Unai Belaustegi
UPV/EHUko irakaslea

Selektibitatea 2018: foruak eta euskara

Nire galdera da: Osasungintzarekin erlazionatutako lan bat lortu nahi duten pertsona helduak eta errepidera (!) autoarekin atera nahi dutenak azterketetara, gure ikasleak baino okerrago prestatuta aurkezten dira? Denon osasunerako, pentsatu nahi dut Selektibitateko azterketa errazagoa dela. Konparaketari indar gehiago eman nahian, nire esperientzia partekatu nahiko nuke, bi aspektu nabarmenduz: edukiak eta euskara.

Unibertsitatera Sartzeko Probaren edo Selektibitatearen harira urtero, zarata handia sortzen da. Aurten adibidez, azterketa bat dela eta, 8.000 sinadura inguru bildu dituztela entzun dut. Ikasleek protesta egitea gizartea eraldatzeko indar bezala, beharrezkoa ikusten dudala esanez, irakasle bezala, selektibitateari buruzko bi gogoeta-ondorio plazaratzea gustatuko litzaidake: Bat, selektibitatea gainditzea oso erraza da. Eta bi: Euskal gizartearen etorkizunak kezkatzen nau.

Selektibitatea gainditzen duten ikasleen kopurua, %90etik gorakoa da. Estatistikei kasu eginez, proba oso erraza dela ondorioztatu daiteke. Norbaitek pentsatuko balu ikasleak azterketara oso ondo prestatuta aurkezten direla, hona bi konparaketa, adibide gisa. 2017an, Estatu mailan gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa lehendabizikoan adibidez, %40ak gainditu zuen; azterketa praktikoa lehendabizikoan, %20ak bakarrik. 2018an, polemikak polemika, Osakidetzako azken oposaketetara aurkeztu direnen %73ak azterketa gainditzea lortu du.

Nire galdera da: Osasungintzarekin erlazionatutako lan bat lortu nahi duten pertsona helduak eta errepidera (!) autoarekin atera nahi dutenak azterketetara, gure ikasleak baino okerrago prestatuta aurkezten dira? Denon osasunerako, pentsatu nahi dut Selektibitateko azterketa errazagoa dela. Konparaketari indar gehiago eman nahian, nire esperientzia partekatu nahiko nuke, bi aspektu nabarmenduz: edukiak eta euskara.

Guztira historiako 83 azterketa zuzendu ditut eta horietatik 75 ikaslek gainditu egin dute (%90’4). Azterketa gainditu duten ikasle askok (erdiak?), historiari buruz gutxi dakite eta oso gaizki idazten dute. Alde batetik, azterketa eredua bera egokiena ez dela uste dut. Bestetik, ikasle hauek historia eta euskara ez dituztela bizi esatera ausartzen naiz. Euskaldunon historia arrotza zaie, eta euskara gero eta arrotzagoa.

Adibideak ematearren. Azterketa gainditzea lortu duen ikasle batek baino gehiagok, halako erantzunak bota ditu (kakotxen artean dauden esaldiak filtrorik gabe azterketetatik jaso dira zuzenean). Frankismoari buruz, «garai horretan gizartea askeagoa eta pentsamendu irekiagoa zeukan»; «eskoletan maisu eta pluralismo gehiago egon zen»; «Eliza Frankoren aurka jarri zen»; «Prentsa Legea: komunikabideak hobetu ziren eta zentsura leundu egin zen». Esaldi hauetan adibidez, gutxienez diktaduraren «leuntze» argi bat dagoela ondorioztatu daiteke.

