Joseba Garmendia
Ekonomialaria

Sindikalismoa industria-politikan

Ikuspegi arduratsu eta adimentsu batetik, enpresa barruko lan-harremanen berezko tentsioek, ekipamenduko eta modernizaziorako inbertsioez gain, antolaketa- eta kudeaketa-hobekuntzak bultzatzen dituzte ekoizpen-, merkataritza- eta finantza-prozesuetan.

Sindikatuei buruzko azterketetan ez dira kontuan hartzen betetzen dituzten eginkizun sozial eta ekonomiko guztiak. Sindikatuen funtsa, sarri, langileen eskubideen eta interesen defentsari eta lan baldintzen hobekuntzari mugatu izan zaie. Sindikalismoak, ordea, baditu bestelako adarkadurak ere, gure ingurunean agertzen direnak. Horietako bat industria-politikan duten eragina eta esku-hartzea litzateke, izan modu jakitunean edo ez. Ez naiz ari esparru horretan egin ditzaketen hausnarketez eta luzatu ditzaketen proposamenez, zerga-politikan, osasun arloan, aurrekontu eta gastu publikoan, lurralde-antolaketan, hezkuntza diseinuan, etxebizitza politiketan edo migrazioaren esparruan egin ditzaketenen modukoez. Sindikatuek beraien ekintzaren bitartez industria-politikan eragiten dituzten elementuez eta industria-politikako interbentzio gisa kalifikatu daitezkeen ekimen zehatzez ari naiz.

Ikuspegi orokorretik eta modu induzituan, lan egonkortasunak eta ordainsarien hobekuntzak eragin positiboa dute enpresa eta lurralde mailetan lehiarako abantailak eraikitzean. 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik, froga enpirikoa dago soldata-igoeren eta esportazioen hobekuntzaren arteko korrelazioari buruz, eta ikusi besterik ez dago Europan enpresa-jardueraren adierazle onenak zein herrialdek dituzten eta haien soldata-mailak zein diren. Lurralde baten eta bertako enpresen kokapen estrategikoa baldintzatzen duten faktoreak ugariak izan arren, badago harreman bat, egitura produktiboaren eta soldata harremanen artean atzeraelikatzen dena. Izan ere, lehia-abantailak sortzeko orduan, soldata-murrizketaren eta lan intentsitatea areagotzearen norabideko estrategiak baliatzea zentzugabea da epe luzera, ezin baitira denboran eutsi, eta eduki teknologiko gutxiko segmentuetan ez dute ibilbiderik herrialde periferikoen lehiaren aurrean. Gainera, industria-plan aurreratuetan eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-planetan jasotzen den literaturarekin talka egiten dute. Lan sindikalak, beraz, bultzatu eta presio egiten du ekoizpen-sarea igaro dadin produktibitate, balio erantsi, eduki teknologiko eta mota guztietako berrikuntza-maila garaiagoetara.

Hala, ikuspegi arduratsu eta adimentsu batetik, enpresa barruko lan-harremanen berezko tentsioek, ekipamenduko eta modernizaziorako inbertsioez gain, antolaketa- eta kudeaketa-hobekuntzak bultzatzen dituzte ekoizpen-, merkataritza- eta finantza-prozesuetan. Lan egonkortasuna langileen gaitasun multifuntzionalak eraikitzeko eta kualifikatzeko oinarria da. Antolaketa eta lan giro egokiak, ordainsari apropos eta bidezkoek, komunikaziorako eta parte hartzeko bide horizontalek eta barne promozioko aukerek, besteak beste, motibazioan eta erantzukizunean laguntzen dute. Hori guztia, motibazio-, kualifikazio- eta antolaketa-dimentsioak alegia, funtsezko elementuak dira enpresaren berrikuntza gaitasunerako. Industria-kudeaketa eta -harremanen inguruan egindako ikerketa ugarien arabera, soldata altuetan eta egonkortasunean oinarritutako pizgarriek eragin nabarmenak dituzte berrikuntzan, produktibitatearen hazkundean eta finantza-errentagarritasunean. Horretaz gain, gure inguruan badira zenbait esperientzia eta proposamen norabide horretan bideratuak, hala nola Arrasateko kooperatiba-esperientzia, NER enpresa-taldea, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Eredua, langileek enpresaren kudeaketan, mozkinetan eta jabetzan parte hartzearen aldeko apustua, Arizmendiarretaren Lagunak elkarteak bultzatua eta indar politiko guztiek babestua bi parlamentu autonomikoetan.

Aldiz, kontratazioa eta kaleratzea erraztera eta negoziazio kolektiboan sindikatuen posizioa higatzera bideratutako malgutasun-politikek errotazio-tasa handiak eragiten dituzte langileen artean, soldata-kostuen presioa murrizten dute, eta ahuldu egiten dituzte konfiantza, leialtasuna, lanerako dedikazioa, berariazko prestakuntza, belaunaldien arteko gaitasun-transferentzia, ezagutzak lehiakideengana ihes egiteko oztopoak... Ondorioz, produktuen eta zerbitzuen kalitatean eragin negatiboa izan ohi dute eta ikerketa, garapen eta berrikuntzan sozialki hoberena baino ahalegin txikiagoa egitea eragiten du. Industria-politikek bilatu ohi duten helburuen kontrakoa, hain zuzen ere. Lan sindikala, baina, oztopo zaie enpresariei norabide horretan irristatzeko.

Ikuspegi orokorrarekin jarraituz, baina modu zuzenean eta kontzienteki, industria-politikan eragiten duen bigarren bektorea sindikatuek lurraldean enplegua eta ekoizpen-jarduera mantentzeko egiten duten ahalegina da. Administrazioek eta programa politikoek ekoizpen-sarea mantentzearen garrantzia aldarrikatzen dute, eta industriak ekonomian duen pisua handitzearen alde egiten dute. Baina enpresak hein batean edo osorik eraisteko edo desinbertsioak zein deslokalizazioak egiteko asmo jakin batzuen aurrean, sindikatuak dira erreakzionatzen lehenak, eta ez gutxitan arrakastaz, beren lanpostuak mantentzeagatik ez ezik, industria-jardueraren eta etorkizuneko enpleguen sostenguagatik ere lehiatzen dira. Are gehiago, jarduera uzten denean edo enpresaren bideragarritasunean zailtasunak daudenean ere, sindikatuek edo enpresako langileek kolektiboki berriro irekitzearen edo mantentzearen aldeko apustua egin dute gizarte-ekonomiako formulen bidez, hala nola, lan-sozietateak, kooperatibak edo akziodunen partaidetzak.

Ikuspegi partikularrean, bestalde, sindikatuek ere industria-politikako neurri zehatz gisa har daitezkeen esku-hartzeak egiten dituzte; batez ere, enpresa mailan. Ekintza-multzo horretan sar daitezke, besteak beste, ixteko arriskua dagoenean inbertitzaileak bilatzea; industria-proiektuak eskatzea jardueraren etorkizuna bermatzeko; lanaren aldetiko sakrifizioen aurrean kontrapartida ezberdinak inbertsioen, lan-zorroen birlurralderatzearen edo azpikontratazioaren mugen inguruan; hitzarmen kolektiboetan enplegua mantendu edo egonkortzeko klausulak edo errelebo kontratuak sartzea; produkzio jarduera deslokalizatzeari galga; enplegu planen negoziazioa; behin-behineko langileentzako lan-poltsak... Horretan guztian sakonduko dugu artikuluaren bigarren zati batean.

Buscar