Paulo Iztueta

Mikel gogoratuz azken agurra

Urte asko eman ditu kausa zuzen baten alde, Euskal Herri burujabe, berdintzaile eta euskaldun baten alde. Herri Gazteriatik hasi, ETA erakundetik pasa eta Sortun bukatu duen arte. Urrezko ezteiak ondo beteta, iraultzari 52 urte eskainita.

Larunbata zen, 2017ko ekainak 11. Telefono-haritik berria: «Mikel larri da». Hamaikak inguru ziren. Gorputza dardaraka jarri zitzaidan eta, Eneko semearen laguntzarekin, berehala geunden Galdakaoko ospitaleko UCIn. Gela batean zegoen Mikel tresnez eta zintaz inguratuta. Aurpegia zurbila, begirada galdua, ahotsa ahula, arnasa zaildua. Irribarre antzeko keinuarekin hartu gintuen eta sei bat minutuz-edo, nekatua sentitu zen arte, solasaldi pausatua, gozoa eta atsegina izan genuen. Burua oso argi zeukan.

Bere jarreran, zegoen egoeran egonda, harritzekoa zen zer-nolako nortasun estoikoa erakusten zuen. Bazirudien azken esperantzaren argi txikiren bat edo ikusten zuela. Ni, bederen, konbentzituta nengoen etsitzea zer zen ez zekien hark bere azken guda galdua zuela. Agurtzean, belaunean ukitu nion, sentitu zuen, eta esan zidan: «Hor ez dago indarrik». Gelatik irtetean, Orixeri Lizardi hilberriaren aurrean gertatu bezala, hura azken agurra zela jabetuta, begiak busti zitzaizkidan. Etxeratu eta, berriro telefono-deia zazpiak inguruan: «Mikel hil da».

Orain, gure artean daukagu, haren errautsak lurraren sabelean bizi berri baten hazia sustraitzen geratzen dira, muskil berriak ernetzen, zuhaitzak loratzen. Ederra zen herriko elizako pulpitua. Hain ederra da, baita ere, hemen aurrean daukagun «kurpitu» kosmiko hau, haizeek, euriek, izotzek, beroek beren ukituekin laztantzen duten muino hau, ardiek bazkatzen duten belardi hau, bihotzeko zauriak sendatzen edo, bederen, goxatzen lagunduko digun naturaren emaitza paregabe hau.

Jakingo duzue seguru asko, baina esango dizuet zergatik hautatu zuen leku hau bere deskantsurako. Berarekin izaten nituen solasaldietako batean, Berastegi sorterriari buruzko lana egiten ari nintzela, Andres Etxeberria aitonaren aipua egin zidan. Bazekien dantzari-irakasle izana zela, txistulari ere bai, dantza-saioak Martinenean egiten zituztela, Batzokia zegoen leku berean… Eta halako batean gorderik zeukan zerbait agertu zidan, berak beste norbaitek esanda zekiena: alegia, bere aitona Andres, euskaltzalea eta abertzalea, 1936ko gerratekoan, hiltzera kondenatuen zerrendan egon zela eta, hain zuzen, beste bandoko batek salbatu zuela. Lehengusua zuen. Aitona Andres, ondo dakizuen bezala, muino honetan segan ari zela hil zen bihotzekoak emanda gerrate ondoko hamarkadaren erdi aldera. Orain ulertzen da hobeto zergatik egon nahi zuen bere aitonaren ondoan.

Ez noa bere bizi-urratsen berri ematera. Atzoko GARA egunkarian (2017-06-12) dator haren joan-etorrien berri laburra, Xabier Izagak egina. Pena da berak ez irakurri izana, heriotzak lehenago harrapatu baitzuen. Hil baino astebete lehenago egindako telefono-dei batean ohe-ertzean eserita harrapatu nuen, gosaltzen. Beti galdera bera: «Zer moduz, Mikel?».  Erantzuna, lakonikoa izen zen: «Gau osoa tortura bat izan da, zangoetan ez dut indarrik zutik jartzeko ere». Eta bukaeran, zerbait garrantzitsua esan nahi izan balit bezala, GARAko kazetari batekin elkarrizketatu zela eta ekainaren 10ean, larunbatez, argitaratzekoa zela. Mezu honek pentsarazi zidan etsitzen hasia ote zen. UCIko gelan geundela, solasaldiaren barruan, galdera hau egin zigun: «Argitaratu al da elkarrizketa hori?». Ez genekiela esan genion, ez genuela begiratu. Antza, berak eskatu zuen elkarrizketatua izatea.

