Jose Luis Erdozia Mauleon

Nabarra izena, arabiera?

Pasa den larunbatean, abenduak 16, GARA egunkarian, Pello Guerra idazleak Nabarra izenaren jatorriari buruzko ondorengo hipotesia aurkeztu zuen: «Mauritania como posible lugar de origen del término ‘Navarra’ es la teoría que defiende el historiador Pedro Esarte en su libro ‘El reino vasco de los navarris tras la invasión musulmana’, donde apunta que derivaría de unos bereberes que se asentaron en suelo vascón en el siglo VIII».

Nik neuk ere, duela bi urte eta erdi, gutxi gorabehera, ondorio berberak izanen lituzken artikulua argitaratu nuen Sakanako "Guaixe" aldizkarian, "Nabarra, arabiera?" izenburupean.

Asko idatzi da toponimo nagusi edo koronimo honen jatorriari buruz. Asko eta ez oso zuzen gehienetan, nire ustean behintzat, eta ez dakit zein asmorekin baztertu den, edo berarekin ez ikusiarena egin bai gutxienez, dokumentazioaren arabera logikoena eta objektiboena ematen duen hipotesia. Eta gaur egun arteko dokumentazioa aztertu eta logika aplikaturik, hau da objektibo izanik, ziurtasunez baiezta dezakegu Nabarra izena ez dela erabili inoiz musulmanak Iberiar penintsulara iritsi arte.

Nabarraren etimologia hizpide izan duten autore gehienek (Moret, Orpustan, Irigoien, Caro Baroja) «nava» edo «nabar» aipatzen dituzte koronimoaren osagai nagusi moduan, ados jartzen ez badira ere horien esanahian (mendi arteko zelaia, eremu menditsua, zelaitsua…), funtsean gaztelaniaren akademiak dakarrenaren ildotik joaz: «nava Voz prerromana; cf. vasco naba 'tierra llana'». Bada, hala ere, beste zenbait (Garay, Mendiburu) «nabar» etimoari kolore edo itxura zentzua ematen diona -a mugatzailearekin osaturik: kolore arrea («la parda»), itxura ugarikoa («la variopinta»).

Harrigarria bada ere, Euskaltzaindiko buru izan zen Manuel Lekuonaren hipotesia, niretako objektiboena, oroitzapenen kutxan erabat ahazturik. Honek (1962), ondorengo jatorria proposatu zuen Nabarra koronimo edo toponimo nagusiarendako: «(…) en su día (1953 «Toponimia riojana - Un préstamo del árabe») lanzamos una hipótesis nueva, a base de una radical de tipo semítico, árabe-hebreo, nahar, en significación de "río". Nahar, naharra = río, ribera».

«Ibaia» edo «erribera», beraz, eta ibaiaren eremua adieraziko zuen. Egungo Nafarroako Erribera eta Erreniega-Elomendi lerrotik hegoaldeko lurrak bilduko lituzke aipatu naharra > nabarra kontzeptuak, orduan. Hipotesi honen arabera, Nabarra izenaren eremuak ez zuen bere baitan egungo Nafarroa osoa biltzen, bere zati bat baizik: Ebro, Arga, Aragón, Alhama eta Queiles ibaiena.

Horrela dio Lekuona jaunak: «Los Reyes de la primera dinastía fechaban sus Documentos, ‘reinando en Navarra y en las Montañas’. Las montañas, por tanto, no eran ‘Navarra’».

Nabarra, orduan, Mendialdearekin kontrajartzen zuten erregeek beraiek. Mendialdeak erresumaren iparraldea ziren, baina denbora pasa ahala, hegoaldeko eremuaren izena Erresuma osora hedatu zen XII. mendean, Antso VI.arekin, "Rey de Navarra y de las Montañas" tituluari luze iritzirik, nonbait.

