San Isidro edo San Jose, baserritarrik gabe herria gose!
Horregatik da ezinbestekoa iniziatiba ezberdinez, aurrekontuez, lege proposamenez baserritarren ordezkariekin hitz egitea, eztabaidatzea eta adostasunak bilatzen saiatzea
Zoriontzeko egunak izan ohi dira horrelakoak, Isidro, Maria edo Joxe deunarenak, bakoitzak dituen tituluen arabera, baina oraingoan, zoriondu baino gehiago txalotzeko egun bat behar luke izan. Telebistan egunero aterako dira herritarrak erizainei, medikuei, eta egun bakoitzaren arabera kolektibo bati, balkoietatik txalo zaparrada bat eskainiz, bizi dugun egoeran «lehenengo lerroan» daudenei bere eskerra agertuz. Nik hitz hauek probestu nahi nituzke gehiegitan ahaztua den gure bizimodu eta langintza den honetan jarduten duzuen denei txaloak, eskerra, animo edo babesa luzatzeko. Gora baserritarrak!
Erreflexioaz asko hitz egiten da, gizarte egituraz, edo benetan beharrezkoa denaz. Nik garbi daukat, baserritarrik gabe ez dago jaterik! Baina gogoeta honek ez nago ziur denengan eragin bera ote duen. Sektorea estrategikoa dela esaten denean praktikara eraman behar da aipu hutsean gera ez dadin, aldarri antzu batean, lehen ere badakigu antzuak zer probetxu duen eta.
Errekonozimentua izan behar zaiola sektoreari diogunean, forma ezberdinak izan ditzakeelakoan nago, ni neu behintzat. Hala nola, beti hitz artean ditugun politiketan, aurrekontuetan etab. baina baita baserritar bezala ordezkaritza egiten diguten erakunde edo elkarteei ematen zaien tratuarekin ere. Norbaitek esango dit «hik zer esango duk ba, EHNEko presidente izanda!», ba bai, arro gainera ardura eta erantzukizun handiko karguagatik, baina kanpotik ez eman arren oso sektore antolatua gara. Gabeziak asko izan daitezke, noski, gutxi gara eta oso ezberdinak, baina batzen gaituzten faktore asko ditugunak.
Horregatik da ezinbestekoa iniziatiba ezberdinez, aurrekontuez, lege proposamenez baserritarren ordezkariekin hitz egitea, eztabaidatzea eta adostasunak bilatzen saiatzea. Sektorea aintzat hartzea nik horrela ulertzen dut behintzat, baina dirudienez nekagarri egiten da elkarlan hori instituzioetako ardura postuetatik. Gizakiak harri berarekin estropezu egiten duenez, zikloa errepikatzen hasten da, asko jota egin eta informatu, baina elkarlanik gutxi.
Sektoreak berak, eta bere ordezkariek, sobran erakutsi dute azken urteotan nekazal politikak edo behar den edozertaz hitz egin eta adosteko borondatea, siglak alde batera utzita, herria helburu, baserritarrak helburu, etorkizuna eraikitzen. Izan ere, planteamendu ona dena, txarra, egia edo gezurra, hala izan beharko luke edonork egiten badu ere, ezta?
Politikariek, eta berauen alderdiek, maila berdina ote dute?