Izaskun Elezgarai, Nora Fernandez, Ekaitz Agirregoitia, Angel Bidaurrazaga eta Koldo Callado
UEUko Osasun Saila

Osasun zientzietan ere, saretuz ikertzen

Ikasle askorentzat unibertsitate-garaia izan da euskara ezagutu edota euskaraz bizitzeko aukera. Euskaldun berri askok ikasi du «ondarruera» deszifratzen, askok euskaraz ikasi du euskal adarreko ikasle batekin ligatzeko eta, areago, askok gaitasuna garatu du historiaz, zientziaz zein bizitzaz euskaraz naturaltasunez hitz egiteko.

Mundu akademikoan, sarritan talka egin dute euskarak jasan dituen gutxiespenak eta ikasle askok bizitako esperientziek. Karrera zientifikoan aurrera egin ahala, gero eta zailago da komunikazio sare euskaldunak mantentzea, garatzea eta naturaltasunez erabiltzea; baina zailtasunek edota gutxiespenek ez dute errealitatea ezabatzen eta, egun, bistakoa da euskal komunitate zientifikoa egon badagoela: euskaraz ikasi, ikertu eta ekoizten duen komunitatea; existitzen ez diren baliabideak une oro garatzen dituen komunitatea, hain zuzen ere.

Zentzu horretan, duela lau urte, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) topaketak antolatu zituen, osasun zientzietan ikertzen genuen zientzialari euskaldunon komunitatea biltzeko asmoz. Bihar, maiatzaren 30ean, berriz, bigarrenez biltzeko dei egin digu UEUko Osasun Sailak, non eta Eibarren. Zertarako? 2010eko bideari jarraipena emateko, eta oraindik ezezagunak diren ikerlari euskaldunak sarera erakartzeko eta berau sendotzeko.

Halere, ikertzaile euskaldunen komunitatea elkartzeko, eta bere gabeziak eta beharrak azaltzeko forum bat izateaz gain, osasun zientzietako ikertzaileen bigarren topaketa hauek badaukate berezitasun oso garrantzitsua: ikertzaileen lantokiaren izena gaindituz, Euskal Herriko ikerketa zentro askoren ikerkuntza lerroak aurkezteko foruma izango da. Hau da: Euskal Herrian egiten den osasun ikerkuntzaren erradiografia txikia egiteko aukera izango dugu; eta hori, gaur egun, hain ezohikoa da berebiziko garrantzia daukala. Izan ere, euskal zientzia komunitatearen ikuspegitik, berebizikoa da Euskal Herriko zientzialari, ikasle, irakasle, mediku eta ikertzaileok forum bat izatea: 1) Krisi garaian zientziak, ikerkuntzak eta osasungintzak jasan dituzten murrizketek piztutako eztabaida aztertu nahi badugu;  2) Ongizaterako berebizikoak diren alorrotan lehentasunez bultzatu beharreko ildo estrategikoen inguruko gogoeta egin nahi bada; eta 3) planifikazio eraginkorra egin nahi bada. Soilik horrela izango dugu aukera gure iritzia indarrez emateko. Gainera, Osasun Zientziak jendartearen mesedetan jartzeko bidea hartuko du behingoz, eta gardentasunez.

Maiatzaren 30ean elkartuko garen ikertzaileok, beraz, ikasle garaian euskararekiko hartutako konpromisoarekin jarraitzeko aukera izango dugu. Gure hizkuntzari zor dioguna itzultzeaz gain, gure artean saretzeko gaitasuna erdietsiko bagenu, epe ertainera herri osoak nabarituko lituzke trukearen emaitzak eta onurak. Goazen ba, saretuz, ikertzera!

Buscar