Larraitz Ugarte
Abokatua

Soria eta korrupzioaren noria

Asteko kronika politikoak bi izen propio utzi dizkigu. Arnaldo Otegiren aurreikusitako inhabilitazioak eragindako pozaz gain, Munduko Bankuko zuzendari exekutibo izateko Soria ministro ohiaren  izendapenak eragindako polemika eta haserrea izan dira hizpide Madril aldean.

“Panamako paperekin” lotutako gizona enpatxurik gabe Washingtona bidali eta Munduko Bankuaren lerroetan jarri nahi izan dute batzuek. Izendatu eta defendatu ondoren alderdiko barne presioek soilik eragin dute funtzioetan dagoen Espainiako Gobernuak atzera egitera. Etikaren arrastorik ez, legezkoa omen den erabakian.

Era honetako albisteak jakiten ditugunean, independentistoi, Espainiatik lehenbailehen alde egiteko gogoak areagotzeaz gain, inpunitatearen eztabaida eta batik bat galera elektoralen afera jartzen zaizkigu mahai gainean. Ekaineko hauteskundeek argi erakusten dute Espainian korrupzioak eta oro har gobernugintzan zintzo eta garbi ez aritzeak ez duela boz kopuruan beharko lukeen adinako higadurarik eragiten. Horregatik eta agian denek dituztelako garbitu beharko liratekeen trapuak euren etxe barruetan, oposizioak antzeztutako haserre epela edo, hobe esan, txepela nagusi, beharko lukeen tinkotasun eta seriotasunaren ordez.

Espainiar jendartea ere haserre bai, baina anestesiatuta dagoela dirudi. Eta hori hiru arrazoi sinplerengatik izan daiteke soilik: a) erabat zabalduta dago «denek egiten dute» teoria; b) ekidin ezin daitekeen gaitza da (gaixotasun kongenitoa); eta c) herritar askori berdin zaie autoritate publikoek «zerbait» hartzea, «niri segurtasuna ematen didaten bitartean». Izan ere, Barcenas, Rato, Gürtel eta udazkenean etorriko diren besteek ez diote jendeari in dubio pro reo-rako marjinarik uzten. Estamentu legegile, juridiko, gubernatibo eta sozialean zabaltzen den egiturazko korrupzioaz hitz egin dezakegu beraz. Eta tolerantzia handia da… Espainian. Izan ere, oso ezberdinak dira bai estatu bakoitzean korrupzioarekiko dagoen pertzepzioa bai kultura bera.

Korrupzioaren aurkako borrokan ari den Transparency International mundu mailako gobernuz kanpoko erakundeak 1995etik urtero txosten bat argitaratu ohi du korrupzioaren aurrean dagoen pertzepzioa neurtzen duena indikatzaile ezberdinen bitartez. 2015eko txostenean dio aztertu dituzten 168 herrialdeetan korrupzioa orokortua dagoen fenomenoa dela, baina badirela itxaropenerako zantzuak euren pertzepzio indizea hobetu duten herrialdeak gehiago direlako okertu dutenak baino. Arrazoiak jendarte zibilaren kontzientziazioan eta borrokan jartzen ditu.

Puntuazio onenak dituzten herrialdeetan hauek dira ezaugarri komunak: prentsa askatasuna, aurrekontu publikoen gaineko informazio zabala diru-bilketa nola egiten den eta gastu politika ondo adieraziz, kargu publikoen integritate maila altua, eta aberats eta behartsuen artean ezberdintzen ez duen justizia sistema, gobernuekiko guztiz independentea dena. Lehen bost postuetan sorpresa gutxi: Danimarka, Finlandia, Suedia, Zeelanda Berria eta Norvegia daude hurrenez hurren. 0 (korrupzio maila altua) eta 100 (korrupzio maila baxua) puntuazioen artean, guztiak 87 puntutik gora. Uruguaiko kasua ere nabarmendu nahi nuke, Frente Amplio frontearen gobernuaren kudeaketa 21. postuan baitago 74 punturekin, hau da, korrupzio pertzepzio maila baxuarekin.

