Koldo Zelestino

Pandemiaren irakaspena: komunitatea bultzatzea

Begi bistan badauzkagu zeregin zehatzak komunitatetik bultzatu beharko liratekeenak, guztion ardura kolektibo gisa ulertuta, hots, guztion oinarrizko bizi baldintza duinetarako oinarrizko gai zentralak direnak: etxebizitza, osasungintza, lana, eta laugarren multzo zabala (aisia, formakuntza, hizkuntzak, kirola).

Egunotan bizitzen ari garen egoera atipiko hau berria izateaz gain, ustekabekoa izaten ari da inork ez zuelako espero, aldiz, hilabete bat eta erdi baino gehiago igaro denean, zenbait hausnarketa egiteko beta ematen digu eta ondorioz hainbat ikasbide ateratzeko aukera ere bai. Oso zaila eta oso ausarta izan liteke aurreikuspenak zehaztea eta futurologia merkea plazaratzea, hemendik aurrera zer gertatuko den jakiteko eta adierazteko, baina zalantza izpirik gabe, egoera berri honek hainbat pista ematen digu zenbait arlotan sakontzeko eta aurrera begira gure burua kokatzeko, betiere, ikuspegi aurrerakoi batetik begiratuta.

Alde batetik, gobernu ezberdinen esperientzia eta prestakuntza eza agerian gelditu dira, horrek ekarri duen guztiarekin (material falta, lehentasun eta ekimen aktibo eza, agente ezberdinen arteko plangintza eta kolaboraziorako estrategia falta...); baina zentzu berean jendartea kulunka ibili da, jakin gabe nola lagundu ahal zuen, zer egin behar zuen… borondatezko eta fede oneko ekimenak ahaztu gabe; bizitzen ari garena ez baita gizarte antolatu baten isla bat, baizik eta zenbait boluntarismotik sortutako ekimen batzuk. Beste era batean esanda, kaleetan, auzoetan edota herrietan ikusi ditugun ekimenak (pertsona nagusiei janaria eramatea, maskarak egitea etxeko josteko makinaz, etab.), jendearen inprobisazioaren eta zerbait egiteko gogoaren ondorioa izan dira, eta ez errotik eratutako gizarte prestatu baten ondorioa (munduko zenbait tokitan, aitzitik, badaude zenbait adibide horrela funtzionatzen dutenak, esate baterako, Kubara tifoiak iristen direnean).

Ildo honetatik jarraituz, beste pista bat aintzakotzat hartu beharko duguna zera da: gizarte eredu zehatz baten koordenatuetan bizitzen egon garela erabat murgilduta eta ohituta, beste eredurik asmatzea eta eratzea ezinezkoa izango balitz bezala. Eredu kapitalista, indibidualista, berekoia, kontsumista, pentsatzeko eta parte hartzeko bideak mozten dituena,norbera bere etxean sartuta egonda bere inguruan gertatzen denaz baita bizi denaz ere berdin diguna pentsatzera bultzatzen gaituena; gizarte eredu engainakor bat «libre» eta lasaitasunean bizi garela pentsatzera eramaten gaituena, kasu batzuetan baita zenbait gatazka edo istilu sorrarazteko aukerak ematen dizkiguna (zenbait protesta kontrolatuak egiteko eskubidea baimenduz) baina inoiz ez eredu honen egituraketa aldatzeko zirrikiturik utziko lukeena.

Halaber, etxean sartuta gauden denboraldi honetan botereak (estatukoak zein autonomikoak) eredu honen jarraipenaren aldeko apustua egiten ari dira, interes ekonomikoen mesedetan, kontrol sozialean, polizialean eta militarrean oinarriturik, jendartearen ongizate eta osasunaren gainetik ipinita.

Hala ere, badago beste pista bat oso interesgarria berrogeialdi honetan ikusi eta ikasi duguna: jendartearen jarrerak eta gizatasuna. Eta hementxe dago gure kakoa aurrera begira jakiteko zertan sakondu behar dugun eta zer nolako bideak jorratu beharko genituzkeen. Alde batetik, euskal emakume eta gizonezkoen gehiengoaren kontzientzia, diziplina eta heldutasuna izugarria izaten ari da, gure agintarien gainetik; alegia, beraiek konfinamendurako deia egin aurretik denok argi geneukan hori egitea ezinbestekoa zela; testak era unibertsalean egiten ez badira ere hori egin beharko dela argi daukagu gehienok; haurren egoera era antolatu batean arindu beharko dela bistakoa denean... susmoa zera da: gauzak berandu eta nahiko eskas antolatzen eta garatzen ari direla. Eta hala eta guztiz ere, euskal jendartea pazientzia erakusten ari da, elkartasuna inguruko biztanleekiko edota nagusiekiko, elkar ezagutzeko gustua eta gogoa, eta neurri batean komunitate bateko partaide izatearen kontzientzia berpizten eta indartzen ari da, nolabaiteko maitasuna gure inguruan, gure komunitatean bizi direnekiko.

