Ramon Sola
GAUR8

Nafarroa; hiru emakume eta beste 300.000

Aitorpen bat aurretik: hotz gelditu naiz GAUR8ko editoreak, Martxoaren 8a gaur dela-eta, Nafarroako egoera politikoa emakumeen ikuspuntutik aztertzeko proposamena mahai gainean jarri didanean.

Ez dirudi ariketa zaila denik, azken «krisialdi» honetan zenbait emakumezkok hartu duten protagonismoa begi bistakoa delako eta hainbat hedabidetan hori nabarmendu dutelako. Baina ez naiz, behar ez denean, mundua emakume eta gizonen artean banatzeko batere zale, eta, zuzen ala oker, artifiziozko kategorizazioa iruditzen zait gehienetan.

Gogo gutxirekin bada ere, jorra dezagun baina bide hori gero beste saihesbide bat hartzeko helmugara heldu aurretik. Aipatutako hedabideek hiru izen nabarmendu dituzte, hilabete honetan guztion ahotan ibili baitira: Yolanda Barcina, Lourdes Goicoechea eta Idoia Nieves. Banan-banan aztertzen hasita, ezin uka Barcinak politikagintzan eragiteko duen gaitasuna eta darabilen lidergoa: filia eta fobia asko, biak batzen ditu. Michelle Alliot-Marieren ondoren, azken hamarkadatan Euskal Herrian botere politiko gehien bildu duen emakumetzat har genezake (egun Nafarroako eta UPNko presidentea da).

Hauteskundez hauteskunde bozka asko pilatu ditu: hainbaten ustez, neurri batean emakume izateak emakumezkoengan zein gizonezkoengan eragiten duen sentimendu positiboari esker. Ni neu behintzat ez naiz putzu horretan sartuko, auskalo. Dakiguna da botere hori zentzu maskulinoenean erabili duela: bere alde, poltsikoa betetzen, eta gizartearen gehiengoaren aurka, eskuineko politika gogorrenak ezarriz. Gure Thatcher partikularra da Barcina, ez irudiz baina bai politika egiteko eran. Eta berau pixka bat ezagututa, esango nuke konparaketa ez duela iraintzat hartzen, laudoriotzat baizik.

Askoz apalagoa da Goicoechearen itzal politikoa. Ustelkeria auzi bati abizena emateagatik baino ez dugu gogoratuko urte batzuen bueltan. Baina ez dirudi bere jokabide politiko eta etikoa aurreko presidenteordearena (Alvaro Miranda, hau ere diruzale galanta baina gizona) baino larriagoa izan denik. Arreta handiagoz begiratu zaio Idoia Nieves Ogasuneko buru izandakoari, baina honek ere ez du azkenik gehiegizko eraginik izan. Boteregune politikoen erraietan gizonezkoen artean hainbestetan agertzen zaizkigun barne borroka gogorren ondorio baino ez da Nieves, dakigunaren arabera, eta nire ustez oso luze gelditzen zaizkio Iruñeko manifestazioan sasi-brometan zuzendu zizkioten leloak: «Ari, ari, ari, Nieves lehendakari».

Botereguneetan heroina bat

Historia honetan botereguneetan benetako heroina bat bilatu nahi izatekotan, beste emakume bat datorkit burura: Mari Paz Benito epailea, Nafarroako Kutxan izandako ustelkeria zuzenki salatu zuena, auzia Madrilen bahitu aurretik.

Ez dut ikusten, bada, berezitasun nabarmenik protagonista izan diren emakume horiengan. Kontrakoa esango nuke: emakumeak ez dira lehen mailako protagonista Nafarroan, lehen mailako biktima baizik. Izan ere, thatcherismoan gertatu bezala, barcinatoan ere gizarteko ahulenen egoera okerragotzen ari da egunero-egunero, eta horrek zuzenago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Osasunbidea gero eta okerrago dago. Hezkuntza arloa ere diruz hustu dute, tartean seme-alabak Argatik behera euskaraz eskolatu nahi dituztenen buruhausteak are gehiago handituz. Menpekotasunari emandako laguntzak murrizten eta murrizten ari dira, hori ere ama askoren kalterako bereziki. Langabeziak gaindiezina zirudien 50.000 nafarren muga aspaldi pasa du. Abortatzeko eskubideari ate guztiak ixten dizkio UPNk oraindik ere. Zerrenda amaigabea litzateke. Emakumeena Nafarroan ez da hiruren kontua, 300.000 baino gehiagorena baizik.

Buscar