Frantses Estatua atzetik du puntuazio nahiko duin batekin (70 puntu), 23. postuan. Espainiar Estatua, berriz, 36. postuan dago, Europako azkenengotan, 58 puntu eskasekin. Azken zortzi urteotan, gainera, pertzepzio indize honetan puntuazioa jaisten ari da, eskandalu gehiago eman delako argitara eta batik bat ez dagoelako inolako borondaterik korrupzioarekin amaitzeko. Inaktibitatea eta tinkotasun eza Espainian, korrupzioa diskurtso parlamentarioetan arerioa ahultzeko erabiltzen den betegarri sinpatiko/erasokor bat baino ez den latitudean.

Honen aurrean Nafarroan aldaketaren indarrek ezarri duten bide orriak oso interesgarria dirudi. Batetik CAN aferan parlamentuan beste komisio bat egitearen ekimena, epaitegiek egin ez duten ibilbidea egiteko ausardia eta borondate politikoa erakutsiz. Bestetik, oro har alfonbrak astintzeko egindako adierazpenak. Azkenik, arlo instituzionalean proposatutako neurriak.

Korrupzioarekin amaitzeko neurri eta mekanismo sendoak behar dira, botereguneen eskuetatik at egongo direnak. Batetik, legeria zorrotza behar da delitu mota honen larritasuna Zigor Kodean islatuz: korrupzio zantzuen aurrean berehalako neurri kautelarrak ezarri, zigor eredugarriak arautu eta zigorrak exekutatzea bermatu behar da guztion diru edo baliabideen erabilera okerra egin duten guztien aurka, izan norberaren aberastasunerako, izan alderdien finantziaziorako. Justizia sistema independente bat, epaile inpartzial eta erostezinekin eta fiskaltza indartsu batekin. Indartsu diodanean baliabideez ari naiz, ikertzeko eta ikerketa horiek azken muturreraino eramateko talde sendoa eta espezializatua izanik –EAEn oraindik ez dago gai hauetaz ideia minimorik duen fiskalik; adierazgarria, ezta?–.

Kontrol parlamentarioa. Nafarroan egin nahi duten modura, parlamentuak kontrol politikorako eskumen eta bitartekoak izateak berebiziko garrantzia hartzen du, guztioi eragiten diguten gaiez ari garen honetan gardentasuna eta publikotasuna oinarrizkoak direlako.

Hedabideen autonomia eta adierazpen askatasuna bermatu behar dituen legeri eta praxia. Zentzu horretan hedabide publikoen gaineko eztabaida herri honek urgentziaz egin behar du, eta hedabideen finantziazio sistemaz ere gogoeta bat egitea proposatzen dut, korrupzioaren aurkako borrokan berebiziko garrantzia hartzen duelako aspektu honek.

Entitate eta enpresa pribatuekin ere lan handia dago egiteko, administrazioarekin eta politikariekin kontratatzen dutenak, diru laguntzak jaso edo harreman komertzialak dituztenak dirua jartzen duten horiekin. Zigorraren eremuan eta pedagogiarenean neurriak hartu behar dira eta inpunitate espazioak desagerrarazi. Gobernu estiloetatik hasi, sektore publikoaren kontratazio legeak eta diru laguntzen ingurukoak berraztertu, eta egon daitezkeen korrupziorako zirrikituak ezabatu. Ez gaitezen engaina: hainbat neurri hartzeko subiranotasuna falta zaigu kasu honetan ere. Baina beti dago bideren bat.

Azkenik, korrupzioaren aurkako borrokan tolerantea izango ez den jendartea lortu behar da. Espainian ez bezala Euskal Herrian badago masa kritiko nahikoa, era honetako jokaeren aurreko tolerantzia txikiagoa. Baina zoritxarrez hemen ere spanish influence gehiegi dago. Lan handia dago egiteko euskal jendartean.

Datozen irailaren 25eko hauteskundeetan eta datozen urteetan arlo honetan ere pausuak eman behar dira EAEn, ikusitakoak ikusirik, hau ez baita batzuk saldu nahi diguten oasia. Kalkulu politiko elektoralak utzi eta etika politiko soilagatik.

Eta hausnarketa honek aipatu dudan lehen izen propiora narama. Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiari azkenaldian bizpahiru aldiz entzun diot Ciceron aipatuz estatu batek «herri kultu bat, lege justu batzuk eta gobernu zintzo bat behar dituela». Zer gehiago behar dugu eta zer gutxiago merezi? Azkar behar dugu estatu hori eraiki.

Buscar