Baina ez hori bakarrik, jende asko konturatzen ari da gauza gutxiagorekin bizi daitekeela eta bizi beharko dela segur aski hemendik aurrera. Harremanak, kontsumoa eta bizipenak ez dira berdinak izango. Azken finean, orain arte «nire arazoa» edo «zure arazoa» izan dena, une honetan «gure arazoa» bihurtu da. Erronka hau guztion artean gaindituko dugula oso barneratuta daukagu, eta balkoietatik, iritzietatik eta ekimen ezberdinetatik islatzen dena indarra eta gure buruarekiko konfiantza da, eta hain zuzen, gure nagusien, haurren eta geure etorkizunean sinesten dugulako. Hemendik aurrera zer pasatuko den jakitea futurologiaren esparruan sartzea izango litzatekeenez ez gara aieruka ibiliko, baina gauzak ez direla berdinak izango nahiko agerikoa da. Erronka hor daukagu, beraz.

Bi bide hipotetiko ager daitezke; edo hobera edo txarrera; berdin seguru ezetz. Lehenengo bide posiblea: jendartearen kontrola estutzea; konfinamenduan ezagututako estualdiak sakontzea; norberaren «satisfazioa» ase nahian, norberaren etxean sartuta eta norberaren «habian» gordeta mantentzea telebista edota internet pean, «ni-keria» suspertuz. Egoera hau botere finantzario, ekonomiko eta politiko eskuindarrentzat ideala izango litzateke: jendeak ez luke protestatzeko grinarik izango, gure zilborretik haratago ikusteko gai ez ginateke izango, pertsona ilunak eta geurekoiak izango ginateke non «sálvese quien pueda» leloa naturaltasunez hedaturik egongo bailitzateke. Baina, badago beste bide bat, kontrako norabidean doana, gaur egun oraingoz, jende gehienaren nahiarekin bat egiten duena, balio aurrerakoietan oinarritzen dena eta gure gizartearen berdintasuna, batasuna, elkartasuna eta etorkizuna ziurtatuko lituzkeena, hau da: komunitatearen zentzua gureganatu eta sakondu, kolektibitatearen beharraz jabetuta gehi pertsona eta etxea oinarritzat hartuta.

Bi bide daude. Edo botereek soldadutzat, «la tropa»-tzat hartzen gaituzte edo bestela guk geuk gure buruaren jabe bihurtu eta herritartzat kontsideratu. Binomio honetan, bakarrik bigarren bideak jendartearen ongizate orekatua ziurta dezake: norbanakoarengandik hasita herritartasunaren lehenengo protagonista gisa ulertuta; ondoren, etxea elkarbizitzaren lehen nukleoa izanik eta; etxaditik abiatuta komunitatearen kontzeptu subirano eta eraginkorrera helduz. Eta hau guztia zertarako? Ardura kolektiboak hartzeko, gizartea ehuntzeko, harreman mota jatorrak eta eraginkorrak eraikitzeko, eta azken finean, gizarte eredu aurrerakoi, solidario, humanitario eta berdintsura abiatzeko, Komunitatearen partaide izatearen harrotasunaz; elkar lagunduz, elkarrekin kudeatuz eta auzolanean hainbat egitasmo eraikiz.

Gaiak luzerako eman dezake baina begi bistan badauzkagu zeregin zehatzak komunitatetik bultzatu beharko liratekeenak, guztion ardura kolektibo gisa ulertuta, hots, guztion oinarrizko bizi baldintza duinetarako oinarrizko gai zentralak direnak: etxebizitza, osasungintza, lana, eta laugarren multzo zabala (aisia, formakuntza, hizkuntzak, kirola). Askotan makroekonomiaz, makropolitikaz eta goitik beherako planifikazioei buruz mintzatzen da, irtenbideak goitik etorriko direlakoan, baina bide hori alboratu gabe bere neurrian eta bere garrantzia kendu gabe; gizarte, harreman eta kudeaketa eredua aldatu nahi dugunok batez ere, deszentralizazio demokratikoa bultzatu beharko genuke, auzokideengan konfiantza ipiniz eta herritarrengan indarra jarriz.

Hemendik aurrera gauzak ez dira berdinak izango, eta orain aukera ederra daukagu ikusita eta ikasitakoaz pista horiek hartzeko eta urratsak emateko. Eta hori ez dute multinazionaletatik, bankuetatik edota oso eroso bizi diren alderdi politikoetatik bultzatuko, baizik eta, beste gizarte justu batean sinesten dugun sektore anitz eta zabalen aldetik. Eman diezaiogun buelta pare bat gure buruari eta ausart gaitezen beste bide berri eta emankor batzuk jorratzen.

Buscar