Joxe Iriarte, Bikila
Idazlea

Nikaragua, ezkerra eta auzo lotsa

Halako ezkerrarekin ez da harritzekoa herriak eskubira jotzea; baina ez berezkoa duelako, baizik ezker inpresentable horrek eskuinari aurpegia garbitzen diolako

Aspaldi honetan Nikaraguan gertatzen denarekin kezkaz beteta nabil, eta euskal ezkerrak duen isiltasun lotsagarriarekin. Kezka areagotzeko gainera,  jakin berri dut, Monika Baltonado gerrillari eta diputatu ohiaren anaia Ricardo Baltonado, unibertsitateko irakaslea, poliziak atxilotu duela muntaia itxura duen terrorismo salaketarekin. Eta horrela askorekin.

Gauzak garbi. Ezkerrarentzat Nikaraguan gertatzen dena ez da bigarren mailako arazo bat. Izan ere, askok eta askok FSLN eta Nikaraguako iraultza eredugarritzat jo genuen.  989an inperialismoak bultzaturiko higadura gerraren ondoren FSLNk hauteskundeak galtzeak min eman zigun. Hala ere itxaropena ez genuen galdu, gobernua berreskuratzeaz gain, FSLNk iraultza bultzatzen jarraituko zuela sinetsita baikinen. Usteak ustel. Sandinistan Gobernua berreskuratu zuten baina ez iraultzaren mesederako. Ordurako FSLN ez zen iraultza garaiko alderdi iraultzailea, beste gauza bat baizik. Eta iritzi horren inguruan, ezkerraren baitan dagoen zatiketa Nikaraguan gertatzen denarekiko ez da gauerdiko ahuntzaren eztularen antzekoa.

Zorionez, berriro ere, hipotekarik gabeko feminismotik datozen iritzi kritikoek poztu naute zerbait, ene auzo lotsa arinduz. Hasteko, adierazi nahi dut Berrian argitaraturiko “Nikaragua eta matxismo ezkertiarra” iritzi artikuluarekin bene-benetako adostasuna dudala. Izan ere, 2006an, Nikaraguan 1837tik indarrean zegoen abortu terapeutikoaren legea bertan behera geratu zen FSLNren laguntzarekin, eta feminismoa jipoitzen jarraitu du. Erabaki horrekin katoliko atzerakoien botoa erakarri nahi zuten fronteak; baita lortu ere, handik gutxira Ortegak hauteskundeak irabazi baitzituen. Modu zikin horretan gobernura heltzen dena, zikin jokatzen jarraituko du behin gobernura helduta. Eta, zoritxarrez,  hala izan da.

Niretzako, jarrera horregatik (eta bere andrearen alaba Zoilamerikari egindakoagatik), aski litzateke da Ortega-Murillo eta FSLN, ezkerreko mapatik ezabatzeko. «Putasemeak dira baina gure putasemeak, eta horregatik babestu egin behar ditugu» esaera hark, inperioarentzat edo burgesiarentzat balio lezake, beren interesak gauza guztien gainetik eta aurretik jartzen baitituzte; baina ez gizateriaren emantzipazioa helmuga duen ezkerrarentzat! Horregatik, zeharo gaitzesgarria iruditzen zait ezkerraren zati batek azaltzen duen Ortegarekiko onespena edo salaketa eza. «Ortega eta inperialismoaren artean erantzuna argi daukat», erantzuten dute. Baina kontua ez da Ortega eta inperialismoaren artean hautatzea, jipoitzen eta sarraskitzen ari den Diktadorea eta matxinatu den herriaren artean baizik! Gainera, une honetan ez dago (Venezuelarekin bezala) Ortega eta Inperialismoaren arteko gatazka. Ortegak bere burua zuritzeko asmatutako aitzakia da. Inperialismoak muturra sartzen ari dela? akina, eta non ez! (eta hori guztiz salagarria da ere). Eta gehiago sartu ahalko du Ortegaren errepresioa lagun. Inperioa onmipresentea da Ertamerikan, baina horrek ez du esan nahi inperialismoak mugitzen dituela herri gatazkak.

