Joseba Alvarez
Sortuko kidea

Nora eta nola goaz?

Indar politikoek, ezkerreko zein eskuinekoek, politika munduak herritarrengan gero eta erakargarritasun gutxiago eta desatxikimendu handiagoa eragiten duela onartzen dute beren diskurtsoetan. Argi agertzen da, beraz, herritarren desatxikimendu hori, eta Joseba Alvarezek galdera bat plazaratzen du bere artikulu honetan: «Politikarekiko desatxikimendua da ala talde politiko konbentzionalekiko eta hauen jarduerarekiko desatxikimendua da?». Jarraian, bere iritzia ematen du, bigarren aukerak indar handiagoa duela esanez. Horren ondorioz, gizarte mugimenduen eta alderdi politikoen arteko distantzia handitu egin dela uste du. EH Bilduren eta Sorturen sorrerek «ilusio berezia» piztu zutela dio eta, ustelkeria kasuetan nahastu ez eta jarduera gardena erakutsi badute ere, «hasierako distira hura» ez galtzeko jarraitu beharreko ildoaren gaineko hausnarketa ere egin du.

Krisialdi globalaz mintzatzea eta egungo jendarte ereduarekiko kritiko izatea politikoki zuzena da, bai eskuineko zein ezkerreko indar politikoen diskurtsoetan, bai hemen eta baita Europa osoan ere. Gauzak horrela, edonork pentsa lezake egungo sistema ez duela inork babesten munduan, toki guztietan indarrean dagoen arren. Eta diskurtso mailako ikuspegi kritiko horrekin batera, herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratzea izaten da indar politiko gehienen beste lelo nagusia, arreta berezia gazte eta emakumeengan jarriz. Azkenik, ezkerreko zein eskuineko indar politikoak bat datoz politika munduak herritarrengan gero eta erakargarritasun gutxiago eta gero eta desatxikimendu handiagoa eragiten duela baieztatzerakoan.

Baina herritarren desatxikimendu hori, politikarekiko desatxikimendua da ala talde politiko konbentzionalekiko eta hauen jarduerarekiko desatxikimendua da? Bigarrenak indar handiagoa duelakoan nago. Ustelkeria kasuetan, jendartearen parte hartze eskasean, gardentasun faltan eta jendarte mugimenduen bazterketan edota hauen instrumentalizazio politikoan zer ikusirik izan duten talde politikoek sinesgarritasuna galdu dute. Ondorioz, mugimendu sozial/sindikalen eta indar politikoen arteko dibortzio politiko/soziala indartu da. Duela hamarkada bat indarrean zeuden munduko zein Europako foro sozialetan ikusitako urruntze hori areagotu egin da, eta baita Euskal Herrira iritsi ere.


Baina EH Bildu (izan diren aliantza ezberdinak deitura honetan barne bilduz), eta Sortu bera, jendarte mailan zabaltzen ari den indar politikoekiko desatxikimendu horretatik libratzen al dira? Egia da –eta jendarteak hala aitortzen du– EH Bildu eta Sortu ez direla sekula ustelkeria kasuetan murgilduta egon. Bestetik, herritarrek ere badakite -–eta onartzen dute– gure jarduera gardenagoa izan dela. Horregatik guztiarengatik, EH Bilduren eta Sorturen sorrerek ilusio berezia piztu zutela ukaezina da, EH Bildu koalizioa Hego Euskal Herriko udal hautetsi mailako lehen indar politikoa bihurtu arte. Baina legealdi honek aurrera egin duen heinean, Euskal Herrian praktikan bigarren indar politikoa izateaz gain, ehundik gora udal eta Gipuzkoako Foru Aldundia kudeatu dituen EH Bildu koalizioaren eta Sorturen jarduera politikoaz zer pentsatzen du orain euskal jendarteak? Legealdiaren azken urtean sartzen garen honetan, indar politiko ez konbentzional eta alternatiba gisara ikusten gaituzte EH Bildu eta Sortu edota, poliki-poliki, sistemaren  kudeaketarako PNVren alternantzia izango den ezkerreko kudeatzaile fintzat hartzen gaitu euskal jendarteak? Nola proiektatzen dugu geure burua? Beldur naiz hasierako distira hura ez ote garen galtzen ari...


