Larraitz Ugarte
Abokatua

Sektore publikoaren kontratazio lege berriaz hitz bi ezkerretik

Herri honek bere administrazioa antolatzeko horrelako marko konpetentzial bat izatea drama bat da eta estatu propio baten premia areagotzen du

Gaurkoan ia oharkabean pasatu den albiste bati erreparatu nahi nioke, jendarteak uste baino garrantzitsuagoa delakoan, edo gutxienez esparru publikoaren inguruko gogoeta batera eraman dezakeelakoan. Martxoaren 9an sartu da indarrean Sektore Publikoaren Kontratazio Lege berria, estatukoa, europar zuzentarauen transposizio derrigortasuna betetzera datorrena. Lehen itxura batean gaurkotze tekniko baten aurrean geundekeela dirudien arren, sektore publikoaren kontratazio legeak, iraungi denak eta indarrean jarri berri denak, zerbitzu publikoen, jendartearen beharrizanen eta hauen antolaketaren inguruko ikuspegi zehatz bat dauka. Berriak gardentasuna bermatu eta sektore publikoa pribatuaren aurrean indartzeko arauak ezartzen ditu; aurrerapauso batzuk beraz, guztiz ez-nahikoak, ordea. (Aurrerapausoen artean Espainian hain ohiko den porrot egindako proiektuen indemnizazioak debekatzea nabarmenduko nuke. Castor edo autobide radialen kasuak ezingo dira errepikatu, ezta Bidelan Gipuzkoako autobideen mantentzeaz arduratzen den enpresa pribatuarekin egin zen kontratu berritzea ere).

Gauza jakina den lez, edozein estatu edo administraziok eman behar dituen zerbitzuak gehiago edo gutxiago diren eta zeintzuk lehenesten diren ideologia eta programa politikoekin zuzenki lotuta daude. Honela, ezkerrak sektore publiko indartsua nahi du, administrazioak pertsonak eta hauen zaintza erdigunean jarri eta herritar orori berezko dituen behar eta eskubideak bermatu behar dizkiola sinetsiz. Sektore publikoaren zerbitzu horiek modu zuzenean ematen ote diren edota sektore pribatua kontratatuz egingo den ere badira ezkerraren intereseko, normalean lehena hobetsiz. Eskuinak berriz sektore publiko ahula nahi du, minimoak bermatuko dituena eta jendea sektore pribatura bideratuko duena (espainiar gobernuaren pentsioen inguruko diskurtsoa dugu adibide), eta sektore publikoak ematen dituen zerbitzuetan ere zerbitzu horiek modu pribatuan ematea hobetsiko du.

Iragan astean Katalunian egon naiz bertako ikerketa zentro batek deituta gai honen inguruko hitzaldi bat ematen, Bartzelonako gobernu taldeko batekin eta Ripollet-eko alkatearekin batera. Kataluniako ezkerra zerbitzu publikoak nola eman behar diren aztertzen ari da. EAEn ere ikusten da gai honek esparru instituzionalean gogoeta beharra duela eta zentzu horretan Elkarrekin Podemosek aurkeztu du lege ekimen bat Legebiltzarrean eztabaida gutxienez ahalbidetuko duena (baina eztabaidak behar duen dimentsio osoan kontuan hartu ez duena). Nafarroan, askoz aurreratuago dabiltza eta, gai honetan eskumen esklusiboa izanik, legea parlamentuan eztabaidatzen ari dira, eta dena onbidean, maiatz alderako aldaketaren indarrek oso lege aurrerakoi eta eredugarria aterako dute aurrera.

Ezkerrean, beraz, bi dira erronka nagusiak:  bata, zerbitzu publikoak modu publikoan ematearen aukera egin behar den, gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatuz eta publiko direnak mantenduz, eta zerbitzu horiek enpresa pribatuen bitartez ematen direnean nola bermatu behar den enpresa horiek zerbitzu publiko horiek kalitatez emango dituztela eta beren langileek baldintza sozial eta laboral duinak izango dituztela. Honetaz gain, eta erabat loturik, nire ustez,  badira guztiz heldu behar diren ezinbesteko bi eztabaida: bat, zerbitzu publikoak modu zuzenean ematea hautatu edo ez, administrazioaren eraginkortasun eta kostuei begirako eztabaida zintzo baten beharra dagoela, eta bi, korrupzioa kontratazio publikoaren elementu ahulena dela eta hau desagerrarazteko neurri integralen inguruko posizio politikoa finkatu behar dela.

