Pedrosa sailburuari erantzuna
Begoña Pedrosa sailburuak irakasleon lana eta zilegitasuna gizartearen aurrean zalantzan jartzeko, negoziaketak trabatzeko eta familien iritzian eragina izateko helburuarekin, ondorengo artikulua idatzi zuen (suposatzen dut berak idatzi duela eta ez dituen aholkularietako bat).
Puntu batzuei erantzutea gustatuko litzaidake. Harritu nauen esaldietako bat: «Hezkuntza, gizarte aske, kohesinatu eta etorkizunez beteari eusten dion oinarria da». Aurrerago ondorengoa gehitzen du: «Hezkuntza etorkizuneko promesa bat baino askoz gehiago da». Askea korporazio pribatuei salduta egonda? Zientifikoki frogaturik gabeko eta enpresetatik datozen terminologia eta metodologiak kontrolik gabe eskoletan ezarriz? Gure ikasleen datuak Googleri salduz Workspace bezalako zerbitzua erabiltzeagatik? Eta zer esan «Hezkuntza etorkizuneko promesa bat baino askoz gehiago» dela Pedrosari entzuten diodanean? Hain aldakorra den mundu honetan, 20 urtetara lanpostuak zeintzuk izango diren ez dakigunean, ze etorkizun motaz ari zara hizketan? Gainera, irakasleok ez gaude inori promesak egiteko, ezta ikasleak etorkizuneko lanpostuetara egokitu daitezen entrenatu eta prestatzeko. Hainbeste denbora ikasgeletatik kanpo egon ostean, agian ez duzu gogoratuko irakasleon lana edukiak-ezagutzak irakastea dela; irakastea eta kitto!
Aurrerago esaldi hau idazten duzu: «Erronka handiak dauzkagu... pantailen erronken aurrean heztea». Nola egingo da? Zergatik gaude momentu oro digitalizazio plan berriez hizketan? Agian, digitalizazioaren inguruan aritu beharrean, desdigitalizazioaz hitz egin beharko genuke, eta hezkuntza eragile guztien artean desdigitalizazio plan bat aurrera eraman. Badakigulako pantailen neurririk gabeko erabilpenak ikasleengan kalte ugari eragiten dituela: arazoak familia eta lagunen arteko harremanetan, eskola errendimenduan (irakurtzeko, idazteko eta matematika trebetasunen gainbehera izugarri handia izan da), kontzentrazioan, obesitatean, sistema motore eta kardiobaskularraren garapenean, loaren kalitatean (behar diren orduak lo egiten ez badira memoriaren gainbeheran, inmunitate-sisteman, autoerregulazioan eta emozioen kudeaketan eragiten du), eta azken batean, bizi-itxaropenean.
Gainera, ordenagailuak eta gailu digitalak erosiz eta erabiliz sortzen dugun zaborra izugarri handia da, zabor digitala. Edo ChatGPT-en egiten den bilaketa bakoitzeko kontsumitzen den energia kantitatea; gero, eskoletan, ingurumenaren inguruko proiektu superpolit eta ekologista bat ikasleekin lantzen dugun bitartean? Gauza bat esan eta kontrakoa egin? Zure legealdian hori izango da funtzionatzeko modua? Kontraesan handiagorik eduki daiteke?
Hurrengo sasi-egia: «Euskadin inoizko diru publiko gehien inbertitzen da hezkuntzan». Itundutako ikastetxeei eginiko 68 milioi euroko inbertsioaz ari zara? Diru publikoa inoiz baino gehiago inbertitu dela esaten duzu, baina non inbertitzen da denona den diru publikoa harrotasunez aipatzen duzunean? Publiko edo itundutako ikastetxeetan?
Ondoren, «Jaiotza-tasa txikitzen ari da eta gure ikasgeletako errealitatea aldatzen». Jaiotza-tasa txikitzen ari bada, zergatik publikoan eskolak fuzionatzen dira, lerroak eta ikasgelak itxi, itunpekoetan gelak ireki eta ikasle kopurua etengabe handituz doan bitartean?
Jarraian, «konfiantza izaten, elkarrekin bizitzen, mundua ulertzen eta galderak egiten ikasten duten gunea da... espiritu kritikoa... kalitatezko hezkuntza...». eta horrelakoak esaten dituzu. Baina, zer esan nahi duzu edozein kontestutan oso ondo geratzen diren eta jendeak erraz jasotzen dituen eduki eta esanahirik gabeko hitz polit hauek erabiltzen dituzunean? Zehaztapenak egitea izugarri eskertuko nizuke, jendea nahastu ez dadin.
Gero, «aniztasuna harrotasunez eta arduraz besarkatzen duena» esaldia esaten duzu. Esaldi hau egia ez dela jakiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-lege berria gainetik irakurtzea besterik ez dago. Benetan lege honek aniztasuna kontuan hartzen duela? Nola? Ikastetxe publikoak baliabidez hustuz eta itunpekoak ekonomikoki hornituz? Auzo, herri, eskola, familia eta ikasleen arteko segregazioa handituz, «aniztasuna harrotasunez eta arduraz besarkatzea» lortuko da? Ordaindu al duenari lehen mailako hezkuntza eskainiz eta ezin duenari bigarren mailako bat, gure ikasleak produktu bihurtuz eta hezkuntza merkantilizatuz? Guztiona den eskubidea batzuen pribilegioa bilakatuz? Hauxe bai aniztasuna ulertzeko modu bitxia.
Eta zer esan «Euskara eta gure kultura balioesten dituen eredu bat da gurea» irakurtzen dudanean. Sutan jartzen naiz hainbeste gezur eta kontraesanak entzutean. «Euskara balioetsi» curriculumean euskara ordu kopuruak gutxituz eta euskaraz ematen diren irakasgaiak Lehen Hezkuntzatik ingelesez irakatsiz? Science, Art, Physical Education, etab.? Iparra galdu al dugu?
Amaitzeko: «Euskadik, Estatuko eskola-uzte tasarik baxuena du». Horrekin zer esan nahi duzu? Estatuko eskola-uzte tasarik baxuena izateak egoera ona dela esan nahi du? Ezta pentsatu ere! Beste erkidego batzuk baino datu «hobeak» izateak ez du esan nahi Euskal Autonomia Erkidegoko datuak onak direnik. Gure ikasleen egoera ona ez dela erakusten duen adibide argia, PISA txostenaren azkenengo urteetako datuak dira.
Emaitzak oso txarrak dira beste erkidegoekin alderatuta; beraz, utz ezazu behingoz erdizkako egiak esateari, gizarteak, hezkuntzaren egoera benetan zein den jakiteko eskubidea dauka eta.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.