Nafarroa
Nafarroa. Izen horren pean errealitate desberdinak, gizarte bi, gutxienez, hiru hizkuntza. Nafarroa, historia bat, garapen bi. Napartarren arteko harremanei buruz hitzegiteko elkartu ginen Baigorrin partidu politiko sei kide. Ezkertiarrak, eskuindarrak, nazionalistak, eta nazionalistak ez direnak. Ekologistak. Euskaldunak guztiok. Magia.
Mahai baten azpian denak, publikoaren begirada aurrean, aitzakirik ez. Eta galdera bat hasteko. Zer da Nafarroa? Benetan beharrezkoa da orain Frantzia eta Espainiaren artean jarritako muga gainditzea? Eta zertarako? Erantzunarik ez badago, alferrik elkartzea. Urteak pasa gara batek bertzeari bizkarra emanda. Nafarroa garaian orain arte zegoen gobernuak ez zuen harremanik bultzatu nahi, bere diskurtso foralean ez baitzen sartzen Pirinioa begiratzeko bertze modu bat. Hori nazionalisten kontua zen. Amets ezinezkoa. Sahiestu behar zen aukera. Aukerarik badago?
Gauzak ongi aurkeztea inportantea da. Igual ez dugu harremanarik oinarritu behar identidade batean. Mendabiako nekazari batek bere bizitza osoan akaso pare bat aldiz entzun du Erdi Aroan Ultrapuertos izeneko seigarren merindade bat zegoela. Akaso entzun edo ikusi ere Garazin Nafarroako bandera dagoela. Akaso bere buruari galdetu dio, ala ez, zein den horren esanahia. Hala ere, zailtasun guztiak kontutan harturik, argi dago Nafarroa Garaian sortutako aldaketaren Gobernuarekin aro berri bat zabaltzen dela. UPNren sektarismo ideologikoa alde batean utzita, muga mentalak hausteko momentua da.
Ezaguna da mapak ez direla batere neutralak. Mapa bat marrazten dutenek argi eta garbi adierazi nahi dute zer den inportantea, eta horregatik kokatzen dute erdian, munduko mapan Europarekin gertatzen den bezala. Baita ere zer den barruan. Eta zer kanpoan, zeintzu diren «gureak» eta zeintzu «arrozak». Gizarteak nahi badu bertze mapa bat marraztu daiteke Nafarroako Piriniotan, horko biztanleen ekosistema naturala berreskuratzeko Nafarroako Erriberaren gizartearen ekosistema naturala Ebro Herria den bezala.
Gure eskuetan ere dago harremanak estutzea orain Europa honetan denok ditugun erronka berberei aurre egiteko. Gure eskuetan dago ere Baigorri-Garazi eskualdean gazteek dituzten ikasteko beharreei erantzun bat ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoan aukerak irekitzen, injeniaritza agronomoa horren adibide argia izanik. Gure eskuetan dago ere Nafarroa Garaiko gure ikasleak ere hara bidaltzea tokiko euskalkia hobe ezagutzeko edota bertze kultura batean murgiltzeko. Horretarako,Adolfo Araizek ongi azpimarratzen zuen bezala lidergoak behar dira. Bainan es lidergo politikoak, lidergo sozialak eta pertsonalak baizik. Ikuspuntu hortikan galderak oso sinpleak dira. Nahi dut? Merezi du? Zer egin dezaket?