Joxe Iriarte, «Bikila»
Alternatibako kidea

Poztasunaz haratago

Euskal Herriko ezker subiranistak euforia bizi du. Ni ere, bilkide naizen heinean, pozik nago EH Bilduk lortutako bozka eta indar instituzionalarekin, horrek baduelako atzean ondo egindako gauza asko. Hau da, egoera txarrenetan (asko sufritu ditugunak) eutsi diezaiogun goiari eta onenetan disfrutatu dezagun emaitzekin. Alabaina, ez gaitezen lokartu. Egoera goxo honetan, gogora dezagun urruti ditugula oraindik independentzia, sozialismoa, gizarte feminista eta mundu bizigarri eta sostengarria. Eta egitasmo horiek pazientzia estrategikoa eskatzen dute, ezbairik gabe, indar metaketa ahalik eta zabalena; baina baita egoera disruptiboak ere (jauzi kualitatiboak eta hausturak) zeinak gabe ez garen oso urrutira joango, atzera ez badugu egiten.

Hasteko, argitu dezagun zer esan nahi dugun ziklo berri batean gaudela esaten denean. Esate baterako, arlo instituzionalean aldaketa jada gertatu dela nabarmendu nahi badugu, ados. Alabaina, tentuz ibili beharko dugu konklusio gisa; oraindik ez baitiogu EAJri sorpasoa egin, eta EAJ-PSEren gobernu berriak gehiengo osoa izaten jarraituko du, horrek suposatzen duenarekin. Baina, batez ere, zinezko ziklo politiko berri batez hitz egiteko, ezinbestekoak ditugu, gobernu horri instituzioetan ez ezik, sektore sozial gehienetan ziklo mobilizatzaile sakonagoa eta gogorragoa suspertzea, eta horrela, zenbait irizpide politikoen inguruan gizarte neoliberalarekiko aldaketa kultural sakon bat gauzatzea.

Eta egia bada ere Euskal Herria Estatu mailan (eta baita hein batean Europa zabalean ere) gizarte aktiboenetakoa dela (gurean egin da bigarren greba feminista, askotarikoak eta ia etenik gabekoak dira langile grebak, baita zenbait mobilizazio sozial eta ekologistak ere), ez dut uste oraindik ziklo aldaketaz hitz egiteko mailara heldu garenik. Egia da ere, EH Bilduk kudeatzen dituen udaletan esperientzia interesgarriak ari direla gertatzen zenbait arloetan (zaintza, elikadura burujabetza, burujabetza energetiko arloan etab.), baina oraindik hastapenetan gaude, ez baitugu lortu ziklo berri batek eskatzen dituen indar harreman aldaketak. Horregatik, komunikazio-politikaz gain, hauteskunde-kanpainek eskatzen duten ilusioa transmititzeaz gain, faltan botatzen da ziklo-aldaketaren ideia hori txertatua ez egotea benetako aldaketaren eragile diren herri eta klase mugimenduekin, horrek eskatuko lituzkeen aliantza motekin batera.

Hau da, aliantzak egin mugimendu eraldatzaileekin, kontrabotere hegemoniko bat gauzatze bidean. Aldiz, behin eta berriro herri akordioa eskainiz modu orokorrean, EAJ-PSEren gobernuaren aliatu gisa harrapaturik geratzeko eta hegemonia betiko eskuetan segitzeko arriskua daukagu. Horrek ziklo aldaketatik gutxi izango luke, ordea, gehiegi politika zaharretik. Horrek ez du esan nahi zenbait gaietan ez dela beharrezkoa «herri gisa» aritzea. Horren adibidea litzateke, adibidez, Estatu mailan zenbaitzuk hasi direnean klabe plurinazionalean hitz egiten, gure Legebiltzarrean burujabetzan oinarritutako estatus berria antolatzea eta denok batera Madrileko gobernuari behartzea.

Beraz, ezin dugu kontrakotzat hartu une konkretuetan zerbait lortzeko hitzarmenak egitea eta borroka eta konfrontazio gogorrekin erantzutea, nola Euskal Herrian hala Estatu mailan. Bata bestea gabe hutsala litzateke. Ez dago hitzarmen onik atzean indar harreman egokirik gabe eta hori ez da lortzen botoekin bakarrik. Ezingo diogu aurre egin eskuin gogorrari hitzarmen parlamentario soilekin, kalean ere faxismoa borrokatzen ez badugu. Hori izan da, egun EH Bildun gauden ezker abertzale eta ezker iraultzaileko kideok urteetan ikasitakoa. Urnak erabili eta kalean borroka!, irlandar esaera gurera ekarriz.