Aspaldi da Ortega buru duen FSLNk iraultzailea izateari, are, ezkerreko talde duin eta ondratua izateari utzi ziola. Gobernua galdu zutenean, iraultzarekin jarraitzeko dirua behar zela eta Piñata deituriko lapurretaren bitartez, Ortegaren sokakoek (salbuespenak salbuespen) bere poltsikorako ebatsi zituzten hainbat herri jabego: lurrak, diru funtsak, hotelak eta industriak... Hor hasi zen FSLN eta bere buruzagien usteltze prozesua. Orduz gero, elizarekin, bertako burgesiarekin, eta baita Munduko Diru Funtsaren agintariekin tratulari leialak izan dira Ortega eta enparauak. Horren ondorioz, benetako milaka sandinistak alderdi utzi  egin zuen.

Joera negargarri hori, zoritxarrez, han zabalduan dago ezkerraren alorrean, ezen, ohikoa edo normaltzat jotzen dugu «pragmatismoaren» izenean. Ni ez nago ados, alabaina, herri haserreari errepresio gordinarekin erantzun dionean ustelkeriaz harago joan da FSLN: poliziak, para-militarrak eta partiduaren taldeekin hilak (ia 400), zaurituak, atxilotuak eta torturak eragindakoan. Hor marra-gorri guztiak igaro dira. Eta hemen, gurean, ezkerrekook isilik.

Gauza bera esango nuke etxera ogia eramateagatik (armagintzaren lan-karga) sindikatu eta alderdi askoren aldetik urkoen sarraskiei bizkar ematen zaionean. Edo, gaur egun ezkerreko zenbait taldeek emigrazioa murriztearen alde agertzen direnean, bertako langileriaren kalterako omen delako. Non geratu da, Mundu guztiko herri eta langileok, elkar gaitezen! aldarri hura? Ez da harritzekoa gero ezkerraren gain behera eskuin muturraren aurrean. Atzeraka goaz, batez ere ideologikoki.

Hori eta geo-estrategiaren izenean egiten diren lerratze harrigarriak. Adibidez, Errusia eta Al Assaden aldeko lerratze kriminala. Hori bai, antiinperialismoaren izenean. Horientzat Siriako Kurduen borroka guztiz ulertezina da. Norbaitek «ergelen antiinperialismoa» deitu zion joera horri. Arrazoi guztia zuen. Horientzat errazena Nikaraguako herri mobilizazioak «kolpezaleak» bihurtzea, eta kito arazoa. (Kataluniari buruz ere halako zerbait entzuna dugu, ezta?).

Duela hilabete bat nazioarteko arloko euskal aditu batek (Argian) idatzi zuen, une honetan Amerika Latinoan jardun duten «iraultza» saiakera guztiek (hor sartuz era eta izaera desberdineko mugimendu asko) eskubira jo dutela, eta ez dutela kolokan jartzen estatusa.  Entzun izan dugu, sarriegi, Arabiar Udaberriak azken finean inperialismoaren mesederako izan zirela.

Izugarria halako abiapuntua. Ni, Rosa Luxenburgorekin bat nator hauxe zionean: herriek eskubide dutela eginahalean kale egiteko, okertzeko, azken finean! Herri mugimenduekiko halako mesfidantzak adierazten du zein ezgai, erratu eta antzu bihurtzen ari den ezker (nolabait deitzearren) mota bat, zeinak beren gidaritzapean edo parametroetan sartzen ez den oro, arriskutsua iruditzen zaion, inperialismoaren jostailua bihurtuz. M15 mugimenduak ere antzeko harridura sortarazi zuen hasiera batean, bere parametroetan sartzen ez baitzen mugimendu hura.

Halako ezkerrarekin ez da harritzekoa herriak eskubira jotzea; baina ez berezkoa duelako, baizik ezker inpresentable horrek eskuinari aurpegia garbitzen diolako, Sao Pauloko Foroaren erabaki lotsagarria lekuko. Kubako iraultzaren mireslea nauzue, baina ez itsua Kubako Alderdi Komunistaren erabaki askorekin, batez ere nazioarte arloan. Ezin ahaztu 68an, orain 50 urte, Sozialismoaren izenean Fidel Castrok ontzat eman zuela Sobietar Batasunak Pragako udaberria tankeekin ito izanaz. Edo duela urte batzuk Al Assad-i sostengua adierazi ziola...

Joera horrek, nire uste apalean ez du zer ikusirik internazionalismoarekin, eta bai burokraten arteko diplomaziarekin.

Buscar