Finean sektore publiko indartsu bat nahi badugu, zerbitzu publiko oinarrizko eta iraunkorrak modu zuzenean eskaintzearen aldeko apustu garbia egin behar da. Halere, administrazio publikoa osatzen duen gorputz guzti horrek gaur egun ez dituen ezaugarri batzuk behar dituelakoan nago. Administrazio publiko malguagoa, mugikortasun handiagokoa eta efizienteagoa behar da, ez baitu 2018an 1995ean ezarritako administrazio batek balio. Zentzu horretan, ezkerrak dituen totem historiko batzuk mugitu behar dituela deritzot eta gogoeta partekatu zintzo baten beharra dago, politikoki zuzena den diskurtso erosotik atera eta arduraz hitz egingo duen diskurtso batera pasatuz. Langile publikoen eskubideen defentsa eta zerbitzu publikoen asebetetzea uztartuz. Zentzu horretan uste dut sindikalismoak bereziki baduela zer hausnartu.

Zuzenean ematen ez diren zerbitzuetarako dago sektore publikoaren kontratazio legea. Lege hau, Nafarroan izan ezik, estatuaren eskumen esklusiboa da eta administrazio publikoaren kontzepzio guztiz neoliberala du. Administrazioak zuzenean bere baliabideekin eman ezin ditzakeen edo ez ematea erabaki duen zerbitzu horietan administrazioak nola jardun behar duen arautzen du. Nola eta nor kontratatu behar den eta zeintzuk diren baldintzak. Zentzu honetan, lehiakortasun askearen printzipioak gainontzeko printzipioak irensten ditu, prezio baxuenak sarituz beste irizpideen gainetik. Honek zer ekar dezake? Zerbitzu publikoaren kalitatea jaistea lehenbizi. Esleipen askotan enpresek ezin dute proposatutako prezioan kontratua burutu eta azkenean administrazioari xantaia egiten diote; honek orduan izugarrizko gainkostuak ordaindu behar ditu horiek mugatuak egon arren. Bigarrenik, eta garrantzia berarekin, zerbitzua eskaintzen duen pertsonalaren lan baldintzen prekarizazio erabatekoa. Beraz, praktikan administrazioak lan baldintza duinak dituzten funtzionario eta langile publikoen bidezko zerbitzuak eta prekarizatuta dauden langileen bidezko zerbitzuak eman ditzake aldi berean, administrazio paralelo prekario eta ahul bat egituratuz.

Kontratazio legeak gainera hori ahalbidetzen du. Europaren obsesioa, eta baita Espainiarena ere, lehiakortasun askea da, pertsonen gainetik eta euren duintasunaren gainetik egiten dena. Zentzu horretan, herri honek bere administrazioa antolatzeko horrelako marko konpetentzial bat izatea drama bat da eta estatu propio baten premia areagotzen du. Hau honela izanik ere, hautu politiko bat da legeari jarraitu edota administrazioak arduraz jokatuko duen berarentzat lan egiten duten enpresetan lan baldintza egokiak eta eskubide sozialak bermatu daitezen. Bizkaian zahar egoitzetako langileekin Bizkaiko diputazioak izan zuen jarrera lotsagarria da lehenaren adibide, kostuak pertsonen duintasunaren gainetik jaitsi nahi dituen administrazio itsuarena, guztion diruarekin zer gertatzen den axola ez zaiona eta enpresen diru mozkinak ziurtatzearekin konplize dena.  Gipuzkoako Foru Aldundian Euskal Herria Bildu buru zegoenean kontrako adibideak aurkituko ditugu: Gipuzkoako zaharren egoitzen gatazkan izandako jarrera interbentzionista, sindikatu eta patronalaren arteko elkarrizketetan arduraz jokatuz, edota obra publikoan langileen lan baldintzak eta sektoreko hitzarmena bermatzeko aurrera ateratako foru araua, zeinak administrazioari lan baldintzak ez betetzeagatik enpresak zigortzeko ahalmena esleitzen dion, innobazio juridiko ariketa eginez. Batean EAEko fiskaltza eta bestean espainiar Gobernuko delegatu Urkixo eta Lehiaren Euskal Kontseilua izan zituen oztopatzaile foru gobernuak. Baina bietan aurrera egin zen. Kolore bereko udal gobernuetan ere badira erantzukizunez jokatzen duen administrazioaren adibideak, Oñatin egindako kale garbiketa zerbitzuen publifikazioa esaterako. Badago herri honetako ezkerrarentzat norabide garbi bat eta zer egin franko.

Buscar