Isidro ESNAOLA

Munduko moneten gobernua

Egia da finantzen kolapsorik ez dela eman, baina, era berean, ekonomia bera ere ez da suspertu. Horren adibide da AEBetako langabezia tasa: Mediterraneotik begiratuta txikia badirudi ere, hango neurrirako oso altua da oraindik ere.

Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federaleko presidentea den Ben Bernake bere agintaldiaren azken hilabeteak betetzen ari da. Bere agindupean Erreserba Federalak nagusiki bi neurri hartu ditu finantza krisiari aurre egiteko. Lehenengoa, dirua barra-barra jaulkitzea. Neurri horren helburua krisiaren ondorioz banketxeek eta enpresek izan zezaketen diru falta ekiditea zen. Eta, bigarrena, inbertsioak eta enplegua sustatzeko beharrezkotzat jotako epe luzeko interes tasak jaistea. Horretarako, Erreserba Federala epe luzeko zor publikoa erosten eta epe motzekoa saltzen ibili da. Modu horretan saiatu da interesak jaisten.

Eztabaidagarria da oso helburu horiek noraino gauzatzea lortu duen Bernakek. Egia da finantzen kolapsorik ez dela eman, baina, era berean, ekonomia bera ere ez da suspertu. Horren adibide da AEBetako langabezia tasa: Mediterraneotik begiratuta txikia badirudi ere, hango neurrirako oso altua da oraindik ere. Horiek horrela, ez du ematen Bernakek arrakasta handia izan duenik ekonomiaren kudeaketan.

Denbora pixka bat darama Bernakek agurra prestatzen eta bere ondorengoari diru jaulkipenaren arazoa ezin diola utzi iruditu zaio. Izan ere, agurrarekin batera diru zabalkunde politikaren amaiera bera ere iragarri du. Eta horrek arazoak ekarri ditu, batez ere fokutik kanpo gelditzen diren hainbat estatutan, hala nola azken urteotan garapen handia izan duten Brasilen, Hegoafrikan, Errusiar Federakundean eta Indian bertan ere. Estatu horien egoera ez da berdina baina guztiak ari dira presio berdina sumatzen azken boladan: euren monetak dolarrarekiko balioa galtzen ari dira. Horrek honakoa esan nahi du: dolarrak estatu horietatik ateratzen ari dira berriz ere AEBetara bueltatzeko.

Joan-etorriko bidaia baten bueltan gaude orain. Bidaia hori Ben Bernake moneta jaulkitzen eta interes tasa manipulatzen hasi zenean abiatu zen. Orduan, dolarrek beste estatu batzuetara egin zuten alde inbertsio emankorragoen bila. Orain, politika horren amaierarekin, espekulatzaileek AEBetan interes tasak igoko direla eta arrisku gutxiagorekin AEBetan bertan inbertitzen etekin handiagoak lortuko dituztela aurreikusten dute. Horrenbestez, etxera bueltako bidea hartu dute berriz ere. Estatu espainolean burbuilaren lehertzearekin gertatu zena gertatzen ari da: kanpoko diruak alde egin zuen eta bertakoak zorpetuta gelditu ziren. Herrialde horien kasuan, zorpetze mailaren arabera, eta, batez ere, zorrak dolarretan edo bertako monetetan ordaindu behar dituzten arabera, egoera txarra edo okerragoa izango da aurrerantzean. Gertakari horrek estatu horien ekonomiaren bilakaera markatuko du hurrengo hilabeteetan, eta, horren ondorioz, baita munduko ekonomiaren bilakaera bera ere. Aipatutakoak herrialde indartsuak izanik, munduko biztanleriaren parte handi bat bertan bizi da eta ekoizteko eta kontsumitzeko ahalmen garrantzitsua dute.

Kontatutako istorio honetan, hori bai, badaude benetan xelebreak diren hainbat kontu. Zirkulazioan diru asko egonez gero, prezioak igoko direla eta inflazioa izango dugula etengabe errepikatzen digute. Aldiz, AEBetako Erreserba Federalak dirua erruz jaulki du eta ez da horrelakorik gertatu. Horrek azalpen sinple bat duela dirudi: kapitalak munduan zehar zirkulatzeko duen erraztasunaren ondorioz, dirua ez da gelditzen jaulkitzen den lekuan, baizik eta munduko zirkuituetatik hara eta hona ibiltzen da kokapen errentagarriena topatzen duen arte. Errentagarritasuna aldatzen denean, hori bai, dirua bera ere lekuz aldatzen da. Zentzu horretan, moneta indartsuak dituzten estatuak gai dira munduko diruaren zirkulazioa baldintzatzeko, eta, bidez batez, baita periferian dauden ekonomien garapena bera ere.

Kapitalen mugimenduen liberalizazioak zirkulazioan dagoen diru kopuruaren eta prezioen arteko harremanak aldatu egin ditu. Gaur egun, zirkulazioan diru gehiago izateak ez du prezioen igoera automatikoki ekartzen. Baina benetan aldatu dena honakoa izan da: liberalizazioak izugarrizko boterea eman die moneta indartsuak dituzten estatuei gainontzeko guztien aurrean. Dibisen gestioak, gero eta gehiago, mundu mailako gobernua eskatzen du.

Buscar