Independentzia helburu eztabaida dezagun, aldarrikatzen du Unai Apaolazak. Nire aldetik sozialismoa gehituko nuke. Horrela planteatzen du gaia «Pasa den apirilaren 12an NAIZ Irratian Arnaldo Otegiri egin zioten elkarrizketan (...). euskal errepublikarako bideak hiru fase izan behar omen ditu: lehenik botere instituzionala eskuratu behar da. Ondoren, kudeaketa onaren bitartez, independentistak sortuko dira eta amaitzeko, erabakitzeko fasea letorke. Estrategia instituzional huts honek baina, baditu ahulgune nabariak nire ustez».

Kritika modu honetan jarraitzen du: «EH Bilduren hauteskunde emaitzak ikusita esan lezake batek baino gehiagok Arnaldoren bideak funtzionatzen duela. Ez nago ados. (...). Azken hamarkada honetan egin diren inkesta diferenteek EH Bilduk bototan gora egin duen erritmo berean independentzia nahia apaldu dela diosku. Zergatik? Gramsci jarraituz, hegemonia kulturala jorratu beharrean hegemonia kuantitatiboari begiratu diogulako. Beste modu batera, helburua ez da izan independentzia edo askapen nahia zabaltzea, helburua, EH Bilduk botoetan gora egitea izan da. Bitartekoa helburu bilakatu zaigu, beraz».

«Arnaldok proposaturiko hiru faseen estrategiak independentismoaren indargabetzera garamatzala uste dut. Lau edo zortzi urte barru subjektu elektoralak subjektu askatzailea ordezkatzera eramango duen bidea da hori. Pazientziak estrategiarekiko adostasuna behar du».

Nik uste, pazientzia estregikoak eta pazientzia taktikoak eskatzen dutela ere «pazientzia inpaziente» baten uztarketa dialektikoa. Eztabaida honek badu zer ikusterik eraldaketarako bideekin, izan independentzia helburu edo sozialismoa eta independentzia. Gramscik dialektika hori estrategia bihurtu zuen, instituzioetan lubakiak sortu eta ofentsibak noiz burutu, bien arteko faseak tartekatuz. Erreformak bultzatuz eta lubakiak eraikiz, bide batez sisteman arrakalak sortuz eta botere bikoitzeko faseak eta talka globalak diseinatuz; zeinetan hegemonia ideologiko kulturalari buelta eman behar zitzaion.

Erreformatzaileentzat haustura iraultzailea akats ikaragarria da. Hondamendia dakar. Aldiz, iraultzaile askorentzat erreformak bultzatzea alferrikako lana da, txarrerako ez denean. Nik uste, erreforma eta iraultzaren arteko auzia ezin da azaldu erreforma versus iraultza, dena zuri edo beltz: dagoena hobetzen saiatu ala dagoen guztia errotik aldatzen saiatuz, modu kontrajarrian eta ez dialektikoan, Rosa Luxenburg-ek («erreformen aldeko lana erdibidea da, helburua Iraultza») eta Leninek («zer motatako egoeretan eta zer espazioetan jokatu behar den iraultzaile gisa eta noiz, zer motatako egoeretan jakin behar den ekintza erreformistara pasatzen») adierazi zuten bezala.

Bata bestearen aurka jartzen baditugu alperrik da eztabaida. Izan ere, hausturaren bidean instituzio berriak sortzen ez diren bitartean (eta une hori egoera iraultzaile bati lotuta dago) erreformak behar dira, hau da, lorpenak, partzialak izan arren, eta hori instituzioetan gauzatzen da legalki (izan bankaren edo enpresen nazionalizazioa, izan autodeterminazio eskubidea, edo autogobernurako tresnak) aurrera eramango gaituztenak arlo nazionalean eta sozialean. Erreformarik gabeko erreformismo kudeatzaile soilean bihurtu izana da egungo erreformismoaren arazo larriena, eta zenbait iraultzaileen estrategia, aldiz, guztiz marjinala eta eraginik gabekoa.

Buscar