Honekin guztiarekin batera, gogoratu behar da musulmanak VIII. mendearen hasieran sartu eta ia Penintsula osoa bereganatu zutela urte gutxiren buruan, tartean egungo Nafarroako Erriberalde guztia eta eragin nabarmena izan zuten bertan denbora luzean. Eta noiz hasten da dokumentuetan agertzen «Navarra» izena? Musulmanak agertu baino lehen ez behintzat, orain arte ezagutzen ditugunen artean. Kristau elizaren buru zen Gregorio II.aren 717. urteko bulak, oniritzia eta baimena (garai hartan baldintza sine qua non zena halako «karguen» jabe izateko kristau eremuan) eman zion Garcia Ximenezi Nabarrako eta Baskoniako errege izan zedin, Urdiain eta Altsasu artean, basoan dagoen San Pedro ermitan izendatu zutenean, Rafael Carasatorreren blog-ean (www.documentanavarra.blogspot.com) agertzen den dokumentuaren arabera: «Año de setezientos y diez y siete a veinte de henero en esta iglesia de San Pedro de la Balle de Burunda fue electo y unjido por primer Rey de Navarra García Ximénez, y esta elección confirmó el mismo año el Papa Gregorio Segundo, como parece por su Bula, que la tiene la dicha Balle en su Archibo; fue redificada esta iglesia el año de mil seiscientos quarenta y siete».

«Rey de Navarra» jartzen du ermitaren atearen gainean, baina ez da ahaztu behar 1647. urtean berritu zutela ia erabat aipatu ermita eta ordurako «Reyno de Navarra» izena baino ez zen erabiltzen, bistan da.

Aipatu dudan bulak, argi eta garbi, eta ez behin edo bitan bakarrik, baizik eta bederatzi aldiz, ondorengoa dakar: «(en/de/para/rei de) Nabarra o Zeltiberia y Basconia…» Ez dut bula osoa hemen agertuko luze samarra delako, baina bertan, gaizki ulertzeko aitzakiarik gabe, irakur daiteke bederatzi aldiz Garcia Ximenez ez zela soilik orduko Nabarrako errege, Baskoniakoa ere bazela. Eta, are gehiago, Nabarra edo Zeltiberia esaten du bederatzi aldietan, Nabarra kontzeptu edo izen berria izanen balitz bezala eta Zeltiberia, aldiz, ordurarte gehiago erabilitako terminoa. Nabarra eta Baskonia bi eremu ezberdin ziren, beraz zalantzarik gabe, Manuel Lekuonak iradokitzen zuen moduan eta beranduago Nabarrako Errege, besterik gabe, izan zirenak baino lehen, Panplonako Errege («Rey de Pamplona») eta Nabarrako eta Mendialdeko Errege («Rey de Navarra y de las Montañas») izan ziren guztiak.

"Anales Regni Francorum" liburuan ere (R. Collins, 1985, 166) bereizi egiten dira navarri eta pampilonenses herriak. Lehena, hegoaldeari erreferentzia eginez eta bigarrena Mendialdeari.

Sánchez Albornoz-ek (1976, Vascos y navarros en su primera historia, 285), antzeko bereizketa jaso zuen Carlomagnok 778.ean Iruña suntsitu zuenekoaren harira, esanez azalpen zailekoa dela (bistan da ez zuela Lekuonaren hipotesia ezagutzen): «Destruida Pamplona, subyugados los vascones españoles y también los navarros… Los francos distinguían por tanto grupos regionales diferentes en la Vasconia cispirenaica. (…) Los Anales Reales o Annales Laurissensses refieren que en 806 los navarros y los pamploneses volvieron a la obediencia de Carlomagno. De nuevo los analistas francos separan dos comunidades humanas distintas al sur del Pirineo».

Lekuonak, bestalde, nahar izena eta bere bilakabidea aztertu zituen eta nabarmendu zuen Errioxan eta Araban ere bazirela oinarri berekoak: Nafarrate («Puerto de Navarra») Araban; Navarrete eta Nahárruri («poblado de Naharros, hoy Casalarrina») Errioxan.

Jatorrizko arabierako /h/-tik erromantzeko /f/-rako bilakabidea (nahar > nafar) egiaztatu zuen ondoren bereziki, horrelako kasu gehiago ere bazirela ikusiz: alhori > alforin (horreo), alhauz > alfoz (arrabal), alhaba > alfaba (lur zatia), alhadia > alfadía (iruzurra), alhaquin > alfaquín (mediku)…

Horrela beraz, arabierako jatorriko [h] (eztarriko aspiratua) erromantze edo gaztelaniako [f] (ezpainetakoa) bihurturik. Hemendik gainerako euskarazko aldagaietara (nabarra/naparra/nafarra, besta/pesta/festa, bake/bake/fake, bago/pago/fago…), arazorik gabe. Zer dela eta, orduan, Lekuonaren proposamenaren bazterketa? Izenaren arabierako jatorria ote arrazoia?

Buscar