Irati Tobar eta Alazne Beltran de Lubiano
Euskal Herriko Bilgune Feminista

Nekane, guk sinisten dizugu!

Gaur, Nekane berriro ere arrisku egoeran da! Berriro ere, bere askatasuna eta bere bizitza kolokan ikustera behartua dago.

Orain arteko bidea ez da erraza izan Nekane Txapartegirentzat. 18/98 sumarioaren epaiketaren harira, 2007an, torturapean egindako testigantzetan oinarrituz 11 urteko espetxe zigorrera kondenatua izan zen. Gauzak horrela, Euskal Herritik alde egitera behartuta ikusi zuen bere burua; halere, euroaginduaren eta estradizio eskaeraren ondorioz, 2016an atxilotua izan zen.

Kasu honek, Suitzan bertan, babes sare eta elkartasun uholde izugarria eragin zuen. Mugimendu feministak zein emakume ezberdinek bultzatu zuten #FreeNekane plataformaren bidez, kanpaina internazionala bihurtu zen honako mugimendu honek, 2017an, Nekane Txapartegiren kondena murriztea eta ondorioz, beraren kaleratzea eragin zuen.

Egun, ezkerreko mugimendu sozialetan zein mugimendu feministan lanean jarraitzen du Nekanek. Lora Irratiko emakumeen saileko ardura izateaz gain, Suitzako emakume, migrante zein errefuxiatu politiko feministaz osatutako F.I.S.T izeneko espazio feministaren bultzatzaileetako bat izan da.

Gaur, Nekane berriro ere arrisku egoeran da! Berriro ere, bere askatasuna eta bere bizitza kolokan ikustera behartua dago. Auzitegi Nazionalaren agindupean eta Suitzako gobernuaren laguntzaz, Estatu espainolean ireki berri dioten beste kasu batengatik deklaratzera deitua izan da Suitzan. Beste behin ere, jazarpen politikoaren adierazle eta justizia patriarkalak tortura sexista babesten jarraitzen duelako adibide argia dugu. Ezin ahaztu daiteke Nekanek irmoki salatu dituela tortura sexistak eta espetxearen izaera patriarkal zein sexista.

Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat da, emakumeon osotasun fisikoan eta psikologikoan eragiten duena zuzenki. Emakumeen kasuan, ugariagoak izan dira inkomunikazio aldietan eraso sexualak jasotzeko mehatxuak, galdeketak biluzik egitea, ukitzeak, bortxaketak, tortura psikologikoak, irainak, eta abar. Hauek denak, patriarkatuaren oinarria den sexu bereizkeria iraunaraztea eta indartzera bideratutako indarkeria adierazpenak dira. Hori ez ezik, urteetan zehar Estatuak babestutako indarkeria izan da.

Hortaz, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideok ozen aldarrikatu nahi dugu hau ez dela gure bakea! (In)justizia patriarkala jopuntuan jarri dugun honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik ere, jarraituko dugu bakegintzan eta gatazkaren konponbidean urratsak egiten, espetxe sistemaren inguruko gogoetak egiten, zigor sistemaren birdefinizio bat hauspotzen, (in)justizia patriarkalaren aurrean justizia feminista eraikitzen; eta batez ere, minak zein zauriak sendatzen, erreparatzen, aitortzen. Ez eduki zalantzarik, guk sinisten dizuegu.

Elkartasun feministak ez du mugarik! Euskal Herritik Suitzara besarkadarik beroena Nekanerentzat! Animo, zurekin gaude!

Nekane aske! Euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera!

Buscar