Iñaki Antiguedad
Bilkide

Pragmatismo eraldatzailea helbide

Etorkizuna ez da gaur iraganean zena. Saiogile harenak ondo laburbil dezake ezkerrak herrialde askotan duen gainbehera, hautetsontzietan gehiago jendartean baino. Ez da gure kasua, eta pentsatu behar da zergatik. Beharbada ezkerrak ez du behar bezala ulertu errealitatearen konplexua, edo errealitateak ezkerraren sinplea! Kontua da garen tokian garela gaur eta etorkizuna espazio irekia dela, norabide eraldatzailean atzekoz aurrera betez joatekoa. Hanka sartuta ere, horretarako ikasi dugu ateratzen. Baina errealitatea bera baino garrantzitsuagoa da horretaz egiten dugun gogoeta eta berau eraldaketa bidean gauzatzeko gaitasuna. Konplexutasuna kudeatu!

Azken aldian ezbai handiak eta berriak plazaratzen ari dira gurean, hementxe diren tamainako erronkei aurre egiteko hartu beharreko bideak mahai gainean. Trantsizio energetikoa da sutsuenetariko bat, halabeharrez, edo politikaren gobernantza modu berriak, kanpainan garenez. Hortaz, espazioa muga, energia berriztagarrien zoomean sartu gabe trantsizioen angeluhandiaz doa gogoeta hau.

Saiogile berak esana zuen sinplea faltsua dela eta konplexua erabilgaitza. Ados. Ez da erraza erdiko tartean asmatzea, baina argi daukat konplexuegia den errealitatean sinpletasuna ez dela eraldaketarako bidaide egokia, manifestuek jasotako espiritua iraultzailea izan arren. Pragmatikoa naiz, bai; gaurko apustuen emaitza geroan ikusi nahi dut, bista atzera botata, espirituen biribilgunean geratu barik.

Haustura ala erreforma, horixe geneukan hautua. Bata ala bestea. Eta guk haustura, jakina, totala! Beste garai batzuk ziren, errealitatea sinpleagoa. Baina gaur hemen gara, hautu berriekin. Eraldaketak eragiteko arrazoiak inoizko handienak dauzkagu, iraganean baino norabide gehiagotan ere, globalizatu egin duten mundu mingarrian. Klima legez, jendarteak ere aldatzen joan dira, ez beti onerako, kausa programatuak eta ausazkoak nahasten direla. Hortaz, eraldatu beharra dago, baietz ba, sakonetik eraldatu ere, baina horretan ados gatozenen arteko desadostasuna, eta ez da txikia, helburuan baino helbideetan dago, hainbat larritasunen garaian izanda ere errealitatearen konplexua irakurtzeko modutik hasi eta hartu beharreko ibilbideen erritmorainokoa, konplexutasunak baldintzatzen baitu erritmoa, nahitaez.

Nire pentsaeraz, eraldaketek trantsizioa behar dute eta trantsizioek aldeko baldintzak. Lagun batzuen gogoetak irakurrita, badirudi trantsizio hitza berez dela susmagarria, ezkerraren izenean batzuek ekologista planta egitekoa edo, nonbait eraldaketak gauzatzeko dugun denbora baino luzeagoa eta behar dugun abiadura baina motelagoa hartzen dituztelako trantsizioek. Eta zer aldeko baldintzez? Lagunena irakurrita, badirudi baldintzak berez emanak direla, hortxe direla eskura, baina instituzioetan dagoela esku-galga, formazio politiko guztiak zaku berean sartuta, guztiak. Sinpleegia gero, faltsu planta! Deigarria egiten zait gogoeton hasieran instituzioei egindako kritika, zakua zaku, amaieran zelan bihurtzen den instituziooi exijentzia. Hori bai, lagunak politika zer horretatik kanpo betiere, ez kutsatzearren! Hortaz, nire herriko komunitate energetikoan ari gara, erritmoa baldintzatzen duten oztopoak gainditzen, astiro, eta? Saiatu ote dira horretan eraldaketak abiadura handian burutzerik badagoela uste dutenak? Lortu ote? Hala bada, prest nago ikasteko! Zin dagit!

Ustez eraldaketa sakon eta arinak egiteko gehiengo soziala izan bada, baina instituzioek oztopatu, zeinak eta hautesleek ahalbidetutako instituzioak berak. Paradoxa gero! Nahi nuke nik jakin lagunon ustez zein funtzio bete behar duten gaurko instituzioek eta, betetzekotan, zelan aurreikusten duten instituzioak eraldaketen zerbitzura jartzeko prozesua. Hori jakin ezean, nago ni ez dugula errealitatearen konplexua modu berean irakurtzen, eta ondorioz helbideak ere ez. Eta argi dezadan, gaurko instituzioak aldatu beharra daukagu trantsizio bideetan benetan eraginkorrak izateko. Bitartean, eremu horretan ere mugitzen garenok, pragmatiko, kaka zapaltzen dugu (oxala gorotza balitz!), baina ibilian. Batzuek zuri-beltzean marrazten dute bidea, total ona ez bada total txarra da. Neure pragmatismotik grisetan barrena ikusten ditut helbidetan asko, eraldaketako norabidean aldeko baldintzak metatze aldera betiere.

Trantsizio sozio-ekologikoak helburu zabalak eta helbide zehatzen multzo txirikordatua behar ditu, helbideak helburuak beste funtsezko, edo gehiago, direlako. Hortaz, helbideetan jartzean probatzen da helburuak lortzeko gaitasuna. Ez ditzagun trantsizioaren epe motz-ertaineko tarteko bideak gutxietsi, epe luzeko helburu-hitz handiak askietsita. Trantsizio energetikoak baditu funtsezko behar bi, gutxienez, kontsumoak murriztu eta berriztagarriak zabaldu, biak zein biak jendartetik jendartera. Larrialdia ere bada, jakina. Baina kontuz, behar bien erritmoa ez da bera, kontsumoak murriztea denbora eskatzen duen eraldaketa kulturala da, nahitaez; berriztagarriak zabaltzea gaurko erabakien ondorioa, kaka zapalduta ere. Eta ez nago orain kokapenez, tamainaz edo eskualdeen lurralde-demokraziaz, testuinguruaz baizik. Behar-bide biak denboran bateratu nahiak gure gaurko menpekotasun energetikoaren albo-kalteak gure lurraldetik kanpo mantentzea dakar, praktikan. Ez, gauzak ez dira zuri ala beltz, grisak ere badira lokatzean, ibiltzen hasita.

Nahiago dut malgutasun sendoa zurruntasun hauskorra baino. Zenbat biribilgune ez ote diren purutasunez bete, batzuen bide-mapan. Pragmatismoa bai, pragmatismo eraldatzailea helbide, gaur-gaurkoz. Badakit kontzeptua ez dela hainbaten gustukoa. Batzuentzat izena arazoa, nonbait gaur indarrean den sistema ez eraldatzeko aitzakia ezkutatzen duelako pragmatismoak. Besteentzat izenondokoa arazoa, euren pragmatismo mugatu eta mugatzailea ez doalako, inondik ere, sistema eraldatzera. Nork berea, eta nik ibilkide bezala neurea. Gainera, pragmatismo eraldatzaileak aurrera egiteko helbide gehiago ditu, pragmatismo hutsak eta eraldaketa hutsak biak batera baino. Are gehiago, eredu talka ematen ari den honetan.

Buscar