Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Nazio garapena 2017

2017. urtean nork berean jarraitu badu ere, Euskal Herria herri dela aitortzeko portaerek ez dute kulturgintza eta euskalgintzaren eremua gainditu.

Herri izateko lankidetzan oinarritutako herrigintza beharrezkoa den aldetik, joandako urteari erreparatzen badiogu, ez gaude egindakoarekin harro sentitzeko moduan, gure lurralde zatitu honetan.

Dinamika sozioekonomiko eta kulturalei dimentsio komun bat emateko portaera, prozesu eta arkitektura lanak dira euskal Herrigintzaren erronka nagusia gaur egun. Segidan aipatuko ditugun osagaiak kontuan hartuta, esan daiteke 2015a gertaera aipagarrien urtea izan bazen, 2016a apala izan zela maila horretan eta ez zuen inertziarik ekarri 2017a mugiarazteko. Labur esanda, 2017an egindakoarekin euskal lankidetzaren sarea ez da trinkoagoa, euskal populuak ez du espazio komun sendoagorik.

Madrilgo eta bertako instituzioak lideratzen dituzten indar soziopolitikoek iraila bitarteko bidea kidetasun giroan egin zuten, elkarrekin adostutako aurrekontuen kudeaketak adostasun handiagoak ekar zitzan (2018ko aurrekontuak eta Kontzertu zein Konbenioa eguneratzeko prozesua, kupo delakoa negoziatzearekin batera). Eltzeko babak bermatu beharrak eragindako giroak, ordea, zama astun baten moduan geldiarazi egin zituen aurreko urteetan nazio garapeneko bidean jarri gaituzten lankidetza urrats formalak, Euskal Herriaren herri izaera aitortzera edo sendotzera zetozenak, eta atzeraezinak ez izan arren, nazio garapeneko urrats sozialei bermea ematen zietenak.

Dena dela, sorpresarik handiena urtearen azken hilabeteek ekarri zuten, besteak beste, Kataluniako erreferendumaren erabakia bete ez zedin Estatuak hartutako jarrerarekin. Euskal herritarrok ez gaituzte harritu Espainiako Erresumaren doilorkeriak eta kirtenkeriak bere pribilegioei eusteko orduan. Baina ukaezina da Euskal Herrian bertan ondorio bat baino gehiago izan duela. Izan ere, aste horietan itxi baitziren Konbenio, Kontzertu eta Kupoaren hitzarmenak. Giro horretan, Euskal Herriko eremu formaletan Kataluniako prozesuari egin zaizkion gutxiespenek, edo asaldura eragiteko osatu diren diskurtsoek, abertzale askoren bihotzak hoztu dituzte, euskal naziotasunari dagokionez. Gobernu lanetan diharduten alderdien egitekoa bazen hitzarmen horiek lortzea, baina euskal lankidetzaren aldeko herri gogoa apaltzeak ezin du ordaina izan. ELA eta LABen arteko hitzarmena izan zen ikuspegi hori apurtu zuen gertaera bakarretakoa.

Ipar Euskal Herriak, aldiz, Herri Elkargoaren egitura eraiki, organoak osatzen eta bertako agenda adosteko lanean eman du urtea. Isilik, baina lanean, urtarrilean (2018) hartutako erabakiek erakutsi dutenez. Ariketa kolektiboa izan den aldetik, balio izan du ikuspegi komun bat eta elkarren arteko konpromisoak eraikitzeko, euskaltasuna eta lurralde egitura aintzat hartuta. Lurralde desorekak protagonismo berezia izan du prozesuan eta hori bada urrats interesgarri bat.

Hein berean, naziogintzari lotutako inteligentzia eta ekintzailetza mailako ekimen zenbaitek zailtasunak bizi izan dituzte. Udalbiltzak barne gogoetan eman du urtea eta 7akBat harreman sareak, hamarkada batez euskal lankidetza sustatzen lan aitzindaria egin ondoren, gogoeta egiteko astia hartzea erabaki du (baina ez haren lekua lankidetza egitasmoen zaparrada batek bete duelako). Elikagai bankuek, halaber, iaz ez bezala, aurten egun desberdinetan egin dituzte bilketak Iparraldean eta Hegoaldean, eta horrela beste hamaika asimetria. Aipatzekoak dira, halaber, herri xedeko bi graduondoko bertan behera geratu direla, XXI. mendeko nazionalismoari buruzkoa (EHU) bata eta Lurraldea eta Hizkuntzari buruzkoa (UEU) bestea. Herrigintzari dagokionez, arlo akademikoan bizi dugun tentsio apalaren seinale.

Kulturgintzak eta euskalgintzak eutsi diote herri xedeari. Alde horretatik, ez da urte antzua izan, AEK-ren Korrikak, Errigoraren kanpainek, kulturgintzaren inguruko gogoeta eta dinamismoak (“Jakin” aldizkariaren ekarpenak, euskarazko prentsarenak, Durangoko Azoka, Euskaraldiaren deialdia…), Gure Esku Dagoren herriz herriko lanak, Elkarrekin-together egitasmoak, Agirre Centerrek kulturaren K lehen lerrora ekarri izanak… erakutsi digute hemen badela herri xedea gaurkotu eta garatzeko gogorik.

Geldialdian goroldioa hartzen hasita gaudela jabetzeko ere, euskalgintzatik etorri dira test nagusiak, Soziolinguistika Klusterrak erabileraren VII. Neurketan euskararen kale erabileraren apaltzearen berri eman baitu. Ezagunagoak izan dira euskal aktoreak beren euskal identitatea eta bisioa manifestatzeagatik jazartzeko kanpainak. Baina aitor dezagun, kulturgintzak eta euskalgintzak, oro har, hamarkadak daramatza konpromiso horretan gainerako sektoreen zain eta 2017an ere bakardadean egin behar izan du aurrera…

Oraindik ere zirraraz gogoratzen ditugu Kukai dantzakoak Madrilen, Jon Maia Sein dantzaria buru, besoa jasota, bizirik dagoen herria garela aldarrikatzen (Pako Letamendiaren lekua hartuta, ukazioaren ahoan, bada zerbait, belaunaldi berrientzat).

Eusko Ikaskuntzak ere, aurrera egin du 2018an burutuko duen XVIII. Kongresuaren antolaketari begira ekarpenak biltzen. Zinez aro aldaketa bizi dugun aldetik, Kongresu horrek berebiziko egitekoa izango du XXI. mendeko Euskal Herriari buruzko gogoeta zein herrigintzarako plaza komuna eta bisioa eskaintzen herri honetako sektore aktiboei.

Horrela bada, 2017an nork berean jarraitu badu ere (hori ere bada zerbait), Euskal Herria herri dela aitortzeko portaerek ez dute kulturgintza eta euskalgintzaren eremua gainditu, ekimen zehatzetan ez bada (EITB taldean euskal geografiaren luze-zabala aintzat hartzen duten albisteak maizago agertu dira…).

Hutsune larriena eragile sozioekonomikoen arteko lankidetzan egon da, ordea. Goitik beherako lankidetza politikak hutsaren hurrena izan dira eta behetik gorako ekimen berririk ez da nabarmendu. Esandakoa, urte idorra.

Buscar