Euskal Eskola Publikoko Pedagogia Terapeutikoko irakaslea
Positiboen kontrolak erakusten du hezkuntza-erantzun gabezia

Umeak orokorrean zigortzen ari gara, beraien ume izateko eskubidea albo batera utzi behar baitute, baina Hezkuntza Premia Bereziak dituzten umeak, berriz, era bikoitzean zigortzen dira.

19/09/2020

Hasi berri dugun 2020-2021 ikasturte honetan asko hitz egin da ikastetxeak baliabide gehiagoz hornitzeaz, ikasle ratioak jaisteaz, ikasleen hezkuntza presentziala bermatzeaz eta abarrez.

Nik orain arte aipatu ez den gai bat plazaratu nahiko nuke: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kolektiboa eta beraiei behar duten hezkuntza- erantzun egokia emateko eskola guztietan dauden Laguntza Zerbitzuko profesional taldea.

Gure curriculumeko eta Heziberri 2020 planeko ardatz nagusiak dira inklusioa eta ekitatea, politikariek ahoa bete-beteta erabiltzen dituzten hitzak. Jakin nahiko nuke beraientzat bi hitz hauek zein definizio daukaten.

Maiatzean, konfinamendutik burua ateratzen hasi ginenean, sare publikoan 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei behar duten hezkuntza-erantzun egokia emateko baliabide pertsonaletan artaziak aplikatzen zizkieten bitartean, itunpeko sarera 8,6 milioi euro bideratu zituzten.

Araban, adibidez, hamar hezitzaile eta pedagogia terapeutikoko bost irakasle bai ala bai murrizteko agindua iritsi zen; hau goitik etorritako mandatua zen. Irakasleok piramideko lehen solairuan gaude; goitik datozen mandatuak zein solairutatik datozen zaila da jakitea.

Badirudi Hezkuntza Sailak honako asmo hau darabilela esku artean: «Zertarako bideratu baliabideak eskolak egunerokotasunean ikusarazten duen kolektibo batera, gizarteak ikusezin bihurtzen badu?».

2020-2021 ikasturtea martxan da; eskolaz kanpo ez, baina eskolan burbuila gelak «lege unibertsalarekin» ezarri dizkigute. Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleentzat iraileko bigarren beherapenak aplikatu dituzte. Laguntza zerbitzuko taldeak osatzen ditugun profesional ezberdinen esku-hartzean eragin zuzen-zuzena duen erabakia azken hau ere; izan ere, gela ezberdinetako ikasleekin taldekatze txikiak egitea debekatu dute. Ondorioz, ikasleei behar dituzten laguntza saioak murriztu zaizkie.

Umeak orokorrean zigortzen ari gara, beraien ume izateko eskubidea albo batera utzi behar baitute, baina Hezkuntza Premia Bereziak dituzten umeak, berriz, era bikoitzean zigortzen dira. Non daude inklusioa eta ekitatea?

Artículos
Marcos Roitman Rosenmann
29/10/2020
Nerea Sanchez, Jose Manuel Arias, Estibaliz Zelaia
29/10/2020
Iñaki Etaio
29/10/2020
Juan Luis Mugertza Unanue
29/10/2020
Cartas
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
29/10/2020
Joseba Otano Villanueva | Administrazioan Euskaraz Taldea
29/10/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
29/10/2020
Gerardo Hernández Zorroza
29/10/2020