Normaltasun berritura itzuli? Ez, eskerrik asko!
Arduraz, ilusioz, sinestuta, determinazioz, praktika askeek sortarazten dituzten satisfakzioekin, elkarlanean... aritzeko garaiak dira, izan ere, uneotan, hainbat gauzen artean, irekitzear dagoen fase historiko honen koordenadak nolakoak izango diren jokoan baitago.
Azken egunotan hainbat agintarien ahotik geroz eta gehiago entzuten ari gara normaltasun berritua kontzeptua. Nonbait, egoera horretara hurbiltzen ari (omen) gara.
Koronabirusatik haratago, egun, erantzunak baino galdera gehiago dauden une honetan, normaltasun berritua hori zer izan daitekeen ulertzeko zailtasunak ditudala aitortu beharra daukat.
Ausardi (edota aurpegi) galanta izan behar da gero horrelako augurioekin herritarrongana etortzeko. Erortzen ari denarekin, norbaitek sinesten du, horrela, besterik gabe, epe motzera lehengora bueltatuko garenik? Ni, egiturazko aldaketak datozenaren posizioan nago eta aldaketok orain arteko agintarien esku uzten baditugu, datozen urteak, zikloa, gogorrak oso izango dira herritarrontzat zein naturarentzat.
Sistema hau kudeatzen dutenak, pandemia bideratzeko egiten ari diren ahaleginez gain, jada, hurrengo fasea diseinatzen ari dira eta estutzen banauzue, labanak zorrozten ari direla esango nuke.
Hau guztiaren bueltan, mundu mailako berrantolaketa bat dator, maila guztietan: humanoan, ekonomikoan, sozialean, politikoan, instituzionalean, kulturalean, teknologikoan, zientifikoan eta abar.
Abiapuntu horretatik eta berritua terminoan sartu aurretik zer da orduan aipatzen ari zareten normaltasun hori?
Lehenik eta behin, lerrook, Covid-19aren inguruan egiten ari diren kudeaketetaz hitz egiteko ez ditudala baliatuko argitu nahi dut. Oraingo honetan, atentzioa beste leku batzuetan jarri nahi dut (jakitun kudeatzeko oso zaila eta konplexua den egoera baten aurrean aurkitzen garela).
Hori esanda, koronabirusa eta bere ondorioak gure bizitzetan hain gordinki aterrizatzen ari diren honetan, zein mundutan bizi garen ikusteko aukera paregabea ireki zaigula iruditzen zait.
Asteotako gertakariek, besteak beste, atzetik zetorren argazkia, gurean, inoiz baino argiago ikusteko parada eman digute, hots, Covid-19tik haratago doan sistema honek, gaixotu eta erail egiten gaituela.
Zergatik diot hori? Bada, mundu honetan askogatik gehiengoa garen interesen kontra, kapitala eta gutxi batzuen aberastasuna lehenesten duen sistema honek, bestelako “pandemia” batzuk sortu, garatu, inposatu eta pairatuarazten dizkigulako. Koronabirusak berak baino gaixo eta hildako askosaz gehiago eragiten dituzten “pandemiak” dira (Covid-19a eragiten ari den sufrikario guztiari ezer kendu gabe).
Hori guztia frogatzen duten adibideak ugariak dira: demokrazia eza; eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta bestelakoen eten gabeko urraketak; gure bizitzetako esparru guztiak bereganatu dituen kontrol soziala; desinformazioa edota gidatutako informazioa; gure denboraren xahuketa; kapital-botere kontzentrazio geroz eta haundiagoa; aberastasunaren banaketa guztiz desorekatua, hortaz, injustua; ekosistemaren aurkako eten gabeko erasoak; kutsadura; bestelako gaixotasunak; gerrak; indar polizialen eta militarren gehiegikeriak; gosea; espekulazioa; pribatizazioak; murrizketak; korrupzioa; lan istripuak; langabezia; prekarizazioa; probezia; biolentzia matxista; arrazakeria; errefuxiatuen aurkako politikak; homofobia; neurriz kanpoko kontsumokeria; zabor elikadura; suizidio tasak eta abar luze bat.
Planteatzen duzuen normaltasun berritua delakoaren oinarriak horiek badira (eta zuen aldetik pairatutakoak pairatuta ez daukat zalantzarik)... ez kontatu gurekin! Utz gaitzazue pakean! Argi eta garbi. Gu, gure bidea egitera goaz (honez gero ohartuko zineten lehen pertsona singularrean hitz egitetik lehen pertsona pluralean solastera pasatu naizela).
Hausnarketetarako garaiak dira. Orain arteko guztia kuestionatzea dagokigu, norbanako gisa zein kolektiboki. Zertarako? Pertsonak, komunitate naturalak eta natura erdigunean kokatuko dituzten eredu berriak eraikitzen hasteko edota kontsolidatzeko.
