Kattalin Miner
GAUR8

Papito eta mamitak txosnetan

Azken garai hauetan, zur eta lur harrapatu nau gure herriko aldaketa musikal bat-batekoak. Agian ez da hain bat-batekoa izan, egia da, baina drastikoa bai. Nabil, azken urte hauetan, konplexuak alde batera utzi eta reggaetoiaren besoetan jauzi diren bozgorailu horiez. Duela pare bat urte imajinatu ezin nituen eszenak ikusten joan naiz azken denboran, eta zer esan azken uda honetan.

Ari naiz makarra hutsak ziren taberna horiek, nire adoleszentzian RRV eta beste hainbat talde eta kantu ikasi nituen eta oihukatu nituen taberna horiek denak egun daramaten RRA (Reggaeton Radikal Asko, edo gehiegi) rolloaz. Gaur egun, papito eta mamitaz bete dira taberna horiek guztiak. Ez da apenas geratzen bere osotasunari eutsi eta reggaetoia eskatzen dionari gaizki begiratzen dion tabernaririk. Eta, halakorik bada, hutsik izango du taberna, tamalez.

Ezagutzen nauenak badaki nik sutsuki defendatu izan dudala reggaetoia. Ez reggaetoia bakarrik, runba, kopla espainola, tekno-kutrea, musika txunteroa, horteroa, kutrea, eta gitanillo elektronikoa; eta Monica Naranjo zela idolo bat edo Rocio Jurado beste bat, eta mari-spanish-kutre-pipol zalea nintzela, besteak beste.

Hori dena gustatzen zitzaidala onartzea, eta lasai eta zoro dantzatzea, ez da egun batetik bestera emandako pausoa. Asko argudiatu behar izan dut zergatik gustatzen zitzaidan, zergatik zen hain garrantzitsua musika hori jartzea, zergatik eta nola dantzatu nahi nuen pentsatu eta aldarrikatzea. Nola izan zitekeen iraultzailea.

Argudio eta defentsa horiek ez ditut orain eta hemen azalduko. Izan ere, arduratuago nago duela urte batzuk halako kantuak eskatzen zituztenei gaizki begiratzen zietenak orain zoroki hori dantzatzen ikustearekin. Erlaxatu izan bagina bezala. Eta hori ona delakoan nago, baina kezkatzen nauena da horren atzean dagoen hausnarketa edo, susmatzen dudan moduan, hausnarketa eza.

Galdetzen diot nire buruari: nola ostia pasa da hori hain denbora gutxian? Nola ostia lortu dugu, lau kutre, telebista programa espainol, edota maribollera zorok dantzatzen genuen hura gorrotatua izatetik ardurarik gabe dantzatua izatera pasatzea? Txosnak ere (bestelako arrazoiak medio) hutsik geratu dira azken urteetan, beldurrez begiratuz Pitbull izeneko monstro handi horri; eta aurtengo udan frogatu ahal izan dudanagatik askok, jada, bataila galdutzat eman dute.

Herri honetan, eta feminismotik ere bai, askotan aldarrikatu dugu parranda eta gaua borroka eta aldarrikapen espazio modura. Eta halaxe izaten jarraitzen duelakoan nago. Betiko parranda ereduak iraultzearen alde nago, eta, hor noski, musika ere sartzen da. Nik ez diot reggaetoiak (eta haren eratorriak) ezin dutenik eraldaketarako tresna izan, guztiz kontrakoa; baina nago ez dugula gehiegi pentsatu horretan. Nago aldaketa hau era hotzean eta azalekoan egin dela. Ez ditugula bestelako errepresentazioak sortzeko erabiltzen (egia da, Euskal Herriko arritmia doinu hauek dantzatzen nahikoa drastikoa dela, baina, tira).

Pentsatu behar genuke, gure taberna eta txosnetan zintzilik dauden ikurrez gain, zerk ezberdintzen ote gaituen musika bera duten beste taberna eta guneetatik. Zergatik den ezberdina (ezberdina bada), zer duen iraultzailetik, ez ote garen gu ere gure bozgorailu eta aldakekin beste zerbait erreproduzitzen ari.

Nik baietz uste dut, badela alderik, baina ez dakit denok argi ote dugun. Badakit nik nola eta zergatik ematen diodan jo eta fuego musika honi, baina ingurura begiratuta ez dut jakiten zer pentsatu.

Baina, tira, horri guztiari buruz hausnartzen dudan artean, hurrengo parrandan, jarraituko dut “pero alguien debe tirar del gatillo”-ren ostean gogor garrasi egiten zuten berberei zur eta lur begiratzen, “dale mamasita con el tacata” erritmorik gabe dantzatzen dutenean. Eta agian argituko zaizkit dudak, yatusabe.

Buscar