Koldo Almandoz
GAUR8

Spa zirku(itu)a

Kasik iraungita zegoela jabetu eta aukera hura ezin nuela pasatzen utzi erabaki nuen. Lagunarentzako eta biontzako erreserba egin nuen berehala. Hain modan dauden opari kutxa horietako bati esker, asteburua Ultzamako spa batean igarotzeko plana abian zen. Ultzamako spa hura bi arrazoirengatik aukeratu nuen nagusiki. Batetik, bizilekutik gertu samar zegoenez, nahi izanez gero, etxera itzultzeko aukera zegoelako. Bestetik, opari kutxako liburuxkan, logeletan king-size oheak zituztela ikusi nuelako.

Larunbat arratsalde partean iritsi ginen. Kanpotik, bainuetxe sobietar itxura hartu genion eraikinari. Hutsik zegoela zirudien. Harreran, spa bainuena azaldu ziguten eta segidan logelara abiatu ginen. King-size oheak liburuxkako argazkikoa baino handiagoa zirudien. Berandu samar zenez, berehala bainujantzia, albornoza eta txankletak jantzi eta spa gunera abiatu ginen. Atea ireki bezain pronto jabetu ginen ez geundela bakarrik. Bertan zeuden beste tortolito guztiak. Era eta mota guztietako parejitak, uraren etenik gabeko soinuak, hezetasunak eta lurrunak kutsatutako giro ilunean ezkutatuta.

Kuriosoa da “esparientzia”. Nahitaezkoa den txanotxo erridikulua jantzita, tenperatura ezberdineko ur putzu batetik bestera zabiltzan bitartean, disimuluan, inguruko bikoteei begiratzen diezu, haiek, disimuluan, zu begiratzen zaituzten bitartean. Guztiak gaude burbuila eserlekuetan bikoteka eserita baina bata besteari begiratzerako orduan, suelto. Esango nuke, halakoetan, ur txorrotek adina bustitzen gaituztela fantasia erotikoek.

Spatik atera, king-size ohea estreinatu eta afaltzeko ordua iritsi zen. Janlekuan, disimulurik gabeko begirada disimulatuek jarraitu zuten. Inguruko mahaietan zeuden nobio, matrimonio eta amoranteen bizitzak asmatu genituen zerbitzari errumaniar sinpatikoak platerak atera eta kopak ardoz betetzen zizkigun bitartean.

Kafea ekartzearekin batera, zerbitzariak, opari kutxaren kontura, cava botila bat ere bazegoela esan, eta ea orain ateratzea edo logelara eramatea nahiago ote genuen galdetu zigun.

«Eramaiguzu xanpaina logelara, mesedez».

Horrelako esaldia botatzeko aukera bakanak izaten direnez, cava xanpain bihurtzea merezi zuela erabaki nuen. Anormal eta “nouveau riche” baten itxura eman nuela badakit, baina zerbitzari sinpatikoaren konplizitate keinua jaso zuen nire James Bond poseak. Aitortu behar dut egoera hark bero-bero jarri ninduela. Logelara joateko unea besterik ez nuen ikusten.

Spa kontu guztia, honezkero jabetuko zineten, aitzakia bat besterik ez da. Gorteiatze estrategia bat. Asteburuetako spa-hotel hauek txortan egiteko zentroak dira. Larru-jotze fabrikak. Ziur naiz, gau hartan eraikinari zeharkako mozketa bat egin izan bagenio, bata bestearen alboan, luxuzko untxitegi batean egongo bagina bezala, dozena bat bikote geundekeela king-size oheei su ematen.

Hurrengo goizean, gosaltzerako orduan, elkarren alboan txortan egin dutenen konplizitateagatik edo, jada ez zegoen hainbesteko disimulurik begiradetan. Muturtuta jaiki zen bikotea, gosari ordua amaitzear zela ergel aurpegi zoriontsuarekin azaldu ziren gaztetxoak, kafea hartzera zortzimilako bat egiteko jantzita azaldu zirenak...

Gosaldu ostean maleta egin eta alde egin behar genuenean, harrerako emakumeak oraindik spara joateko aukera genuela esan zigun.

«Eskerrik asko baina ez».

Alde egiteko premia larria genuen. Hil ala biziko kontua zen. Ur beroa, logelara ekarritako xanpaina, king-size oheak eta kolore askotako txoriak kabi berean. Konbinazio oso adiktiboa izan daiteke. Ohartu ginen, behin sartuz gero, spa zirku(itu)tik inoiz ez ateratzeko arriskua handiegia zela.

Buscar