Muñagorri, bakea eta foruak

Joseba Aurkenerenak Jose Antonio Muñagorri eskribauaren biziari begirada bat bota dio. Urruñako idazleak, 1833. urtean lehen karlistadan gertatutakoa kondatzen du eta batez ere Muñagorrik gertakariekin zuen harremana azpimarratu du.

17/04/2015

Nafar eta gipuzkoarrok! Bost urte dira hondamen eta heriotza gure sorterriaren gainean dauzkagula. Gure lurraldean isuri den odola senideen odola dugu; su-emaile batzuek bultzatuta, printze baten alde borrokan ari diren anai kementsuen odola. Espainian errege izateko badaezpadako eskubideak dituen baten alde emanak. Zer eskatzen duzue? Zergatik eta zeinentzat ari zarete sutan? Bakea eta foruak. Hauek izan behar ditugu helburu! Handikiek errege-aulkia nahi badute, hor konpon!

Nafarroa eta beste hiru probintziak hainbeste adiskidetasun, odol, ohitura eta eskubidez elkartuak, beti beren buruaren jabe izan dira. Hemendik aurrera ere, ez genuke jauntxo zikin horien menpeko izan nahi. Agintzen ohituak eta behartsuen bizkar aberasten diren horien morroi. Gora gure askatasuna! Har itzazue armak! Bakea eta libertatea!
Zaudete agintari berrien esaneko!

Berastegi, 1838ko apirilaren 19a. Askatasunaren buruzagi nagusi den MUÑAGORRI. Gora gure askatasuna!                      
   
     Aisa ikusten den bezala, dei edo proklama hau ez da gaurkoa, dena den, bere mezuak ez du gaurkotasunik galdu, nahiz eta bertan azaltzen diren aipamenak XIX. mendekoak izan. Dei honen egilea Jose Antonio Muñagorri izan zen. Baina nor izan zen Muñagorri eta zertarako zabaldu zuen bere deia?


1.- Nor zen Muñagorri?

      Jose Antonio Muñagorri 1794. urtean jaio zen Gipuzkoako Berastegi izeneko herrixkan. Bai bere aitona eta bai bere aita herriko eskribauak izan ziren, eta aita hiltzean berari egokitu zitzaion familiaren ofizioa betetzea. Eskribau izatea ez da inon eta inoiz erraza izan, baina garai haietan gutxiago oraindik. 1808. urtean Napoleonen tropak, Iparraldea Frantziarako  suaz eta odolez ongi lotu ondoren, Hegoaldera eta Espainiara sartu ziren, eta ez ziren 1813. urtera arte bertatik joango. Urte beltz haietan hondamendia eta heriotza egin ziren Euskal Herriaren jabe. Odol-huste handia izan zen. Egoera triste hartan hazi zen Muñagorri.

     1833an lehen karlistada hasi zen, eta berarekin batera, heriotza, odol isurketa eta tristura gure herriaren bazter guztietan barreiatu ziren.

2.- Lehen karlistada.-

     Gerraren lehen urteetan, Tomas Zumalakarregiren garaipenen ondorioz, karlistak Hego Euskal Herri osoan nagusituko zirela ustean, karlisten aldekoa izan zen. Baina Zumalakarregi hiltzean, eta karlisten garaipena ezinezkoa zela ikustean, irtenbide baten bila aritu zen gerrarekin amaitzeko. Bazituen lagunak bai karlisten eta bai liberalen artean, eta hori zela eta, erraztasun handia izan zuen bai batzuekin eta bai besteekin hitz egiteko. Horrela, bai euskal karlistek eta bai euskal liberalek bakearen eta foruen aldeko aldarria egiten zutela ikustean, bi kontzeptu horien uztartzean ikusi zuen bilatzen ari zen irtenbidea.

     Euskaldun karlisten artean ordurako gerra galduta ikusten zen eta foruak errespetatuko zituen hitzarmen baten beharraz hitz egiten hasita zeuden. Hori izan zen Muñagorrik itxaro zuen momentua, eta isilka alde egin zuen karlisten menpeko Berastegitik liberalen menpeko Donostiara. Bertan zituen lagun liberalekin bildu zen eta beraiekin batera gerrari amaiera emateko agertoki berria prestatu zuen: Bakea eta foruak. Hau da, karlisten errendizioa eta euskal sistema foralaren iraupena. Donostiako liberal foruzaleen artean oihartzun handia hartu bazuen ere, ez zen horrela gertatu karlisten artean. Berehala zabaldu zen Madrilgo gobernu liberalaren laguna zela eta traidoretzat jo zuten.

3.- Muñagorri: Bakea eta foruak.-

     Karlistadaren bosgarren urtea iristean, Muñagorrik Bakea  eta foruak  aldarri gisa zuen bandera astindu zuen. Bere helburua gerrari amaiera ematea zen. Gerrak ez zuela ezer onik ekarriko, heriotza eta miseria, besterik ez, zabaldu zuen: “Ez gaitezen Ebroz haranzko karlisten esperantzetan bizi! Odol isurtze gazteen lorea galtzea eta anaiek anaien kontra borrokatzea, gauza tristea baita.. Gaztelak nahi duen erregea har dezala, guri foruak gordez gero, berdin baitzaigu edozein.”

     Eta bakearen eta foruen aldeko mezua euskal lurraldeetan barrena zabaltzeko bertsoak erabili zituen baliabide gisa. Bere ideiak defendatzen zituzten bertsoak ahoz aho zabaldu ziren eta laster arras ospetsuak egin ziren bai liberalen eta bai karlisten artean. Hona hemen:

       Muñagorrik diona / bere proklamian / gerrak hondatzen gaitu /  bosgarren urtian. / Iaz jarririk Karlos / Madrilgo bidian, / bultza zuten atzera /  gerra bere onian.

