Aritz Ayesa
Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria

Mugikortasun iraunkorra bizi kalitatea da

Asmo handiko apustu bat da, non lehentasuna eman zaion politikaren eta administrazioaren arloko adostasunari, betiere etorkizun senarekin lan eginda, planak hamarkada bat hartzen baitu. Herritarren ekarpenak kontuan hartuta plana osatuta dagoenean, lanerako oinarri bat izango dugu.

Egunetik egunera sentsibilizazio handiagoa antzematen da mugikortasun iraunkorraren kontzeptuari dagokionez. Hiri eta metropolialde askotan, auto partikularraren erabilera orokortuaren alternatiben planak egiten dituzte, garraio eredu horrek ingurumenean eta gizartean eragiten dituen arazoak saihesteko. Iruñerrian ere asmo horrekin ari gara lanean.

Joan den urteko azaroan, Iruñeko Baluarte jauregian egin zen ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) aurkeztu zuen. Plan horretan, Iruñerriko 18 udal, Nafarroako Gobernua eta Mankomunitatea ari gara elkarlanean, eta bere helburua hau da: eskualdean egiten diren joan-etorrietan, banaketa modala arrazionalizatzea, sozialki orekatua den garapena, integratzailea eta, ingurumenari dagokionez, iraunkorra dena mesedetuko duen mugikortasun baterantz zuzenduta berriro. Azken batean, mugikortasunean aldaketak eginda, gure eskualdeko bizi-kalitatea hobetzea da asmoa.

IHMIPak erabakimenez egiten du mugikortasun iraunkorraren alde, eta mugikortasun horrek oinezkoa, bizikleta eta garraio publikoa lehenesten ditu. Xedea da lekualdatze ez motordunak (oinez eta bizikletaz egindakoak) lekualdatze guztien %50 izatera heltzea, garraio kolektiboaren erabilera %20 izateraino handitzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera egungo kuotatik %30era gutxitzea.

Gogora ekarri behar da Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana Eskualdeko Hiri Garraiotik harago doala eta alderdi desberdinei heltzen diela. IHMIPa lantzeko lehen dokumentuak 19 estrategia biltzen ditu, eta horietan  alderdi hauek jorratzen dira: hirigintza edo lurraldearen antolamendua, oinezkoen mugikortasuna, bizikleten mugikortasuna, ibilgailu pribatua, esparru bereziak (mugikortasuna ikasketengatik, lanarengatik edo erosketengatik), zeharkako neurriak (informazioa eta aurreikusitako jarduketen koordinazioa) eta hiri garraioa bera.

Azaroko jardunaldi horretan bertan, plan honi lotuta dagoen parte-hartze prozesuaren berri eman genuen. Hartara, ekimen horren bidez, horretarako egokitutako kanal guztietatik iritsiko zaizkigun proposamen guztiak entzun, aztertu, arrazoitu eta erantzuteko konpromisoa hartu dugu sustatzaileok. Plan hau herritarrekin eta interesa duten taldeekin batera eraiki nahi dugu; eta horretarako, parte-hartze prozesu zabala garatzen ari gara, iritziak eta ekarpenak jasotzeko eta diagnostikoak egiteko.

Aurreko urteko abenduaz geroztik, Eskualdeko Hiri Garraioaren esparruan sartuta dagoen udalerri bakoitzean informazioa emateko eta parte hartzeko saio bat egin da. Eta egun hauetan, Iruñeko auzoetako saioak hasi dira.

Lurralde-saio horien ondotik, parte-hartze prozesuaren hasierako fase hau martxoaren 7an amaituko da. Guztira, planean inplikatuta dauden udalerri eta Iruñeko auzo guztietan 35 saio egingo dira. Beste alde batetik, hausnartzeko saioak martxoan hasi eta ekaina bitartean egingo dira. Herritarrek eta interesa duten taldeek planaren zirriborroari egindako ekarpen horiek guztiak edukita, administrazioek hura onartzeko eta azken dokumentua idazteko faseari ekingo zaio.

Laburbilduz, asmo handiko apustu bat da, non lehentasuna eman zaion politikaren eta administrazioaren arloko adostasunari, betiere etorkizun senarekin lan eginda, planak hamarkada bat hartzen baitu. Herritarren ekarpenak kontuan hartuta plana osatuta dagoenean, lanerako oinarri bat izango dugu, erakunde bakoitza –udalak, Nafarroako Gobernua eta Mankomunitatea– gai izan dadin ikuspegi konpartitu eta orekatu bat izateko, Iruñerriko gainerako kideekin.

IHMIPa erakunde-konpromiso baten oinarriaren gainean garatzen ari da, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Ituna, orain plana sustatzen ari diren erakunde publiko berberek onetsi zutena 2017ko otsailean. Gainera, interesa duten 60 taldetik gora aritu ziren parte hartzen HMIParen lehen zirriborroa idaztean eta haren diagnostikoa egitean.

Baina plan hau abiarazi zuen apustua berriro berretsi beharko da plana amaituta dagoenean: ibilitako bide osoak apustu politiko berri batera eramango gaitu, politika eta erakunde arloko konpromiso batera, eta horrek exijituko du legegintzaldi batetik harago mantendutako ahalegin bat, epe laburra, ertaina eta luzea elkartuko dituen plangintza batekin. Gainera, ez dugu ahaztu behar plan honek arrakasta izateak eskatzen duela Iruñerrian bere osotasunean pentsatzea: mugapen geografikoak gaindituko dituen ikuspegia izatea eta helburu komun bat izanda lan egiteko bidea emango duena, bizi garen, lan egiten dugun edo joaten garen udalerria edo auzoa gorabehera.

Gure etorkizuna proiektatzeko aukera handia dugu aurrez aurre. Mugikortasuna arrazionalizatzea lortzen badugu, soinu igorpenak eta igorpen kutsatzaileak murriztea lortuko dugu eta horrek, beraz, osasun handiagoa ekarriko du gure eskualderako. Halaber, zirkulazioa eta autoen aparkamendua mugatuko da eta, hartara, bizimodu sozialerako eta merkataritzarako espazio publikoa berreskuratzeko aukera izango da. Gainera, bide segurtasuna nabarmen hobetzea ahalbidetuko du.

Hori dela eta, otsailean hiriko auzoetan egingo diren parte-hartze saioetara joatera animatu nahi ditut iruindarrak eta herritar oro. Bizi den lekua gorabehera, hobekien datorkion saiora joan daiteke nornahi. Era berean, mugikortasunari buruzko beren ekarpenak jada helarazi dizkiguten Iruñerriko herritar askoren interesa eskertu nahi dut.

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren bidez, eskualde osasungarriagoa eta, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik, bidezkoagoa dena lortu ahal izango dugu denon artean. Horrenbestez, bizitzeko nahi dugun ingurunea bururatzeko eta planifikatzeko aukera ezin hobea dugu aurrez aurre.

Buscar