handitzen joan ginen eta Iruñeko kaleetan gaztaroa igarotzen.
Milaka saltsatako espezieak, gazte, irrati, okupazioa, musika sortzen eman genuen gure gaztaroa. Garai horietarako aurreratuak ginen, batez ere kalean eta kaleak hezi gintuelako. Doga berpiztuz, Siempre es tres "Zarata" irratian, Zartako Iruñeko punk bortitza, inauteriak, auzoko jaiak, amnistiaren aldeko mugimendua, zenbat frente eta zenbat amets gureak.
Parrandan ere ederto, Katxi de Oro sariak umezurtz gelditu dira, zenbat istorio, komeri gogoratzeko eta ere bai isilpean gordetzeko, eh «caballo loco»?
2008ko udazkena, udazken beltza izan zen gurean. Koadrilako bi lagun Estatu espainiarreko estatu terroristek «Dodos» eta «Antxo» atxilotu, basati torturatu eta gugandik ehunka kilometrotara espetxeratu eta sakabanatu zituzten.
Koadrila urte luzez ere zigortua izan zen, Soto del Real, Aranjuez, Salamanca, Algeciras, Puerto de Santa Maria, Valencia edota Toulouseko espetxetara bere lagunak bisitatzera, errusiar erruletara kondenatuz.
Iazko martxoaren 6an, egutegian egun triste eta beltz moduan seinalatuta dugu. Ezin ahaztu bere anaiaren dei hura, sinestezina, tristura, gorrotoa, inpotentzia eta mendeku gosea. Egun horiek oso gogorrak izan ziren «Antxo»-ren sendi eta lagunentzat. Eskertzekoak dira momentu horietan jasotako babes eta indar mezuengatik.
Egun hartatik aurrera bizitza aldatu da, gure bizitzak aldatu dira. Astebururo mugikorrari adi egoten naiz ea Puerto de Santa Mariako espetxetik bere deia jasotzen dudan, jakin arren dei hori ez dudala inoiz jasoko. Askotan zurekin amesten dut «Antxo», bizitakoak gogoan eta, esnatzerakoan, amets horiek birgogoratu nahian egoten naiz gosaltzen dudan bitartean.
Koadrilan ere nabari dugu zure hutsunea, beno hutsunea baino boketea, galaxiako zulo beltza utzi duzu lagun. Geroztik «Antxo», nahiz eta bakoitzak bere bizitzarekin jarraitu presente zaitugu uneoro eta gure kedadetan beti zara gure iparrorratza, gure lotura. Gurean, talde terapia egin behar izan dugu, gure artean gehiago mimatu eta indartu. Iaz, lehendabiziko aldia izan zen koadrilako asko lehendabizikoz negar egiten ikusten nituela, ze gogorra eta zurekin bizitakoak gogoratzean zuk zenuen irri zirikatzailea marrazten zaigu guri ere.
Gaur, 2019ko martxoaren 6an, Azuelon zure omenaldia egin behar genuen baina berriro ere Estatu espainiarraren krudelkeria begi bistan gelditu da ekitaldia debekatuz. Omen biktimak irainduko dira ekitaldia ospatzen bada.
"Memoria ez da delitua" lelopean gaur manifestazioa egingo dugu 19:30etan Golem zinemetatik. «Antxo»-ren koadrilaren izenean bertan parte hartzera dei egiten dizuegu.
Antxo Puerto IIIko espetxean erail zuten. Beste mundu bateko militantea, espetxea, tortura eta bakardadea pairatuz, etxetik milaka kilometrotara gatibu. Zu suntsitzea eta damutzea helburu zuten. Ezin izan zuten lortu, irria eta indarra baitzinen preso guztien xedea bururaino eramanez. Agur eta Ohore Antxo, lagun, burkide eta maitale.
Zanganilloooo! Ekaitzaz babestu beharrean euripean dantza egiten ikasi dugulako.
Zutaz harro lagun!