Sorginkeriaren jazarpena Nafarroa «librean»
Joan den abenduan Asisko Urmenetaren Sorgina, banaiz! dokumentalaren proiekzio batean izan nintzen Durangoko Azokan. Dokumentala ixten duen kartelaren arabera, Gaztelaren konkistaren ondoren, 1527 eta 1620 artean Pirinioen iparraldean «libre» mantendu zen Nafarroan ez zen sorgin ehizarik egon. Sentitzen dut kartela hitzez hitz ezin errepikatzea; hala ere, hau ez da Asisko Urmenetak antzeko zerbait esaten duen lehen aldia. Interneten ikusgai dagoen 2025eko irailaren 15eko bideo batean dioenez, «subirau irauten duen eskualdean, oraingo Nafarroa Beherean, ez da kasu bakar bat ere ematen. [... ] ez dago ulertzen ahal sorgin-ehiza Euskal Herrian okupazio logikatik kanpo» (https://www. youtube.com/watch? v=NhufTRidZfo). Hona hemen gakoa: konkistatu gabeko zonaldean ustez kasurik ez egotea sorginkeria-prozesuak eta erresumaren konkista lotzen dituen hipotesia azaltzeko edo indartzeko argudioa da. Ez naiz hemen jarriko interpretazio horren balizko arazoak eztabaidatzen, batez ere Nafarroako XVI. mendea sakonki aztertu ez dudan testuinguru bat delako. Hala ere, hipotesi horrek 1512tik aurrera Nafarroan egondako sorgin ehizen ezaugarrietako batzuk azaltzeko duen balioa inoiz frogatzerik badu, ez luke hori egin behar dokumentu-erregistroaren isiltasunean oinarrituta; izan ere, hutsune horietara jotzea berez problematikoa izateaz gain, kasu honetan isiltasuna ez da erabatekoa ere, François Bordes historialariaren liburu batek jada 1999an erakusten zuen bezala, hain zuzen Brujos y brujas. Procesos de brujería en Gascuña y en el País Vasco (Ediciones Jaguar, 2006 eta Éditions Privat, 1999, jatorrizko frantsesezko ediziorako).
Egia da ez dela, dirudienez, prozesu-aktarik gorde, baina horrek ez du esan nahi lurralde horretan epaiketarik edo jazarpenik egon ez zenik, ezta aktak (hain ugariak konkistatutako Nafarroan, egia) gure ezagutza-iturri bakarra izan behar direnik ere. Adibidez, Bordesek Grace de Gracideren kasua aipatzen du, 1584an Baionan iraintze, sorginkeria eta igarkizunengatik erbestera kondenatutakoa, gaineratuz: «kasuaren instrukzioak jakinarazten digu Nafarroa Beherean jada jipoitua izan zela sorginkeriagatik salatua» (70. or)... Antzeko beste ohar batek honako hau adierazten du: «1613an, bost neska arbuiatuak izan ziren Baionan: sorginkeria egotzita, Saint-Palaisen [Nafarroa Beherea] flagelatu berri zituzten krimen horrengatik» (124. or)... Prozesu horietako batzuen iraupen handiari buruz badakigu «1576an, Marie de Laboyriek eta Nabarrine de Tisnerotek zigor-arloko epaitegiari errekurtsoa aurkeztu ziotela, Escosko [Nafarroa Beherea] espetxean bederatzi hilabete zeramatzatelako «kalumniazko sorginkeria-asmoa» egotzita, akusatzaileek eurek atzera egin zutenean ere» (75. or)... Era berean, torturaren erabileraz hitz egiten digu 1588ko azaroan «Bordeleko hamabi libera ordaindu zitzaizkiela «Labastide-Clairenceko [Nafarroa Beherea] bi torturatzaileri, Bunuseko [Nafarroa Beherea] Jeanne de Pagadle sorginkeriaz akusatutako presoa bi egunez torturatzera joan zitezen» » (75. or)... Eta kasuak isolatuak ez zirela suposatzen dugu 1594ko abuztuan Biarnoko estatuek ikerketak agindu zituztelako, eta «hilabete geroago, Nafarroa Behereko diputatuak behin eta berriz tematu zirenez, Armadako ordezkari nagusiak, Saint-Palaiseko Estatuen buru zela, jendeari aukera eman [bait] zion herri bakoitzean bi gizon aukeratzeko sorginkeria-krimenak ikertu eta akusatuak jazar zitzaten, nahiz eta ab l» adjunction de las gens deu Rey (Erregearen soldaduen laguntzarekin)» (74. or)...
Informazio hauen argitan, ukaezina da 1527 ondorengo Nafarroa «librean» ustezko sorginkeria jazarri zela eta prozesu judizialak izan zirela, nahiz eta horien aktak ez diren gorde edo ez diren oraindik aurkitu. Egia da goian aipatutako iturrietako batek ere ez duela aipatzen heriotza-zigorrik edo sutzarrik; hala ere, dokumentu-isiltasun berri bati eutsi aurretik eta XVI. eta XVII. mendeetan eskualde subiranoan eman zirenik baztertu baino lehen, kontuan hartu behar da, alde batetik, goikoak zeharkako iturriak edo zigorraren aurreko prozesu-faseei buruzkoak direla, eta bestetik, Nafarroa Beherean XIV. eta XV. mendeetan jada sorginkeriagatik sutzarretara kondenatutako hainbat emakume egon zirela (20-22. or). eta, era berean, badakigula praktika horrek indarrean jarraitu zuela XVI. mendean zehar ondoko Biarnoko Bizkonderrian (Nafarroa subiranoko errege berberek gobernatua), 1520ko eta 1590eko hamarkadetan dokumentaturiko exekuzioekin (76-78. eta 87. or)...
Uste dut Asisko Urmenetak ez zuela François Bordesen liburua ezagutzen; eta ausardiak gainerakoa egin zuela. Hala ere, jada 1904an Vicente Blasco Ibáñezek «eliza ahalguztidunak, Historian hutsunea sortuz, intolerantzia erlijiosoaren biktimak bigarren aldiz hil zituela» salatzen bazuen, gaur egun, hainbat ikerketa hutsune hori murrizten saiatzen direnean, ideologiak hirugarrenez hil ez ditzan ahalegindu beharko genuke.
Artikulu hau Mapas del tesoro. Brujas, herejes y otras musas (El Gallo de Oro, 2026) liburuan argitaratutako testu baten itzulpen laburtua da.