Jone Etxeberria, Joseba Permach
Sortuko kideak

Partida ez da amaitu, inondik ere!

Inflexio puntu hau ez du Fagor Etxetresnen ezaugarri honek edo hark eragin, Fagor Etxetresnak ixteak gure herriaren aberastasunaren sorreran zein banaketan eragingo duen lurrikarak baizik

Egungo egoera sozioekonomikoa benetan da lazgarria: sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen da estatuetako zein erkidegoetako gobernuen erreformen harira, eta garai batean bizitza duina bermatzen zuen enplegua galtzen edota prekarizatzen ari zaigu; gaur egun Hego Euskal Herrian 225.000 lagun baino gehiago dago langabezian eta enplegua izateak ere ez du bizi duina garatzea bermatzen, 10 langiletik 4 pobrezia mailatik behera bizi baita. Langabezia horrek hamaika aurpegi ditu, emakume, gazte eta migranteenak bereziki. Orain arte gutxien eduki duenak pairatuko ditu gehien egoera sozioekonomikoaren ondorioak eta horren argazkiak egunero ikusten ari gara: etxegabetzeak, prestazio sozialen eznahikotasuna, prekarietate eta pobreziaren gorakada itzela... Argazki horien ondoan, industria-sektoreko lanpostuen galera ari gara ikusten azkenaldian.

Euskal Herria herri industriala da. Industrian oinarritutako eremu zabala izan du. Etorkizuna industriala izango da? Sortuk ez du industriarik gabeko Euskal Herririk ulertzen. Horrek ez du esan nahi egungo eredu industriala bere horretan bultzatzen dugunik, lurraldearekin orekan, gainerako jarduera produktiboekiko, bereziki, lehen sektorearekiko errespetuz jokatu behar baitu. Gaurkoan, ordea, ez dugu gure eredu industrialaz hitz egingo, gure herriaren aberastasunaren sorreran industriak duen estrategikotasunaz jabetuta, ehun industrialaren egungo galera ia atzeraezinaz baizik.

Enpresa industrialen galerak izugarrizko eragina du jarduera ekonomiko osoan. Hor ditugu kasu sonatuenak, guztiok izenez ezagutzen ditugunak: Troquenor, Baco, Inasa, Alfa, Corrugados, Arce... baina milaka dira Euskal Herrian itxi duten edo ixteko arriskuan dauden industria-enpresa anonimoak. Itxiera horien adibide garbiena Sakana bera dugu: lurralde industrial izatetik, langabezia-tasa sinesgaitzetara pasa da denbora laburrean, krisiaren aitzakiapean ehun produktiboa babestu ez izana estaliz.

Aipatu testuinguruan eta alternatibaren premia horretan kokatzen dugu Fagor Etxetresnen inguruan mahaigaineratzen dugun ariketa politikoa. Guztiok ezagutzen ditugu letra larriz idatzitako zenbait datu, baina beste zenbait oharkabean pasatzen zaizkigu: Fagor Etxetresnak kooperatibak urtean 135 milioi euro gastatzen zituen EAEko hornitzaileei materiala erosiz; 200 enpresa horni- tzaile baino gehiago ditu EAEn; 50 enpresa egoera larrian egongo dira Fagor Etxetresnei fakturatzen zioten bolumena handia zelako. Jada gutxienez bi enpresak eragina antzeman dute: Mungiako Incasak Fagor Etxetresnei saltzen zien eta Sondikako Refinerías Sangronizek Incasari. Lehena hartzekodunen lehiaketan sartu da, bigarrena sartzear da. Beraz, ez gara 1.800 langileri buruz ari. Milaka lanpostuz eta gure herriarentzako alternatiba sozioekonomikoan ezinbestekoa dugun ehun produktiboa babesteaz ari gara. Nahikoa dela esaten ari gara. Eta inflexio puntu hau ez du Fagor Etxetresnen ezaugarri honek edo hark eragin, Fagor Etxetresnak ixteak gure herriaren aberastasunaren sorreran zein banaketan eragingo duen lurrikarak baizik.

Etengabeko galera horrek basamortura garamatza zuzen-zuzenean, baina bide horretan, besterik ez dela sinetsarazi nahi di- gute eta ez da egia. Orain arte jarraitutako bideak ez dio inolako alternatibarik eskaintzen herri honi eta, gainera, alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, dagoen alternatiba bakarra subiranista delako, ezkertiarra delako, egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doalako. Beraz, galde diezaiogun geure buruari zergatik onartu behar dugun basamortua, bankuak soilik garaile dituen basamortua. Fagorren likidazioa burutuko balitz, kobratuko luketen bakarrak bankuak lirateke. Horra hor adibide gordina Fagor ixteak nori egiten dion mesede ulertzeko.

Krisia halabeharrez zerutik erori den uraren pare jarri nahi digute, baina egungo krisia hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Kapita- lak agindu eta Europa zein Madrildik ezartzen diguten ereduak ez du herri honentzat balio. Eredu horren porrota ikusteko Estatu espainoleko datuak begiratu besterik ez dugu. Gure ordua iritsi da, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da, erabaki beharrean gaude: Kapitalaren Europa eta Madrilen ereduari men egiten jarraitu ala datorkigunari herri gisa aurre egin eta alternatiben bideari ekin.

Zer aldatu da? Dena eta ezer ez. Enpresa-itxiera bakoitzak, ehun produktiboaren galera bakoitzak, langileek burutu duten borroka bakoitzak egungo unea elikatu du, egun bizi ditugun baldintza subjektiboak eragin ditu. Gure herrian, eredu kapitalistak eragiten digun galera onartzeko prest ez dagoen masa kritiko nahikoa dugu.

Une honetan kapitalismoak eta ekonomia-merkatuak euren aurpegi latz eta suntsitzaileena erakusten digute eta martxan jartzen ditugun ekimenen helburua ez da, ezin da izan, neurri aringarri hutsak hartzea. Geure ekimenak erabateko aldaketa dakarren proiektua definitu eta indartzera bideratuko ditugu, egungo sistema ekonomikoa sustraitik aldatzen ez badugu, behin eta berriz arazo berarekin estropezu egingo baitugu baina aldaera batekin: krisi, suntsiketa eta kontraerreforma aldi bakoitzaren ostean, Euskal Langile Herria gero eta ahulduagoa aurkituko dugu, burujabetza sozial eta nazionalaren alde borrokatzeko gero eta baldintza kaskarragoetan. Eta horri buelta emateko bide bakarra dugu: Euskal Herrian erabaki, bizi- eta lan-eredu duinak garatzea.

Eta bitartean, ikusteke dago nola amaituko den Fagor Etxetresnen auzia. Luze joko du oraindik. Partida ez da amaitu eta guk azken minuturaino jokatzeko hautua egin dugu. Proposamen zehatzak egin ditugu, bai kooperatiba berri bat osatzeko, bai instituzioek martxan jarri beharko luketen inbertsio funtsa proposatuz. Azken minuturaino, beraz, ez da Fagor Etxetresnekin amaituko eta bidean, industria zein finantza-politiken eztabaida estrategikoa garatzeko aukera ere izango dugu. Bide berri bati ekin behar diogu. Jar gaitezen, beraz, lanean!

Buscar