Ainara Arretxe, Iñaki Berasategi
LAB Irakaskuntza

PAIkeriak

UPNren hezkuntza politikaren erasoen aurrean planto egiteko, LAB asteazkenean izan den Mahai Sektorialetik altxatu da.

Berriz ere Hezkuntza Departamentuak Euskararen aurkako ahaleginak eta saiakuntzak egiten darrai. Ikastetxe askotan inposatu duten PAI programa nolabait legeztatzeko, dekretu berri bat egin nahi dute. Baina ez nolanahi, beste zenbait gai nahasiz baizik. Azalduko dugu nola.

Dekretu honetan hiru atal ezberdin garbi ikusten dira:

1. Irakasle Batzordeak egindako eskaerari erantzunez Zerbitzu Eginkizunak gardentasunez eman ahal izateko arautzen duen zatia. LABek zati honi hobetze aldera zenbait ekarpen egin dizkio. Atal honek berezko Dekretu bat izan beharko luke, eta horrela helarazi diogu Hezkuntza Departamentuari.

2. Leku-aldatze Lehiaketari dagokion bigarren atal bat izango luke, non ikastetxeen zonifikazioa eta lanpostuen ezabapena arautzen den. Zati hau Leku-aldatze lehiaketako arauetan txertatzea eskatu da.

3. Atzerriko Hizkuntzen profilen akreditazioa, akreditatuen leku aldatzeko aukerak, hauen zerbitzu eginkizunak eta ingeleseko espezialitatea dutenen Haur eta Lehen Hezkuntzarako habilitazioa lortzea arautuko duen atala. Azken zati hau kentzea eskatu da Mahai Sektorialean.

Hirugarren atal honi dagokionez LAB sindikatuak egiten duen irakurketa honakoa da:

- Beste behin ere agerian geratu da PAI programa martxan jartzeko ez direla baldintza nahikoak ematen irakasleriaren ingeleseko titulazioari begira. Berez C1 maila eskatzen du Hezkuntza Departamentuak, baina salbuespenak arau bihurtuz, egun hainbat irakasle B2rekin soilik ari dira ingelesez klaseak ematen. Hau gutxi balitz, Dekretu honetan, behin behineko akreditazioak eskaini nahi dira azterketatxo baten bidez.

- Hezkuntzaren kalitatea jeisten ari dira ingelesa indartzearen aitzakiarekin. Ingelesaren kalitatea jeisten da C1 tituludun irakasle gutxiegi dagoelako eta hau horrela izanik, ingelesez emandako arloen kalitatea ere behera doa.

- Dekretu honen bidez ahalbidetuko da edozeinek bi urteko ko-tutoretzarekin Haur eta Lehen Hezkuntzarako habilitazioa lortzea. Honekin alferrikakoa izanen lirateke Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek egindako gradua edo diplomatura lortzeko ikasketak.

- Nahiz eta askotan eskatu, PAI programa martxan duten ikastetxeen ebaluazioen emaitzak ez ditugu ezagutzen. Zeren beldur dira?

- Inposatutako programa honek irakasleriaren lan-baldintzak zeharo okertzea dakar, besteak beste behar ez den mugikortasuna.

Azkenik, LABek Dekretu honen hirugarren atala bertan behera uztea eskatzen du eta honekin batera hurrengo ikasturtean PAI martxan jarriko den ikastetxeetan ere ez ezartzea.

Buscar