Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Post coronavirus phoebus

Bada zerbait ahaztu zaiguna: pazienteak. Izan ere, ez dute parte hartu protokoloen sorkuntza prozesuan. Baten batek pentsatuko du egoeraren larritasunagatik edo izango dela, baina zoritxarrez ez da horrela izaten inoiz ere ez.

Oslerrek bete-betean asmatu zuen: gaixotasunen fenomenoa aztertzea liburu barik, nabigazio-maparik gabe itsasoratzea bezalakoa da. Liburuak ikastea pazienterik gabe, ordea, lurrean geratzea bezalakoa da. Horixe baita medikuntzaren eta, oro har, osasun jardueraren funtsa: pertsonen osasuna zaintzea. Pertsonak dira helburu, ez gaixotasunak.

Osasun langileok koronabirusarekin zoratuta gabiltza, lanaz eta ikasteaz zamatuta. Protokoloak bata bestearen atzetik datozkigu, olatuen gisara; behin kontsulta amaitutakoan, lehorrean, edo kontsultaren itsaskirria hasi aurretik, tarte bat eskaintzen diegu, ahal dugun arretarik onena eman diezazuegun. Zoritxarrez, azken protokoloa irakurri orduko, eguneratutako protokolo berri bat irakurri beharrean gaude. Ulergarria guztiz, egoera ikusirik.
Bizi dugun egoera honetan, ospitaleetako Zaintza Intentsiboko Unitateak (ZIUak) ez kolapsatzea nahitaezkoa da. Horrela ez balitz, jende asko hil zitekeen, merezi duen arreta jasotzeko inolako aukerarik gabe. Jendarteak onartuk ez lukeena. Xede horrekin, Osakidetzaren antolakuntza eta funtzionamendua goitik behera aldatu da.

Hasteko, lehen mailako arretako langileok (administrariek, erizainek eta medikuek) baheketa lana egiten dugu. Gaixorik daudenak identifikatzen ditugu, eta telefono bidezko jarraipena egiten zaie. Nolabait, lehen euste-horma izango ginateke. Kasu gehienak hemen kudeatzen dira, kasu arinak hain zuzen ere. Ia ez dago aurrez aurreko kontsultarik, logikoa denez; horrela izanez gero osasun langilerik gabe egongo ginateke bi astetan, edo gaixoen arteko kutsadura ere neurrigabekoa izango zen. Pazienteak, osasun langileak eta osasun sistema bera babesteko neurria da hauxe.

Bigarren mailan, koronabirusari aurre egiteko beren-beregi antolaturiko anbulategi edo osasun zentroak daude, hurrengo euste-horma. Hemen aurrez aurre artatzen dira koronabirusak jotako pazienteak, azterketa fisikoa edota erradiologikoa behar dutela baderitzogu. Horietako askori test diagnostikoa eskatzen zaie, batez ere osasun arloko langileak baldin badira.

Azkenik, ospitaleak dauzkagu. Horra larri daudenak bideratzen dira, oxigenoa, zain barneko tratamendua edo jarraipen zorrotza behar duten horiek. Egoerarik makurrenean daudenak ZIUan sartzen dira noski, indarrean dauden protokoloei jarraituz.

Baina bada zerbait ahaztu zaiguna: pazienteak. Izan ere, ez dute parte hartu protokoloen sorkuntza prozesuan. Baten batek pentsatuko du egoeraren larritasunagatik edo izango dela, baina zoritxarrez ez da horrela izaten inoiz ere ez. Ezohikoa baita gaixoekin edo senideekin lan egitea, baita normaltasun egoerarik onenean ere. Gauzak horrela, ez dugu aurreikusi euren portaera nolakoa izango ote zen: nola erantzungo zuten, nola biziko zuten esperientzia latz hau. Izan dira euren ohiko osasun zentroan bertaratu diren gaixoak, estu eta larri, jakinik gabe beste zentro bat zegokiela; arrazoi guztiz aztoratu direnak, baita haserretu ere, beste leku batera joatea esan zaielako. Izan dira, beldurraren beldurrez, kontsultategira lanerako aldi baterako ezintasuna eskatzera etorri direnak, ikaratuta, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen egoera aurreikusi ez delako. Izan dira sukarraz kontsultara sartu direnak, inori ezer esan gabe, babes neurririk gabe. Eta horrek bere aldiz lehen mailako arreta kolapsa dezake, baita langileak eta erabiltzaileak arriskuan jarri ere.

Inork ez du jaten eguzkiak erretako opilik, eta osasungintza ezagutzan oinarrituriko jarduera da. Badugu, beraz, zer ikasi. Horrelako egoera batean, izurrite baten erdian, ezinbestekoa zaigu jendeak, osasun langileek, hala nola zerbitzu-buruek eta zuzendariek nola erantzungo duten jakitea, aurreikustea. Aurrerantzean prestutasunez eta eraginkortasunez hobeto ekiteko. Eta egon badago horretarako tresna: ikerketa kualitatiboa, besteak beste. Pazienteekin eta langileekin eztabaida-taldeak edo focus group delakoak, elkarrizketa sakonak, gertaera kritikoen teknika, etab. erabiltzea. Jendartearen eta osasun sistemaren muina osatzen duten langileen beharrak, kezkak, portaerak eta erantzunak ezagutzeko.

Krisialdi hau joango da, bidean lagun asko geratuko diren arren. Badugu zer ikasi. Izan gaitezen baikorrak eta ekin diezaiogun ikerketari, maila guztietan: epidemiologikoan, klinikoan, baita jendearen esperientziak eta bizipenak aztertuz ere. Ikastea ona da berez, hobekuntzarako aukera ematen baitu. Osler zuzen zegoen; pazienterik ezean, medikuntzarik ez.

Buscar