Agintari onenak / preso daduzkate, / euskalduna izatia / du bakoitzak kalte, / Tejeiro ta Maroto / guztien alkate, / zer gizon horietatik / espera gentzake?

Carlos agertu ezkero /  probintzi hauetan / beti bizi gerade / neke ta penetan. / Nahiz kendu guk duguna / behin ere ezer eman; / Bost negar egiteko, /  nonbait jaio ginan.

 Hainbeste odol isurtze /  ez da doloria? / Hil da probintzi hontan /  gazteen loria. /  Herria defendatzia / litzake honoria. / Anaia anaiaren kontra / txit gauza tristia.

Semiak soldadu ta / preso gurasoak, / ezin pagaturikan / kontribuzioak. / trintxera lanetara / gainera auzoak. / Dolorezkoak dira /
gaur gure pausoak.

         Kordoiz inguraturik /  kostatik Ebrora, / trabaz gaude josirik / behera eta gora. / Atzenikan frantsesak /  itxi du frontera, / gerrak ez dakar onik / inondik inora.

Atia itxi ta / ogia garesti. / Artoa ere ari da /  igotzen poliki; / Dirua ezkutatzen da /  egunero hemendik. / Nola bizi garen bada, / harritutzen naiz ni.

     Laster bertsoak bazter guztietara zabaldu ziren, eta bai sagardotegietan eta bai bi bandoen tropen artean ere, hagitz famatuak egin ziren. Gero eta zabalagoa zen herriaren sektore handi batek bat egin zuen Muñagorriren bertsoek zabaltzen zuten mezuarekin, eta antzeko bertsoak nonahi sortu ziren.       

Pakea eta fueruak / da gure bandera, / gure anai maiteak / zatozte honera! /   Nafarrak, alabesak, / giputz, bizkaitarrak / zatozte guregana / gazte eta zaharrak!

      Beltzak eta zuriak / dira erausiak, / elkar hartu dezagun /  euskaldun guztiak, / egiten degularik /  bizitza berria, / defenditu dezagun / fueruen herria!


     Hasiera batean bakea eta foruak izan ziren aldarri bakarra, baina laster bestelako kontzeptuak: euskaldunon batasuna, nortasuna eta autogobernua gehitu zitzaizkien. Muñagorrik bere mendeko bi mila lagunez osaturiko armada antolatu zuen. Bere soldadu gehienak artzainak eta baserritarrak zirenez gero, ez ziren sobera trebeak armak erabiltzen, eta horrek karlista etsaien mespretxua eta burla areagotu zituen. Karlistek euren armada bidali zuten Muñagorriren aurka, eta jasandako porrotaren ondoren Baionara ihes egin behar izan zuen aterpe bila. Hala eta guztiz ere, Muñagorrik beste hiruzpalau aldiz antolatu zuen armada ttiki bat eta bere gizonekin Gipuzkoan eta Nafarroan sartu zen bere aldarria zabalduz. Baina guztietan porrota jaso behar izan zuen. Porrot haien oihartzuna dakarkigute garaiko bertso hauek:

Muñagorriren jendiak / sutan ez daude trebiak, / bila litezke hobiak./
Santa sekulan ez du gauza onik / hain gizon gogo gabiak, / endemas desertoriak, / diru bila ateriak, / aditu behar tziten  beriak.

4.- Tragediaren bukaera.-

     Bitartean gerra oso gaizki zihoan karlistentzat, eta 1839ko agorrilaren 31n, Marotok eta Esparterok Bergaran elkarri emandako besarkadak amaiera eman zion gudateari. Esparterok honela aldarrikatu zuen: “Euskaldunak, ez izan beldur. Zuen foruak errespetatuak izanen dira, eta norbaitek haien aurka zerbait egin nahiko balu, ni izango nintzateke lehena nire ezpata ateratzen bere defentsan jartzeko


     Karlos erregea Frantzian babestu zen eta bertatik bere eskubideak aldarrikatzen jarraitu zuen. Horrekin batera, bigarren gerrarako bideak prestatzeari ekin zion. Muñagorri, politikagintzaz zeharo desengainatua, Berastegi ondoan, zeukan Zumarrista burdinolara erretiratu zen. 1841eko urriaren 14an, Erramun Elorrio sarjentu karlista Zumarristan agertu zen zenbait soldadurekin, Muñagorri preso hartu eta Eratsunen, bere emaztearen aurrean hil zuen. Emazte atsekabetuak, negarrez eta malkoz, honako madarikazioa bota zion sarjentuari: “Gaiztoz hil duk nire senarra, baina hi ere, horrela hilko haute!”  Badirudi madarikazioa zenbait urte beranduago, Ameriketako lurretan, bete zela, gaiztoz hil zuena gaiztoz hil baitzuten.     


Artículos
Jose Mari Esparza Zabalegi
20/10/2018
Ane Aizpurua Aizpurua
20/10/2018
Víctor Moreno
19/10/2018
Itziar Aizpurua Egaña
19/10/2018
Cartas
Mikel Quintela Alvarez | Tuerto por un pelotazo
20/10/2018
Koldo Campos | Escritor
19/10/2018
Ainara Sagarzazu González
19/10/2018
Maria Olga Santisteban Otegui | Zalla (Bizkaia)
19/10/2018
Últimos posts
Fito Rodriguez
20/10/2018
Martin Garitano
19/10/2018