Paris, Londres eta europar kanpo politika
Siriako krisiaren inguruko esku hartze militarraren aukerak polemika handia piztu zuen joan den astean. Komunikabide asko eta asko horri begira daude etengabe eta Europar Batasunaren barruan hizpide dute askok. Edo ez. Tira, Europar Batasunaren barruan, propio, ez.
Komunikabide batzuek horrela titulatu zuten, orain dela hamar bat egun, iragarritako interbentzio militarrari buruzko informazioa: «Londres eta Paris, europarren parte hartzearen buru». Gezurra. Britainia Handia eta Estatu frantsesa, kanpo eta defentsa kontuetan, bere kontura aritzen dira, Europar Batasuneko beste estatu kide guztiak bezalaxe. Ez dira inoren ordezkari, are gutxiago Europar Batasunaren kanpo eta segurtasun politikarena. Ez baita existitzen. Horren atal asko bai, baina, berez, ulertzen den moduan, ez. Jendea nahastu besterik ez dute egiten horrelako titularrek. Europar Batasuna zerbait serioa da, baina ez du benetako kanpo eta defentsa politika komunik.
Estatu frantsesak eta Britainia Handia dira Europar Batasuneko potentzia nuklear bakarrak. «Aterki» hori ez dute inoiz jarri Europar Batasunaren zerbitzura (eta askok eta askok, estatu zein herritar askok, ez lukete nahiko, jakina). Defentsa kontuetan benetako politika europarra egongo balitz, ahalmen militar nuklear hori europar guztien mahai gainean jarri beharko litzateke. Horren gainean ez da inoiz hitz egiten Europar Batasun honetan. Asko eta erraz hitz egiten da kanpo politika komun posible bati buruz, baina ez da esaten inoiz zer izango litzatekeen zehazki hori, zer defendatuko litzatekeen, eta, batez ere, nola. Oso arin aipatzen dira kontu hauek. Benetako kanpo eta defentsa politika europarra egongo balitz, horrela erabakiko balute estatuek, herritarrok izango al genuke hitzik? Zer esan nahiko luke horrek? Europar guztiok potentzia militar nuklear bilakatuko ginatekeela? Eta nork kontrolatuko luke hori?
Europan (ez Europar Batasunean bakarrik) eredu bat baino gehiago daude nazioarteko harremanetan. Perfekturik ez da izango, seguru asko, baina batzuk besteak baino askoz aurrerakoiagoak dira. Euskal Herria estatu izango balitz, geure eredu propioa diseinatu eta garatu beharko genuke honetan ere, baina Europar Batasunaren barruan jarraituko bagenu (horrela erabakiko balute herritarrek), arlo honetan ere zer izan nahiko genukeen erabaki beharko genuke. Europa asko daude Europar Batasunaren barruan (eta ez beti zoritxarrez, ez horixe), eta, txikia ala handia izan, nortasuna gorde daiteke, gehiago edo gutxiago. Bereziki, nazioartean horren tradizioa dagoelako kanpo harremanen eta defentsa kontuetan. Londresek eta Parisek, beraz, ez dute inoren lidergorik Sirian, titularretan borobil geratzen bada ere.
Alemaniaren erabakia
Alemaniak hasieratik esan zuen ez zuela esku hartze militar batean parte hartuko. Nazio Batuen Erakundearen aterkirik gabe, are gutxiago. Egia da Alemanian hauteskundeak direla eta horrek dena baldintzatzen duela, baina ez da aparte gelditzen den lehen aldia. Bitxia dena, ordea, honakoa da: Berlini nola egiten dioten eraso edozein izanda ere hartzen duen erabakia. Europar Batasunaren motor ekonomikoa eta politikoa dela begi bistakoa da, eta batzuek, Obamak berak esate baterako, horrelako interbentzioetan ere kide izan nahiko luke. Gero, Angela Merkelek bere Armada horrelako abenturetara bidaliko balu, seguru mesfidantza guztiak piztuko liratekeela eta «mamu alemaniarra» aipatuko luketela berriro askok. Finean, ez gaitezen engaina: alemaniarrak Europar Batasunean dirua jartzeko nahi ditugu (aita edo ama bezala, baina ez diezagutela gero esan zer egin behar dugun). Gainontzean, gorrotoan edota topikoetan galtzen gara. Errua botatzeko ere aproposak dira. Jakina, badute, kontu askotan. Besteok bezala.
Nazioarteko krisiek, sarritan, Europar Batasuna biluzik lagatzeko balio izaten dute. Siriakoarekin ere horrelaxe geratzen ari da.