Sistema honen tamainak eta indarrak ez gaitzala kikildu. Oraindik ere, etapa berri honek ekarriko digun guztia jakiteke dugun honetan, ez gaitezen hain azkar ohituratu egoera “berri” hauetara. Konfort egoeretan edota sistemaren inertzietan harrapatuta gaudenok atera gaitezen preso gaituzten kaiola hauetatik eta egin dezagun aurrera. Utz diezaiogun bestelako alternatibarik ezin dela eraiki sinesteari edota sistema honek uzten dizkigun apurrekin konformatzeari. Erreakzionatu dezagun, bestela, beste behin ere, gaitzak eta heriotzak eragiten dituen normaltasun berritu hau gailenduko zaigu.
Covid-19a gurera heldu arte, sistema honen ikur nagusia, bere (ustezko) solbentzia izan da. Bada pandemia honek, hori guztia, hankaz gora jarri du. Erortezinak ziruditen hainbat eta hainbat estamentu, uneotan, lokatzezko oinekin ikus ditzakegu. Eta haien “lasaitasunerako”, euren zoruak bustiko dituzten ekaitzak iragarrita daude.
Zorionez, mundu mailan, baita Euskal Herrian ere, bestelako oinarriak (teorikoak zein praktikoak, ez baikara hutsetik abiatzen) dituen eredu berri honen alde gaudenak, askogatik, gehiengoa gara. Orain arteko familia politikoetatik haratago, gehiengo horiek elkartzeko eta aktibatzeko garaiak dira. Gehiengo horien atzean dauden gaitasun eta indarrekin sinesteko makina bat arrazoi dauzkagu eta hortik, ilusioz eta txingurri lanak eginaz, ez izan zalantzarik oso urrutira iritsi gaitezkeenarekin. Ez gaitezen blokeatu eskura ezin ikusten ditugun helburuekin eta kontrara, has gaitezen bidea egiten gaurkoa, atzokoa baino hobea izan dadin.
Horrek guztiak, egiazki aurrera egin nahi badugu, gutariko bakoitzaren eta gu guztion atxikimendua eta inplikazioa eskatzen ditu. Norabide honetan kokatzen diren aldaketa hauek guztiak gauzatu nahi baditugu, orain arteko ametsetatik sentitu daitezkeen gozamenetara pasatu nahi badugu, lehenik, gutariko bakoitza aldatzen hasi behar gara eta paraleloki, dinamika herritar hauek lideratu behar dituzten subjektu eta jardun kolektibo berriei bide ematen hasi behar gara.
Indibidualki zein kolektiboki, berreskuratu ditzagun gure bizitzekin zerikusi zuzena duten erabakiak hartzeko aukera eta obligazioa. Bestela esanda, amaitu dezagun honaino ekarri gaituzten delegazionismokeria hauek guztiekin. Aldendu gaitezen hain eroak eta hiltzaileak diren egunerokotasun normalizatu hauetatik eta gure buruak ahaldunduz eraiki dezagun gure, gu guztion, egunerokoa. Hainbeste desio eta behar dugun eredu hau izan dadila gu guztiok bustitzen gaituen sirimiria. Eta hemendik urte batzuetara, normaltasunaz hitz egiten dugunean, normaltasun hori izan dadila pertsonak, komunitate naturalak eta natura erdigunean kokatzen dituena.
Koronabirusaren bueltan, birsortzeko eta norabide honetan ibiltzen hasteko sekulako aukerak ireki zaizkigu... Baliatu ditzagun! Arduraz, ilusioz, sinestuta, determinazioz, praktika askeek sortarazten dituzten satisfakzioekin, elkarlanean... aritzeko garaiak dira, izan ere, uneotan, hainbat gauzen artean, irekitzear dagoen fase historiko honen koordenadak nolakoak izango diren jokoan baitago. Orain egiten eta egiten ez ditugunek determinatuko dituzte datozen urteotako erabakiak eta situazioak. Aukera nagusiak bi dira: edo lehengo lepotik burua (baina dezente zitalagoa den bertsio batekin) edo herritarron ahalduntze batetik, pertsonon, komunitate naturalen eta naturaren interesak lehenestuko dituen aro berria. Udaberrian gaudela probestuz, loratu dezagun bigarren aukera hau.
Gutariko bakoitzaren eta gu guztion esku dago. Sakatu dezagun baiezkoaren botoia eta has gaitezen behetik gora datorren bidea egiten, pertsonon behar errealekin konektatzen, urratsez urrats, egingarriak diren gauzetatik hasita, tokian tokiko dinamiketatik hasi eta beste zirkuloekin bat egiten dituzten sinergiak sendotuz eta garatuz. Herria nigandik hasiz, gu garen horretatik pasatuz eta Euskal Herritik beste mundu bat eraikitzeraino. Funtsean, euskal herritarron eta bidenabar, gizakion ongizatea bilatzen duen eszenatokira eraman behar gaituen bidaia da abian jarri behar duguna.
Izan ere ba al dago gure egunerokoa hobetu dezakeena baino bide gratifikanteagorik? Bakarka eurei interesatzen zaizkien lekuetan gaituzte baina indarrak bilduz eta aktibatuz gero, garai ezinak gara! Koronabirusak hil dituen guztiengatik, guregatik, gure seme-alabengatik eta ondorengoengatik! Ekin diezaiogun (elkar)bizitzaren bideari! Animo, (elkar)zaindu eta aurrera!