Ramon Sola
GAUR8

Olatu horrek bai utziko duela aparra

Ezinezkoa egiten zait zehaztea noiztik dugun euskal herritarrok Gabonen inguruan presoen aldeko Bilboko kaleak ibiltzeko “ohitura” (Herrerarako martxa haietatik akaso). Urteak eta urteak nahasten dira gogoan gordetako irudi hunkigarrien artean: Zabalburutik behera begiratuta Autonomia kalea gainezka; senideen ilara amaigabeak, kandelak eskuetan; lehen argazkiak eta azken boladan afixak Bilboko Udaleko eskailerak erabat betez.

Batzuetan hotza barrutik atera ezinik ekin diogu bideari, edota euripean, behin edo bitan ere elur malutak airean ikusten zirela. Autobusez joan gara edo autoz, kuadrillan, familiarekin edo bakarrik beharrezkoa bazen, lehen Eguberrien erdian eta, azken boladan, oporralditxoa pasata. Egoeraren gorabeheren arabera, 20.000 izan gara edo 60.000 lagunetik gertuago ibili gara. Batzuetan lagunduago, 1999an kasu (Xabier Arzalluz argazkietan euritakoarekin ageri zen hura); gehienetan gu eta gutarrak baino ez (eta hala ere, dozenaka mila).

Jauzia eman zuen gerora urteroko hitzorduak. Biderkatu baino gehiago egin da. 37.000 lagun zenbatu zituen GARAk 2009an; 110.000 pertsona 2012an; zertxobait gehiago iaz. Baina horren gainetik ezberdintasun sakon bat ageri da, kualitatiboa ez dena, helburuari eta eraginkortasunari dagokiona baizik. Fiskaltzak egin duen debekatzeko eskaintza (lerrook idazteko orduan artean erantzunik ez duena) da seinale onena.

Onar dezagun urteen poderioz eta guztiz blokeaturik zegoen agertoki batean gertatu delako, mobilizazio honek ezinbestean barrura begirako ondorioak izan dituela: presoei zein senideei elkartasun besarkada erraldoia helaraztea, bereziki. Bide batez, Euskal Herrian espetxe politikaren aurka jende andana dagoela ikustarazi du, baina errealitate mingots hori eraldatzeko gaitasun handirik gabe, beste alderdiei eta erakundeei egindako interpelazio ozenen indarrak manifestazioaren oihartzuna isildu bitartean baino ez du iraun: hau da, olatu ikaragarriak altxatu ditugu, baina aparra azkar desegin da. Hortaz, Gabonetako manifestazioak elkartasuna, samurtasuna, autoafirmazioa eta indarberritzea eragin ohi ditu, baina neurri berean urte berriko erritotik asko izan du, ilusio hutsetik gehiegi, «hurrengo urtera arte» gehiegi entzun (eta esan) ditugu Aita Donostia plazatik Udaletxerako bi kilometro horietan. Horregatik da ezberdina aurtengoa. Herri mobilizazioa eraginkor egiteko aukera zabaldu da, parez pare. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren apustu garbiak ireki du atea.

Mobilizazioa ez da izango –lehenagotik ere bagenekien eta astearteko sarekadak ez du duda izpirik utzi–Estatu espainolaren espetxe jarduna berez aldarazteko nahikoa, PPk edozein aurrerapenen aurrean ihes egiten segituko baitu, gero eta koldarkeria handiagoarekin, gero eta lotsagabeago, inorantz bada ere. Baina bada euskal fronte handi eta zabal bat osatzeko urrats izugarria, giza eskubide guztien bermatzailea, behin betiko eta aitzakiarik gabeko konponbidearen aldekoa, eta, ondorioz, presoak lehenik hurbildu eta gero etxeratzeko eragile erabakigarri bilakatuko dena. Ez soilik alderdiei, ez soilik erakundeei, ez soilik eragileei, baizik eta herritar guztiei, banan-banan, honako galdera erraza helaraziko diena: «Zu bizi zaren herriaren onerako, preso eta iheslarien arazoa konpontzeak merezi al du ala usteltzen uzten segitzea nahiago?».

EPPK-k hartutako erabakiak ez ditu bakarrik aitzakiak bidetik kendu, barrukoen eta kanpoko askoren arteko hormak ere bota egin ditu, elkarrengandik hurbilduz. Orain arte inoiz ez dira euskal preso politikoen aldarrikapenak eta euskal eragile eta herritar gehienenak elkarrengandik hain gertu izan. Horregatik zigortu du Madrilek presoen mintzakidetza taldea, zabalduko ate hori itxi behar duela sentitu baitu. Berandu, beste behin ere.

Buscar