Josu Iraeta
Idazlea

Oroitzapen zehatzak

Zehazki, hogei urte igaro dira Donostiako Anoeta belodromoan, Ezker Abertzaleko ordezkariek honakoa adierazi zutenetik: «Ezker Abertzalea, indar politiko guztiek, nazionalistek eta ez nazionalistek parte hartuko duten elkarrizketa irekitzearen alde dago».

Geroztik, Euskal Herriaren azal zabalean kolore ezberdineko ainbat erakunde politikoren berri dugu. Bakarren batzuk ibilbide luze eta korapilatsua egindakoak, besteak ez hain beste. Euskaldunen historiaren protagonistak direnak batzuk, horretan saiatzen ari direnak besteak.

Horrelakoak egon ba daude, baina egia osoa beste bat da. Egitasmo politiko guztiak bai dute atzean bide luze bat. Hainbat pertsonen eztabaida eta haserreak, nahi eta ezinak, baina, baita lanaren emaitza pozgarriak. Urteak behar izaten dituzte gizarte mailan bere diskurtsoa ezagun izan dadin. Gero –nahiko geroago– gizartearen ezagutza eta babesa zenbatekoa den jakiten dute, hauteskundeak barne. Beraz lana asko dago gordean.

Gizarteratzekoan, helburuak agertu behar izaten dituzte, eta honek ekartzen ditu hainbat nahigabe eta estutasun, zaila baita emandako itza betetzea. Sarri, denok ikusten ditugu aurrez aurreko sutsuak, eta ez alderdi politikoen artean bakarrik –baita duela egun gutxi ikusi bezala– «gobernu kideak barne».

Egia da, denborak agintzen duela, eta baldintzak asko aldatzen direla, baina –hala ere– belea sekula ez birigarro.

Denbora aurrera doa eta honekin joko arauak ere aldatzen joan dira. Egun, Europak, estaturik gabeko nazioen aldarrikapen politikoak aztertu eta barneratzeko, sekulako indarra beharko luke, Herri oso baten bultzada. Beraz ez da harritzekoa, Madriletik, baita Estrasburgotik, «blokeo» hitza nagusitzea.

Itxuraz, inork ez dio ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta –nire ustez– arrazoi nagusia hau; askatasuna eta burujabetza abertzale guztiok aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzeak, mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela, eta aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.

Duela urte batzuk –agian ez hainbeste– euskal gizartea oso ideologizatua zegoen, nire ustez, behartuta eta hala nahi zuelako. Ideologiaren apologia egiten genuen eta zoko guztietatik egitasmo nahiko ideologikoak aurkezten ziren.

Gaur egun askok nahiko baztertuta dituztela kontu horiek ikusten dut. Urrats asko dira tartean emandakoak eta orain, zoritxarrez, norberekeria nabarmentzen ari dela esango nuke.

Handik eta hemendik dabiltzan diskurtsoak, ezker-eskuin hori, zaharkitutzat jotzen dute. Bakoitzak bereari begiratzen dio, eta beraien ustez apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia hura, «gorde» eginda hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnak, bere pentsamolde eta joera «propioak» dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan, noski. Agian horregatik herriko jaialdi eta kiroletan ez daude eroso, beste mota bateko ekitaldiak eta festak nahiago dituzte.

Estatuaren arrazoietan sinesten dute eta babesten dituzte, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoak agintzen dutela, baita olagarro gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banku handiak, armadak, baita komunikabide manipulatzaileak ere. Onartzen dute «demokrazia formal» bat besterik ez dela baino, eroso sentitzen dira bere baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote, demokrazia formal eta modernoaren izenean parlamentuak sortu zirela, eta nahiz polizia Estatua indartu, ustez beharrezkoak dira, zalantzarik gabe sistema indartzen dutelako.

Lege antiterroristak ere baietsi zituzten, aurkaria desagertzeko, baina hori bai, estatuari aurre egiten diotenentzat bakarrik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertu ere ulertzen dute horrelako lege bereziak, torturaren praktika babestu dutela, baina horiek sistemaren akatsak besterik ez direla, diote.

Gaurko modernitate demokratiko guztien gainetik nahi dut azaldu argi, gaur arte eta denbora luzez, guretzat teorema baino «axioma» tzat genuena, gure borrokaren bi zutabe bateratzaileak. Baina baita ere, gure «axioma» gauzatzeko gaitasun ezak ez diola gaurkotasunik kentzen, nahiz beharrezkoak diren baldintzak ez ditugun gureganatu.

Egia da, betidanik gure politika egiteko erak, bi zutabe nagusi izan dituela eta dituela; Estatu espainiarra eta frantsesarekin, Euskal Herria aurrez aurre jartzen duen borroka antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien krisi sakona begi bistan dago.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak –bata bestean ondotik–, uka ezina da, garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak bata bestean gainean doaz.

Egun, eta luzerako jasan beharko dugun egoera honi helduz, esan litekeena ez da gozoa. Denborak irakatsi digu zapalkuntza eta errepresioak, herriaren gehiengoa iraultzara bultzatuko zuela uste genuen arren, ez dela horrela gertatu. Eta azken urteen emaitzak diote ez dela horrela izango.

Beraz, langabeziak eta behar larriak, langileria gaur edo bihar –euskaldun bezala– kolonizatua eta zatitua dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Ez da helburu okerra baina ez da lortu.

Bidegurutzea dugu aurrez-aurre, eta honek aukera desberdinak eskaintzen ditu beti, aukera politak. Orain lau haizetara daramaten bideak ditugu aurrez-aurre, baina denak ez dira mesederako izango.

Ibilbide luzean batzuk eta besteak ezagutu ditugunez, orain erabaki zuzenean datza etorkizuna. Nora, norekin eta zertarako, etorkizuna gure esku baitago.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Buscar