Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa Bai

Noiz arte jarraitu behar dugu horrela?

Gabonak iristearekin batera, hutsik egin gabe, gehienon gozamenerako, gure Olentzerok futbolzaleei eta euskal selekzioaren jarraitzaileei futbol partiduren bat oparitzen digu. Emakumezkoek osatutako selekzioaren kasuan, dagoeneko baliatu du aukera hori, hain zuzen, pasa den azaroaren 26an jokatu baitzuen Irlandaren aurka Dublinen. Gizonezkoen selekzioak berriz, abenduaren 30ean du bere hitzordua San Mames futbol zelaian Tunisiaren aurka.

Historiak dio gizonezkoen euskal selekzioa, konbinatu gisa 1915. urtean sortu zela euskal jokalariek osatuta Printzearen Kopa jokatzeko. Beraz, batez beste eta artean etenaldi batzuekin, ehun urteko ibilbidea du bere bizkarrean. Bada zerbait. Nesken selekzioa berriz, azken arokoa da, selekzio gisa 2006. urtean lehiatu baitzen lehen aldiz Argentinaren aurka. Biek ala biek, mota guztietako trabaz josita egindako ibilbidean, erakutsi dute kirol mailari dagokionez munduko beste nazioen aurka lehiatzeko gaitasuna eta potentzialtasuna dutela, beraien kirol prestakuntzan pairatzen duten egoeraren ondorioz, nahiko mugatuak egon arren. Beraz, orain falta zaiena da nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko aukera lortzea. Eta hain zuzen, hori izan beharko litzateke helburua.

2020. urtean, Eurokopa jokatuko da eta hainbat egoitzaren artean, lehen fasea lehiatzeko, Bilboko San Mames futbol zelaia izan da hautatua. Ondorioz, Espainiako futbol selekzioaren egoitza nagusia bihurtuko da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hori dela eta, pasa den astean, UEFAko presidentea, Aleksander Ceferin, Bilbon izan genuen bisitan bertako agintariekin eta Espainiako eta Euskadiko kirol federazioetako arduradunekin batera, egoitza, estadioa, hiria eta zaleak identifikatuko dituen armarria ofizialki aurkezten.  

Irakurritako adierazpenen arabera, Eurokopa 2020 Bilbo jokatzearen defentsa egiteko garaian, besteak beste, bi jarrera eta ikuspegi ezberdin antzeman ditut: bat, proiektu bezala Eurokopak Bilbo eta inguruari ekonomikoki eman diezaiokeen bultzada; eta bestea, herri identitate eta nortasun propioaren  ikuspegitik, Euskal Herriarentzat eta herritarren gehiengo batentzat, euskal selekzioak bertan ofizialki lehiatzeak emango liokeena.

Lehenari dagokionez, alegia, Eurokopa San Mamesen jokatzeak hiriari eta inguruari ekonomikoki eman diezaiokeen bultzadan oinarritzen da soilik Bilboko alkatea Juan Mari Aburto (EAJ), Bilboko egoitzaren defentsa egiterakoan, bestea, alegia, gure nazio identitatea eta nortasun propioa aldarrikatuz euskal selekzioaren ofizialtasunarekin aukera hori uztartzea EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak gutun baten bitartez zuzenean egin eta aldarrikatu zuen bezala, ez delako orain tokatzen.

Euskal selekzioaren ofizialtasuna nazioarte mailan onartu beharko lukeen lehen erakunde nagusietako bat UEFA izanik eta bere presidente Aleksander Ceferin jauna eta hainbat agintari aurrean egonda, ulergaitza egiten zait Aburto alkateak esatea orain ez dela momentua euskal selekzioaz hitz egiteko, are gehiago, hauteskunde bakoitzean EAJren izenean, euskal selekzioko kamiseta jantzita, beste alderdiko hainbat burukiderekin ofizialtasuna aldarrikatzen ibili denean. Noiz da ba unea edo garaia euskal selekzioaren aldarrikapena egiteko? Soilik, alderdiari botoak ematen dizkionean? Uste dut, aukera aprobetxatu baino, tamalez, berriro espainiar aldera begiratzea erabaki dutela.     

Arestian aipatu bezala, berriro beste lagunarteko bat gehiago izango du gizonezkoek osatutako euskal selekzioak  Tunisiaren aurka jokatuko duena. Eta bat-batean, garaian EAEko lehendakariak,  Juan Jose Ibarretxek, hedabideen aurrean eta San Mameseko palkoan orain urte batzuk euskal selekzioak jokatu ondoren esan zituen hitz hauetaz gogoratu naiz: «Lortuko dugu euskal selekzioaren ofizialtasuna eta ez soilik futbolean, beste guztietan ere bai». Baina ikusitakoa ikusita, uste dut, garaia ere badela, argi eta ozenki esateko, horrela, alegia, soilik lagunartekoak jokatzea helburu hartuta, noiz arte jarraitu behar dugu? Edo beste era batera esanda, ofizialtasunari begira, behingoz, zergatik ez dira urrats berriak eta sendoagoak ematen hori izanda euskal gizartearen gehiengo batek eskatzen duena? Baina badirudi, batzuei, gure selekzioaren ofizialtasunak baino, futbolaren muntaiak atzean utz dezakeen hondar ekonomikoa inporta zaiela. Horregatik eta 2020ko Eurokopari begira, «San Mames bai, baina euskal selekzioa ere bai!» aldarrikatu beharko genuke, hori izan behar delako guztion helburua. Ea ba gai garen alderdikerien gainetik selekzioaren ofizialtasunari bultzada emateko eta geurea defendatzeko. Horretarako, beti delako garaia.

Buscar