Bada ordea larriagoa iruditu zaidan beste gai bat: foruak. Zuzendu ditudan 83 azterketatik 63tan Foruen Abolizioaren Legeari (1876) buruzko iruzkina egin dute (%76). 63 azterketa horietatik 16 azterketetan, zuzenean irakurri dut foruak «pribilegioak» izan zirela, «erregeek emandako pribilegioak». Horrez gain, 20 ikasle gehiagok, ez dute pribilegio hitza zuzenean erabili, baina erregeek emandakoak zirela aipatu dute, «gainontzeko espainiarrek ez zituzten lege bereziak zirela» edota Espainian euskaldunek zituzten «salbuespenak» zirela. Foruen Abolizioaren Legeak, «espainiako herritarren arteko berezitasuna ezabatu» nahi zuela ere irakurri dut, edota «pribilegio baten deuseztapena» zela argitu nahi izan dute ikasleek. Urte gutxitan Foruak, erregeek zin egiten zien «libertades y derechos de los vascos [históricos y anteriores a los monarcas españoles]» izatetik, «privilegios» izatera pasa dira. 

Erantzun hauek espainiar zentralismotik emandako erantzunak dira. Espainiar guztiok berdinak bagara, logikak dio ezin dela «pribilegiodun» espainiarrik egon eta beraz, «pribilegio» horiek ezabatu egin behar direla. Ados, erantzuna zuzentzat hartu daiteke. Gertatzen dena da, ikasle hauek ez diotela euren buruei inoiz galdetu ea lurralde hauek noiztik eta zergatik zituzten euren lege propioak eta gero, iruzkin kritiko bat egin behar izan dutela. Gure lehendakaria «Foru Nazioa»-ren ideia bultzatzen saiatzen ari den bitartean, gutxienez etorkizuneko hiritarren herenak, nazio nortasun hori pribilegioetan oinarritzen dela pentsatuko du. Ba sentitzen dut esatea baina euskalduntasuna jarraitzailerik gabe geratzen ari da eta laster, Estatuko ikuspegi zentralistarekin identifikatzen direnak gehiago izango dira, euskal nazionalismo historikoarekin identifikatzen direnak baino.

Euskarari dagokionean, egoerak beldurtu egin nau. Zuzendu ditudan 83 azterketatik 74 euskaraz idatzita egon dira (%89). Hauetatik gehienek, ez dute euskaraz ondo idatzi: «euskal herria», «halegia», «asterketa», «eusko jaularitza», «espainiako»… Azterketaren urduritasunei errua bota eta halakoak kontutan hartzen ez baditugu ere, beste datu bat oraindik eta larriagoa da: azterketa euskaraz egin duten 74 horietatik 26 ikaslek ez dute ergatiboa ondo erabiltzen (%35). Ikasketak euskaraz burutzen dituzten ikasleen herenak baino gehiagok, ez du ergatiboa menperatzen. Norbaitek esango du datuok salbuespenak direla, ez dela horrenbesterako. Nire ustetan, datu horrek adierazten duena baino gehiago dira euskara menperatzen ez duten euskaldunak, besteak beste, unibertsitatera etortzen diren ikasleen artean errepikatzen delako: ia erdira ere iristen da ikasturte batzuetan. Eta gehiago esango dizuet: selektibitateko azterketen aurretik eta ondoren, ikasleen ehuneko ehunak (%100), gazteleraz hitz egin zuen.

Laburbilduz. Bat: Gazteek eta ikasleek, protesta egiten jarraitu behar dute. Bi: Selektibitateko azterketa (oso!) erreza da, gainditzen dutenen zati handi batek ez baititu baldintza minimoak betetzen (ez edukian ezta idazkeran ere). Hiru: EAEko hiritarren gutxienez herenak bere historia ahaztuko du laster, euskaldunok espainiar pribilegiatuak garela pentsatzen baitu. Eta lau: euskara galdu egingo da, gutxienez herenak ez baitu ondo mintzatzen eta ia guztiek ez baitute kalean erabili ere egiten.

Egoera honen aurrean irakasleoi errua botatzea ez da soluzioa. Soluzioa, soluziorik bilatu behar bazaio behintzat, gizarteak berak hartu behar du, «Nazio Foral»-a defendatzen dutenengandik hasita. Orain arte hartu diren erabakiek emaitza kaxkarrak lortu dituztela argi geratzen ari da. Lazkao Txikik aspaldi bota zuen, euskararen alde egin daitekeen gauzarik onena, «erabiltzea» (edo bizitzea) dela. Baieztapenak, euskarentzat eta historiarentzat balio du.

Buscar