Urte asko eman ditu kausa zuzen baten alde, Euskal Herri burujabe, berdintzaile eta euskaldun baten alde. Herri Gazteriatik hasi, ETA erakundetik pasa eta Sortun bukatu duen arte. Urrezko ezteiak ondo beteta, iraultzari 52 urte eskainita. Ia bizitza osoa hartzen duen ibilaldi luze horretan denetarik ezagutzea tokatu zaio: espetxea hiru aldiz, torturak, ihesak, klandestinitatea, erbestea. Azkenean odolean sortutako gaixotasunak eraman du sasoi betean zegoena. Herrialde asko zeharkatu ditu: Iparraldea, Paris, Belgika, Jugoslavia, Kuba, Mexiko, eta gehiago, eta guztietan utzi du bere arrastoa. Kubatik, batez ere, oso ideia garbiekin etorri zen. Beti hura zuen aiputan.

Inoiz Euskal Herriaren memoria historikoaren kutxa osatzen bada, seguru nago gaur hemen omentzen dugun honen izen-abizenak letra handiz agertuko direla, haren eta bere antzekoen lekukotzek garrantzi handia izango dutela. Ezagutu dugunok badakigu Mikel neurri handiko erreferente historiko bat izan dela, nagusietako bat, epealdi ezberdinetako esperientziak zuzenean jaso eta bizi izan dituena.

Bukatzeko, maila pertsonalean jardungo naiz eta oso barrutik. Arratiako Areatzan aurkitzen nintzen 1969ko Bilboko Artekaleko tiroketan Mikel larriki zauritua izan zenean. Zakur amorratuen antzera ibili ziren haren atzetik Orozko mendietan. Esan beharrik ez daukat, nik baino hobeto dakizuelako, «Ameri» baserri hau ere erabat inguratua egon zela poliziez eta guardia zibilez. Halere, zailtasun guztien gainetik, zaurituak ihes egitea lortu zuen, aldez bere kuraiari esker eta aldez, eta nagusiki, herritarren laguntzari esker. Kolore askotako jendea izan zen, ehunka, haren ihesean parte hartu eta, ondorioz, zapalkuntza jasan zuena Kataluniak ere erakutsi zuen bere solidaritatea Pirinioak zeharkatzen. Euskal iraultzaren urrezko aroaren adierazle zen garai hura.

Haren bila zebiltzan haiek ez zekiten asko 23 urteko gazte hura baserri-lanetan zaildua zela, Larte, Uli eta inguruetako mendiek ez zutela harentzat sekreturik, behin basoan barneratuz gero, nonbaitetik irtenbidea izango zuela, bazekiela erbiak ze jirabirak egiten dituen ehiztarien ihesi doanean.

Aitortu behar dut orduko gertakariek eragin erabakigarria izan zutela nire bizitzan. Honek esplikatzen dut zergatik egon garen elkarrengandik hain hurbil. Bakoitza bere bidean, bere uste, sinesmen eta jokabidearekin. Eta guztia esateko, jakina, baita akatsekin ere. Gabea ez da inor mortalen munduan.

Mikel: honezkero nekatuko hintzen beti borrokan eta hago orain lasai hagoen lekuan hizketa luzean inguratzen hauten eta hitaz oroitzen diren guztien konpainian. Hago lasai, eta goza, sinesten huen paradisuan. Beste bat arte.

 

(Testu hau «Ameri» baserri ondoan dagoen «Kurpitu» izeneko muinoan bere familiak egindako agur-omenaldian irakurritakoa da)

Buscar