Araitz Zubimendi Izaga
Gazte mugimenduko kide ohia

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada

Nola aldatzen diren gauzak, kamaradak. Egun, jendartea seduzitzea duzue helburu, gazteak konbentzitu eta euskal errepublikaren proiektura erakartzea. «Gu»-ari «ni»-a gehitu diozue, testosteronari oxitozina, abertzaletasun eta klase ikuspegiari feminismoa. Formazio akademikoa, teknologia berriak... Etorkizunaren nostalgikoak omen zarete, gainera.

Bere 40. urteurrena bete den honetan, «gazte mugimendua» esan eta burura zer datorkien galdetu diet bi kide ohiri: batak, «amets konpartituen konspirazioa» erantzun dit; besteak, berriz, «beldurra, sakrifizioa eta eginbeharra». Horiek izango dira, segur aski, gazte mugimendua definitzen zituen bi aldeak: poetiko-erromantikoa bata, gogortasunari loturikoa, bestea.

Beti pentsatu izan dut proiektu politiko jakin batek ez ezik, bizitza ulertzeko modu batek ere eramaten gintuela militatzera: erromantikotasunak, abenturazaletasunak eta bizi grinak. Harrotasuna zen ezaugarritzen gintuen beste osagaietako bat; egiten genuen horretan sinisten genuen, sentimendu kolektibo indartsua genuen eta harro geunden horretaz. Batzuetan, harrokeriaz jokatzea ere leporatzen zitzaigun, baina, tira, inor ez da perfektua bizitza honetan…

Eta honek orain modan dagoen hitz bat gogorarazten dit: ahalduntzea. Emakumeen ahalduntzeaz hitz egiten da, gure egoeraz kontzienteagoak gara eta aurre egiteko tresna gehiago ditugu. Orduan ez ginela beirazko sabaiez ohartzen esango nuke, ezta militantzian ere. Aitzitik, badira beste ahalduntze batzuk gaur ahulduta ikusten ditudanak: euskaldun eta abertzale gisa gertaturiko nolabaiteko desahalduntzeaz ari naiz. Lehen abertzaletasunetik ikuspegi feminista garatzearen beharraz hitz egiten zen eta, agian, gaur, egokiagoa litzateke feminismoari ikuspegi abertzalea eskaini beharraz mintzatzea; terminologia eguneratuz, feminismoa eta euskal errepublika uztartzeaz, alegia.

Nork bere borroka borroka guztien ardatz gisa aurkezteko joera indartu da baina, nire ustez, eraldaketa prozesu horiek guztiak nonbait gauzatuko badira, indar harreman egokia garatu daitekeen eremu jakin eta ez abstraktu batean izango da; euskal errepublikan. Eta ez naiz taktika politikoaz ari.


Euskaldunak eta emakumeak gara, eta beti izango gara. Gure alabak ere hala dira, ez beraien erabakiz, nortasun kontu bat baita. Beraien eskubideak gauzatu ahala, gure oztopo eta eraso berberekin topatuko dira. Izan ere, gure nortasun horien antitesia ordezkatzen baitu Estatu espainiarrak eta, horregatik tratatzen gaitu hain gaizki eta eraso egiten digu behin eta berriz: euskaldunak izateagatik (Altsasuko gazteak), emakume garelako (Manada kasua); zer esanik ez, bi zirkunstantziek bat egiten dutenean (Sara eta Izar).

Azken urteetan eragile desberdinak ezagutu ditugu gure herrian. Baina inork ez ditu emakume eta euskaldun gisa, bere osotasunean, gure eskubideak ordezkatzen. Inork ez du garenaren sintesia ezker independentistak bezala formulatzen, ez eta euskal emakumeon neurriko jantzirik eskaintzen ere.


Bere garaian erromantikotasunak eta abenturazaletasunak eraman bagintuen borrokara, bi hamarkada geroago, pragmatikoagoa ikusten dut nire burua, eta helduleku segururen bat izatea eskertzen dut gainera. Aitzitik, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dut independentzia. Erromantiko ala pragmatiko, abentura nahiz segurtasunzale, batzuen zein besteen premiak asetzeko aukera baita euskal errepublika.