Gurea, nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozialean oinarritutako estrategia independentista da eta arlo edo ildo batetik harago, ildo osoa logika horretan kokatzen da eta hala proiektatu behar dugu. Faktore eta aldagai asko dago jorratzeko, denak garrantzitsuak, egin beharreko ibilbide politikoaren osagaiak guztiak, eta berezitasun propioekin bakoitza. Nolanahi ere, abagune politikoa gorabehera, euskal nazioaren eraikuntza dugu eguneroko lana, arlo orotan, eremu guztietan. Sortuk eta EH Bilduk egin beharreko ekarpena bi zentzutan ulertu behar da, beraz. Alde batetik, herri mugimenduan sortutako dinamika soziala indartzea, eta, beste batetik, herrigintzan emango diren ekimenei babes politikoa ematea, esate baterako, instituzioen inplikazioa indartuz. Instituzioak ezin dira motorrak izan eta gainera ez dagokie betekizun politiko hori eraldaketa prozesuan.

Izan ere, fase honetako apustu nagusia Euskal Herriaren egituratze eta artikulazio nazionalean aurrera egiteko mekanismo eta tresneria eraikitzea da. Honako helburuekin: ezker abertzalearen proiektuan sakontzea eta garatu ahal izateko baldintzak sortzea dagokigu; Euskal Herriaren errealitate nazionala indartzea, lurraldetasuna indartuz estatu propio bat eraikitzeko mekanismoak indartuz.


Bestetik, EH Bilduren nagusitasun elektoralaren zain egon gabe, nazio eraikuntzaren zein eraldaketa sozialaren aldeko lanek egunerokotasuna ematen diete Euskal Herriaren aldeko lanari eta borrokari. Fase honetan hain beharrezkoa den herri aktibaziorako lanabesa dira nazio   eraikuntza eta eraldaketa soziala. Azkenik, ekinbide eraginkorra da, urrats zehatzak eman baitaitezke, proiektu zehatzak  gauzatze bidean, gaikako akordio transbertsal berriak lantzeko aukera zabaltzeaz gain.

Eta bide horretan, estatuekiko aldebakartasunez eta Euskal Herriarekiko aldeaniztasunez jokatu behar dugu. Aldebakartasuna ez dugu soilik alor teknikora eta gatazkaren konponbidera aplikatu behar. Estatuekin aldebikotasunaren eskema egituratzea ere nahiko genuke, bai ondorioei aterabidea emateko (Aieteko Adierazpenak jasotzen duen moduan), bai euskal eragileen artean lortu beharreko akordio politikoak Madrilekin eta Parisekin nola inplementatu adosteko. Bistan da, haatik, indarrean direla trabak eta boikota. Uztaritzeko Udalak euskara ofiziala izendatuz egiten zuen herri erabakiaren aurkako frantses ebazpena da azken froga. Gaur-gaurkoz ez dago estatuen aldetik aldebikotasunerako borondaterik, horren bila ibiltzea alferrikakoa da.

Indar harremanean eragitea besterik ez dago. Ez dago beste biderik eta horretarako indar metaketa, konfrontazio demokratikoa, herri harresia, desobedientzia eta, estatuen jarrera aldatzen ez den bitartean, arlo guztietan eta euskal jendartearekin batera, aldebakartasunez jokatzea dagokigu, Euskal Herri osoa aktibatuz. Horretan datza, nire ustez, lehentasuna, prozesu elektoralen garrantzia ukatu gabe. Zailtasunak eta oztopoak handiak izango dira, baina egoera politikoan eragiteko eta berau eraldatzeko indarra, egon badago, eta martxan jarriko da baldin eta indar metaketari, konfrontazio demokratikoari, herri harresiari eta desobedientziari arlo guztietan eusten badiogu.

Buscar