Orokortuz
Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean lizentziatutako ingeniaria da J; ingeniaritza ikasteko esan zioten, irteerak zeuzkalako eta Espainian ingeniariak baloratzen direlako (irizpide zalantzagarri eta tradizionalistetan oinarritutako balorazioa da, baina horri buruz dudan iritzia beste baterako utziko dut).
M arkitektoa da, Valentzian ikasi zuen; karrera bukatu eta berehala proiektu handi batean hasi zen lanean baina krisiarekin bertan behera gelditu zen. L-k biologia ikasi zuen, ez du inoiz lanik egin. J, M eta L Londresa etorri dira, Espainian ezin zutelako lanik aurkitu, eta gurasoen etxean bizitzeak eta aitona-amonen pagekin asteburuetako parrandak ordaintzen jarraitzeak zama morala handitzen zielako. Hobeto gaude hemen, behintzat ingelesa ikasiko dugu. Hori diote hirurek.
Duela urte batzuk, “Erasmus” etiketarekin etortzen zen Londresa J, M eta L bezalako jendea, atzerrira zihoazen ikasketak bukatzera edo lehenengo lana topatzera. Orain “pseudo-erasmus” kategoria berri bat sortu da: Erasmus bekadunen moduko bizitza daramate (logela lagun batekin partekatzen eta supermerkatuan beheraldietan dagoen esnea erosten), baina Erasmus bekadunek ez bezala 30 urteak gertu dituzte. Eta, gehienek ingeles maila baxua dute. Orokortuz.
Atzo gaueko albistegian Ingalaterrara datozen kanpotarrei buruz ari ziren hizketan. Espainolen kopurua izugarri igo da azken bi urteetan eta horri buruz egin zuten analisia. Ez da estatistika hutsa, nik nabari dut; orokorrean kalean gaztelera gehiago entzuten dut. Benetan, nabarmena da, Londresen daramadan denbora luzean ez nuen antzekorik antzeman. Dendetan, jatetxeetan eta tabernetan ere langile asko espainolak dira. J, M eta L bezalako jendea. Eta, agidanez, ez da Londresen bakarrik gertatzen. Eskozia iparraldeko edozein herritan ere egoera antzekoa omen da. Hori esan didate. Leku guztietan daude.
Goizean bulegora iritsi naizenean lankide batzuek galdetu didate ea Espainiako egoerari buruzko albistea ikusi nuen; «eskerrak hemen zauden» esan didate. «Herritarren %25 langabezian baldin badaude, egoerak aski larria izan behar du. Zure lagunek zer esaten dute?». Hamar urteren ostean ea hemengo eguraldira ohitu naizen galdetzen didaten berberak dira (nahiz eta hamar urteotan esan diedan Euskal Herrian Londresen baino euri gehiago egiten duela; eta hori frogatuta dago, ez da orokortze faltsu bat). “Benidorm” izeneko telebista saio bat dago Ingalaterran, Espainiaren topiko guztiak erakusten dituena: hondartzak, eguzkia, paellak eta siesta egiten duten espainolak, mozkortzera joaten diren ingelesen ikuspegitik begiratuta. Destainaz. Atzeratuago dago hura, orokorrean. Batzuei iruditzen zaie hortik natorrela ni. Orokortuz. Euskal Herria ezberdina da, esaten nien hasieran. Baina ikasi dut ez duela merezi ezberdintasunak, geografia, identitatea edo nire sentimenduak azaltzeko denbora galtzea. Batzuekin.
Albistegietako goiburuetara mugatzen denarentzat eta kuriositaterik ez duenarentzat Espainiak (eta lotura okerrez, Euskal Herriak) irudi kaskarra ematen du hemen. Pseudo-erasmus multzoari erreparatuz adibidez, espainolen ingeles maila alemanena eta frantsesena baino baxuagoa dela esaten da. Eta, orokorrean, ez daudela hain ondo prestatuta. Ebidentzia askorik gabeko pertzepzioak dira. Baina, baldintza guztiak berdinak izanda ere, J, M eta L-ren bertsio frantsesari edo alemanari gaur aukera gehiago ematen zaizkiola iruditzen zait. Orokorrean.
Orokortze guztiak, definizioz, okerrak dira, eta hemen esan ditudan guztiak azaleko hausnarketak direla badakit. Baita zuria edo beltzaren antzeko ikuskera dikotomikorako joera erakusten dutela ere. Baina Ingalaterrako eguraldira ohitu naizen galdetzen didaten horien antzekoak baldin badira erabakiak hartzen dituztenak, askotan hutsalkeriak irabazten du. J, M eta L-ri esan nien idatziko nuela honi buruz.