Indarra, ausardia, konpromisoa… horiek ziren orduko balioak. Estatuari aurre egiteko testosterona dosi handiko oskola jartzen genuen. Egia da, gogortasuna eta sendotasuna ez dira gauza bera, baina adimen emozionala ez zen gure formazio ikastaroen artean sartzen; geroko kontuak dira horiek. Hertzainak-en “Estatuari gerra!”-tik Anariren “Eskerrak ahulak garen”-era igaro gara, bi kontzeptuok ulertzeko modu desberdinen erakusle.

Kolektiboa pertsonaren gainetik ezartzen zen, diziplina bezalako balioak oinarrizko genituelarik. Eta tarte txikia uzten genien «ni»-ari edota premia pertsonalei. Orain, aldiz, «neure beharrez» hitz egiten dugu, «gu»-ari «ni»-a gehitu zaio, batere erraza ez den oreka berri bat bilatu nahian.

Ordu gehiagoz militatu ahal izateko ikasketak utzi zituzten askok. Herri honetan militantzia maila ezin altuago egoteak eragiten zuen, noski. Baina, Maslowen piramidea oinarri, nork pentsa zezakeen karrera profesionalean, bere segurtasuna zalantzan egonik? Honetan ere aldaketak izan dira, bai. Egun formazio akademikoari garrantzi handiagoa ematen diozue, edo behintzat, horretarako baldintzak bestelakoak direla esan daiteke.

Biolentoa izatea leporatu izan zaio gazteriari, baina berak inoiz garatu ahal izan duena baino askoz ere indarkeria handiagoa jasan du, baita bere senideek ere: ehunka atxilotu eta kartzela urte, komisaldegi egun eta pilotakada. Bi guraso mota omen dago: istiluetan ez sartzea agintzen dutenak eta kontuz ibiltzea eskatzea beste aukerarik ez dutenak. Denek merezi dute aitormena, baina gaur bigarren horiek ditut gogoan. Eta, bereziki, Natividad Junco, Haikaren aurkako auziagatik Teruelgo espetxean zegoen Unai Gonzalez, bere suhia, ikustera zioala auto istripuz hil zen senidea.

Terrorista gisa deklaratuak izan ziren gazte erakundeak. Baina terrorea eta izua gazteek sentitzen zuten etxerako bidean eta gaueko ordu txiki eta ilunetan. Izan ere, polizia sarekada bat hasi eta inork ez baitzekien non eta nola bukatuko zen. Kartzelari errespetua genion, bai, baina inoiz tortura gertu ikusi duenak badaki zertaz ari garen.

Nola aldatzen diren gauzak, kamaradak. Egun, jendartea seduzitzea duzue helburu, gazteak konbentzitu eta euskal errepublikaren proiektura erakartzea. «Gu»-ari «ni»-a gehitu diozue, testosteronari oxitozina, abertzaletasun eta klase ikuspegiari feminismoa. Formazio akademikoa, teknologia berriak... Etorkizunaren nostalgikoak omen zarete, gainera. Bejondeizuela. Estatuak hor jarraitzen du, baina bestelako tresneria eraiki eta osagai guztiak dituzue herri hau bide berrietatik abiarazi eta behingoz aireratzeko.

Badira, bukatzeko, gazte mugimenduko kidegoak tatuajeak bailiran azalean itsatsita daramatzan balioak: zintzotasuna, leialtasuna, musu-truk lan egitea, herriarekiko konpromisoa, baita umore handia ere. Kode propioak darabiltzagu eta kartzelan, alkatetzan nahiz zaintza lanetan ari garelarik balio hauek aplikatzen saiatzen gara. Iritzi artikuluagatik ordaina eskaini didatenean, hala, ezin izan dut gazte mugimenduaren estiloan baino erantzun. Gora euskal gazteria!

Buscar