Kattalin Miner
GAUR8

«Nekanismoaren» harrotasuna

Duela gutxi lagun batek ohartarazi ninduen webgune batean nire argazkia azaltzen zela, “Las nekanes” izeneko artikulu batean, euskaldun emakume itsusiak ilustratzeko. Ez ninduen harritu, aspalditik polizia foroetan eta abar bueltaka dabilen argazki bat zela banekielako, kide batekin elkarrizketa bat egin zigutenekoa.

Kontua da, hasieran artikulua irakurtzeari uko egin banion ere, azkenean kuriositateari ezin eutsi eta “nekane” arrazari buruz esateko zituzten horietan murgildu nintzela. Ez da esan beharrik, webgunea, neo matxista (ustez) ilustratu fatxa europazale ario eta espainolo batek kudeatzen duela.

Haren esanetan, euskal arrazak baditu gauza on handiak, eta horren eredu dira emakume lirainak (haren ustetan, Maite Pagazaurtundua). Gero besteok omen gaude: “nekaneok”. A priori ederrak izan arren, gure burua itsusteko joera dugunok. Bere hitzetan, marimatxoak. Zikinak. Ile motzekoak. Besapeko ile luzedunak. Malaostia aurpegia dugunak. Kamionerak. Ez-emakumeak, finean. Esan behar dut bertan nirekin argazkia konpartitzen zutenen artean politikoki izugarri miresten ditudan emakumeak ere ageri zirela, eta diote modak bultzatuta ETBko aurkezleak ere “nekanizatzen” hasiak direla.

Esan gabe doa, zein ohorea den niretzat, matxista-fatxa horientzako nazkagarria, amenazua eta desagerrarazi behar den (ez)feminitatearen parte izatea; zein ohore den ni neu ere, gaurkoan, “nekane” bat izatea. Izugarrizko plazera ematen dit, haiek bere onetik ateratzerainoko errepresentazio bat izatea. Duela gutxi nire lagun Josebe Iturriozek, bera itsusia ote zen edo ez eztabaidatzen zuten foro bat topatu zuen. Haraino iristen da haien feminitatea hausten dugunon gaineko gorroto eta kontrola. Baina ordenagailu atzean biltzen diren gizon sexy eta inteligentzia zabaleko hauek atzean utzita (irakurri bedi ironia handiz), “nekanismoak” beste gauza bat ekarri dit burura.

Kontua da, hauei kontra eginez, erraz esaten dugula gu geu, hainbat euskal emakume abertzaleren figura honen defendatzaile garela. Guk geuk harro hartzen dugula euskal andrearen irudi androginoa, indartsua, kanpoko edozein lesbiana konfunditzerainokoa; baina ingurura begiratuta ez ditut hainbeste topatzen. Ni ez naute “nekaneek” inguratzen. Ni neu “nekane” purua ez naizelakoan nago. Izan ere, Euskal Herrian halako emakumerik izan badago ere, ez dut uste “nekane” estigmatizazio hori kanpotik soilik datorrenik. Ez dut uste, euskal emakume hauek ez dutenik “maskulinoegiak” izateagatik santzio sozialik jaso. Badakit, ongi jakin, feminitatetik alde egiten dugun gorputzok ordainsari bat pasa behar izaten dugula, eta nago, Euskal Herrian ere, halaxe dela.

Gainera, ez dut uste hainbeste garenik, nik nire inguruan neska ederrak, edertuak, eder izateko ahaleginak egiten dituztenak, feminitate “ez-nekaneak” birproduzitzen dituztenak, edo agian beste euskal-feminitate bat sortzen dutenak ikusten ditut. Berriro diot: “nekane” gutxi, eta Uxue Alberdi eta konpainiak bertso munduan emakumeen itxura sailkatzen dutenean bezala, “panpina” ugari. (Ez erratu, ez nabil panpinak kritikatzen, ez hauen arteko gerra absurdorik zabaltzen).

Eta orduan bai sentitu dut guztiz “nekane” harrotasuna, izan ere, gehiago goraipatu behar genukeen figura dela iruditzen baitzat, ez bakarrik onartu eta normalizatu behar duguna. Duen balioa eman behar diogu “nekaneari”. Haiek erakutsi baitigute, maskulinotasuna bera ez dela gizonezkoen patrimonio. Eta hori bera euskal emakumeontzako ekarpen sozial izugarria iruditzen zait.

Beraz, nire maskulinotasuna euskaldundu eta “nekanizazio” prozesuan aurrera jarraituko dut; batik bat, eta gehien, nire argazkiak erabiltzen jarraituko badute, hobe azaltzen naizen berri bat bidaltzeko; gizonago azaltzen naizen bat, diot.

Buscar